2025(e)ko uztailaren 23(a) 11:30

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazten du parke naturaletan txakurrak lotuta eraman behar direla

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Ingurumeneko zaindariek eta Ertzaintzak dispositiboak dituzte asteburuetan, Gorbeiako eta Urkiolako gune babestuetan eta Bizkaiko beste naturagune babestu batzuetan txakurrak solte eramatea debekatuta dagoela jakinarazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak aktibatuta du informazio-kanpaina bat txakurren jabeei gogorarazteko txakurrak lotuta eraman behar direla uneoro Gorbeiako eta Urkiolako parke naturaletatik dabiltzanean.

Arau hori betetzen dela bermatzeko, foru-erakundeko ingurumeneko zaindariek eta Ertzaintzak koordinatuta dihardute asteburuetan, espazio horietara konpainia-animaliekin joaten direnei informazioa emateko zuzenean.

Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen erabilera publikoa arautzen duten araudiek berariaz debekatzen dute txakurrak solte egotea. Neurri horren helburua da babestutako basafaunari eta bazkatzeko prestatutako eremuetan bazkatzen den aziendari kalterik ez eragitea.

Bi parke horien erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planetan dago jasota debeku hori, eta naturagune babestuaren eremu osoan aplikatu behar da, artaldeak dituzten larre-eremuetan ere. Arau horretatik kanpo geratzen dira artzain-txakurrak, desgaitasuna duten pertsonekin doazen itsu-txakurrak eta baimendutako ehiza-jardueretan erabiltzen direnak.

Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazten du betebehar hori ez betetzeak zehapen ekonomikoak ekar ditzakeela, Natura-ondarea kontserbatzeari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Foru-erakundeak ingurune naturalak kontserbatzen eta lurraldeko erabilera tradizionalak eta arautuak uztartzen laguntzeko sustatzen dituen prebentzio-ekintzen barruan sartzen da kanpaina hau.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp