2025(e)ko ekainakren 12(a) 16:50

Bizkaiko Foru aldundiak hondakinen sorrera prebenitzeko ekimen onenaren Europako saria irabazi du, «Bizkaia Repara» proiektuarekin

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Foru-erakundearen proiektuak Europako lehen saria irabazi du, hondakinak murrizteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dakarren berrikuntzagatik. 12.700 ekimen baino gehiagoren artean hautatua, gizartean eta ingurumenean duen inpaktuagatik nabarmendu da. Saria gaur jaso da, Herbeheretako Leeuwarden herrian. Hala, Bizkaiak iraunkortasunean eta kontsumo arduratsuan duen lidergoa sendotu du Europan.

Bizkaiko Foru Aldundiak administrazio publikoaren kategoriako lehen saria jaso du, Hondakinen Prebentzioaren Europako Asteko (EWWR) sarietan; ekitaldia gaur izan da, Leeuwarden herrian (Herbehereak). Irabazi duen ekimena, «Bizkaia Repara», konponketa sustatzeko eta gizartean hondakinak murrizteko ekintzarik bikainen eta sortzaileen gisa aitortua izan da.

Proiektuak —Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatua- kontsumo jasangarriko eredu bat sustatzen du, tokiko saltokietan produktuak konpontzeko eskaintzen diren deskontu-bonuen bidez, eta, hala, ekonomia zirkularrari eta xahutzearen aurkako borrokari laguntzen zaie. Kanpainari esker, milaka bizkaitarrek beren objektuen bizitza baliagarria luzatu dute —denetariko objektuak: arropa, oinetakoak, etxetresna elektrikoak, altzariak...—; beraz, baliabideak modu arduratsuagoan erabiltzen lagundu da. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu Arantza Atutxak jaso du saria. Aitorpen hau ez da Bizkaiko Foru Aldundiarentzat soilik. Bizkaitar guztientzat ere bada, gogo biziz erantzun baitzuten, botatzea baino konpontzea erabaki baitzuten, eta horrek bigarren edizio bat egitera animatu gaitu, nabarmendu du bere hitzaldian.

Proiektua Europa osoan aurkeztutako 12.700dik gora ekintzaren artean hautatu da, eta gizartean, ekonomian eta ingurumenean duen inpaktuagatik aitortu da, eta, orain, Europako erreferente gisa finkatu da hondakinen sorreraren prebentzioan eta ekonomia zirkularrean.

Sari hau irabazita, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du berrikuntza iraunkorrarekin eta herritarren sentsibilizazioarekin duen konpromisoa, ingurumena bizkiago errespetatuko duen etorkizuna eraikitzeko.