2026(e)ko otsailakren 05(a) 11:30

Bizkaiko Foru Aldundiak Galiziako Xuntako baso-langileak hartuko ditu basoak kudeatzeko ereduak partekatzeko

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Lan-agendan, mendi publikoetatik eta naturagune babestuetatik egiteko ibilbideak eta basoak kudeatzeko eta aprobetxatzeko proiektuak jasotzen dira

Bizkaiko Foru Aldundiak Galiziako Xuntako baso-langileen ordezkariak -sei profesionalak- hartuko ditu aste honetan, administrazioen arteko truke teknikoaren esparruan, baso-kudeaketa jasangarriko hainbat eredu ezagutzeko eta partekatzeko.

Bisitak jarraipena ematen dio aurretik Galizian egindako topaketari. Bertan, Bizkaiko Baso Zerbitzuko langileek zuzenean ezagutu zuten Xuntak basogintzaren arloan aurrera eramaten duen lan-eredua. Kasu honetan, Bizkaia izango da anfitrioia eta bere esperientzia, antolaketa eta lurraldean egiten dituen jarduerak erakutsiko ditu.

Lan-programa aste honetan izango da, eta bisita teknikoak egingo dira lurralde historikoko baso- eta natura-enklabeetara. Gainera, basoak kudeatzeari, suteak prebenitzeari eta ingurumena leheneratzeari lotutako hainbat zerbitzutako teknikariekin eta arduradunekin egingo dira bilerak.

Programa zabala

Aurreikusitako jardueren artean, nabarmentzekoak dira Basalanek Lezaman eta Enkarterrin kudeatzen dituen mendiak bisitatzea, naturagune babestuetan egingo diren ibilbideak (adibidez, Truzios - Karrantza), eta basoak berritzeko eta aprobetxatzeko lanak zuzenean behatzea. Programak barne hartzen ditu, halaber, baso-suteen zerbitzuaren funtzionamenduari eta zaharberritze-jarduerei buruzko saio teknikoak Zallako suhiltzaile-etxean, baita Bizkaia Prest eta Ebaki proiektuetarako bisitak ere.

Era berean, Galiziako ordezkariek lurraldeko enklabe enblematikoak ezagutuko dituzte, hala nola Gernikako Batzar Etxea, Urdaibai ingurua, Sollube mendia eta Omako basoa, alderdi teknikoa eta Bizkaiko natura- eta kultura-ondarearen ezagutza uztarturik.

Bisita Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuak antolatuko du, Basalanekin eta beste foru-zerbitzu batzuekin koordinaturik, eta horiek guztiak ordezkariekin batera arituko dira lan-jardunaldietan.

Truke horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak erakundeen arteko lankidetza eta lurraldeen arteko ikaskuntza indartzen ditu, eta ezagutza teknikoan, esperientzia partekatuan eta politika publikoen etengabeko hobekuntzan oinarritutako baso-kudeaketa jasangarriaren alde egiten du.