2026(e)ko uztailakren 16(a) 11:00

Bizkaiko Foru Aldundiak Inpaktuko Eragiketa Onenarentzako SpainCap saria jaso du, Koiki ETEan izan duen parte hartzeagatik

Ekonomia Sustatzeko Saila

Epaimahaiak aitortu egin du Seed Capital Bizkaia enpresa-finantzaketako foru-sozietatearen eta FEIS Funtsaren bidez garatutako inpaktuko inbertsio publikoaren eredu aitzindaria, zeinak uztartzen baititu enpresa-bideragarritasuna, enplegu inklusiboaren sorrera eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa

Oscar Ugarte, Amaia Arrizabalaga eta Aitor Ojanguren.

Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpena jaso du, Espainiako Kapital Pribatuaren Sarien 19. edizioan, bere inpaktu sozialeko inbertsio publikoaren eredu aitzindariagatik. Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako foru-sozietate Seed Capital Bizkaiak Inpaktuko Eragiketa Onenaren saria jaso du Madrilen, Ekintzailetza eta Eragin Sozialeko Funtsak (FEIS) Koiki hiri-logistika jasangarriko enpresan parte hartzeagatik. Epaimahaiak enpresa-bideragarritasuna, enplegu inklusiboaren sorrera eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa uztartzen dituen jarduera bat aitortu du. SpainCap, Deloitte eta IESE Business Schoolek antolatutako sariek arrisku-kapitaleko Espainiako industriaren eragiketa garrantzitsuenak saritzen dituzte.

Saria jaso izanak nabarmentzen du Bizkaiko Foru Aldundiak kapital publikoa eraldaketa ekonomiko eta sozialerako tresna gisa erabiltzeko garatu duen estrategiaren balioa. Eredua alderdi hauetan oinarritzen da: potentziala duten enpresei akonpainamendua egitea, haien etapa erabakigarrietan egonkortasuna ematea, emaitza ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak eskatzea eta bazkide berriak eta inbertsio pribatua enpresetan sartzea erraztea.

FEIS Funtsa 2014an sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Seed Capital Bizkaiaren bidez, eta administrazio publiko batek Europan sustatu zuen lehen inpaktuko inbertsio-funtsa bihurtu zen. Haren xedea da ekonomikoki bideragarriak diren eta gainera gizartean edo ingurumenean inpaktu positiboa eta neurgarria sortzen duten enpresa-proiektuak babestea. Fiare Banca Éticaren, Anesvad fundazioaren eta San Prudentzio lan-fundazioaren babesa du; erreferentziazko entitateak  gizarte-eremuan.

Funtsak kapital pazientearen ekarpena konbinatzen du enpresa-akonpainamenduarekin eta lortutako emaitzen etengabeko ebaluazioarekin. Funtsaren helburua, finantzazioa ematea ez ezik, enpresei laguntzea ere bada; hain zuzen, haien negozio-ereduak sendotzen, hazteko gaitasuna indartzen eta baliabide pribatu berriak erakartzen.

Koikiri laguntzea 2016tik

Koikin eginiko inbertsioa jarduera-eredu horren erakusgarri da. FEIS funtsa 2016an hasi zen akonpainamendua egiten Koiki sozietateari, proiektuak gizarte- eta ingurumen-bokazio argia zuen hasierako etapa batean; etapa horretan, baina, sozietateak kapitala, egonkortasuna eta konfiantza behar zituen bere jarduera sendotzeko.

Urte horretan, Seed Capital Bizkaiak kudeatutako funtsa kapital-erronda baten buru izan zen, non inpaktuko inbertsioan espezializatutako hainbat entitatek parte hartu baitzuten. Ekarpen publikoak aukera eman zuen proiektuaren bideragarritasuna indartzeko eta azken miliako hiri-logistika eraldatzera bideratutako enpresa-eredu baten garapenean aurrera egiteko.

FEISen babesak garrantzi berezia hartu zuen 2019an, hasierako funtsetako batzuek akziodunak bertan behera utzi zituztenean. Seed Capital Bizkaiak bere partaidetzari eustea eta konpainiari egonkortasuna ematea erabaki zuen trantsizio- eta hazkunde-fase erabakigarri batean. Foru-funtsak aurrera jarraitzea lagungarria izan zen gero bazkide estrategiko berriak enpresan sartzeko, besteak beste, Repsol Impacto Social eta SEUR-Grupo Geopost. Hala, eragiketak erakutsi du zelako gaitasuna duen kapital publikoak arriskuak bere gain hartzeko, enpresa-eredu berriei sinesgarritasuna emateko eta inbertsio pribatuaren katalizatzaile gisa jarduteko.

Koiki, hiri-logistika jasangarria eta enplegu inklusiboa

Koikik azken miliako hiri-logistikako eredu bat garatzen du, hurbileko mikrozentroen sare batean oinarritzen dena. Espazio horietatik oinez, bizikletaz edo ibilgailu elektrikoen bidez egiten dira banaketak; ondorioz, hiri barruko ohiko ibilgailuen joan-etorriak murrizten dira. Konpainiak hiri-banaketa efizienteagoa eta jasangarriagoa egin nahi du, eta auto-ilarak, zarata eta isuri kutsatzaileak murriztu. Gainera, gizarte-erakundeekin lankidetzan jarduten du, eta lan-aukerak sortzen ditu desgaitasun intelektuala edo osasun mentaleko gaitzak dituzten edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat.

2025ean, Koikik 3,2 milioi euroko fakturaziora eduki zuen, aurreko ekitaldian baino % 10 gehiago, eta 12 autonomia-erkidegotako 48 zentro aktiborekin aritu zen lanean. Haren sarearen % 85 kolektibo kalteberetako pertsonei lotuta egon zen. Konpainiaren jarduerak aukera eman zuen, gainera, 2025ean 624 tona CO2 ez isurtzeko; hala, banatutako pakete bakoitzeko 0,43 kilogramo CO2 aurreztu zuten.

SpainCap-ek nabarmendu du sari horiek islatzen dutela Venture Capital eta Private Equity entitateek ETEen dinamizazioan, salmenten eta enpleguaren hazkundean, nazioartekotzean eta enpresa-sarearen berrikuntzan egiten duten ekarpena.