2026(e)ko uztailakren 03(a) 10:30

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gamiz-Fikako Udalak Atxispeko San Pedro baseliza eta ingurua babestu eta haren zabalkundea egingo dute

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Enklabe hori ezagutu, kontserbatu, interpretatu eta zabalkunde publikoa egiteko jarduketa-programa bat bultzatuko da. Atxispeko baseliza Bizkaian kontserbatzen den eta lotutako labar-elementuak dituen Goi Erdi Aroko arkitektura erlijioso bakarra da.

Atxispe

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gamiz-Fikako Udalak erabaki dute Atxispeko San Pedro baseliza eta haren ingurua ikertzeko, babesteko eta zabaltzeko jarduketa-plan bat abian jartzea, ondare-interes handiko enklabea baita.

Plana uda honetan hasiko da, eta 2027an zehar luzatuko da. Honako hauek barne hartuko ditu: arkeologia-lanak, inguruaren ingurumen- eta paisaia-diagnostikoa eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat, Atxispek dituen ondare-, natura- eta kultura-balioak partekatzeko.

Arkeologia-eremuan, programak jarraipena emango dio 2025ean egindako prospekzioari, eta aukera emango du inguruan aurkitutako ebidentzia berriak inbentariatzeko eta karakterizatzeko, besteak beste baselizaren hego-ekialdean dagoen tumulu-egitura eta intereseko beste eremu batzuk.

Era berean, 2016. eta 2017. urteen artean hasitako arkeologia-zundaketak osatuko dira, eta tenpluaren barnealdea aztertuko da, enklabeari buruzko ezagutza handitzeko eta etorkizunean egin beharreko kontserbazio- eta finkatze-jarduketak bideratzeko.

Planak, gainera, arkeologia- eta ingurumen-balorazioaren txosten bat jasoko du, eremuaren diagnostikoarekin eta hobetzeko proposamenekin, betiere ondarearen, paisaiaren eta naturaren ikuspegitik. Azterketa horri esker, baliabide natural nagusiak, lurzoruaren erabilerak, landare-formazioak, intereseko habitatak eta paisaia-unitateak identifikatu ahal izango dira, eta ingurumen-lehengoratzea eta landaredi autoktonoko basoetarako trantsizioa bultzatzeko neurriak planteatu ahal izango dira.

Herritarren parte-hartzea izango da beste lan-ildoetako bat, ingurunearen balioak eta esku hartzeko aukera posibleak partekatzeko eta kontrastatzeko espazioak sortzeko.

Arkeologia- eta paisaia-azterketen ikuspegi bateratuari esker, etorkizuneko jarduketak zehaztu ahal izango dira irizpide zientifikoekin, Atxispeko ingurunearen interpretazio historikoa aberastu ahal izango da, eta bisita daitezkeen espazioak eta elementuak areagotu ahal izango dira, enklabea hobeto ulertzeko.

Sortutako ezagutza zabaltzea ere lehentasunezkoa izango da, eta, horretarako, materiala hainbat euskarritan jasoko da, Atxispe askotariko jendearengana hurbiltzeko.

Ondare-balio handiko enklabea

Atxispeko haitzetako gailur-lerro harritsuak Bizkaiko kultura-ondarearen froga bikainak biltzen ditu.

Aztarna zaharrenak, duela gutxi aurkitutakoak eta oraindik aztertzen ari direnak, Erlapiku izeneko haitzulo artifizial batekoak dira. Bertan, Euskadiko lehen pintura antropomorfiko eskematikoak daude, duela 5.000 urte ingurukoak.

Gaur egun, Erdi Aroko San Pedro baselizaren aurriak dira elementurik agerikoenak. Tenpluaren hormak partzialki harkaitzean induskatuta daude, eta aldi hau hartzen duten eraikuntza-faseak dituzte: garai prerromanikotik –duela mila urte inguru– gotikoaren amaierara arte –duela bostehun urte inguru–. Ez zen auzo- edo kofradia-baseliza izan, tenplu bakartia baizik, garrantzi sinboliko handiko leku batean eraikia, isolatua eta inguru osotik ikusteko modukoa.

1937ko ekainaren 10etik 12ra bitartean, matxinatutako indarrek gogor bonbardatu zuten baseliza, Nafarroako Brigaden eta Burdinazko Gerrikoaren frontearen arteko oztopoetako bat izan baitzen. Izan ere, Burdinazko Gerrikoari gune horretatik egin zioten eraso. Bonbardaketaren ondoren, inoiz ez zuten berreraiki, eta, gaur egun, Gerra Zibilaren lekuko gisa aurri etenean kontserbatuta dagoen eraikin bakanetako bat da.

Atxispeko elementurik berezienetako bat haitzetako bi hilobiak dira, harkaitz bizian eskuz induskatutakoak, ertz arrokatsuaren gainean daudenak. 1.000 urte baino gehiago dituzte, eta Atxispe Haitz Sakratu bihurtu zuten ermitauetako bati egozten zaizkio. Bakarrak dira Bizkaian, eta orain interpretatu eta ezagutzera eman ahal izango dira, orain arte ia ezezagunak izan baitira jendearentzat.

Atxispeko gailur-lerroko arroka-azaleratzeak Goi Kretazeoan sortu ziren, duela 66 eta 100 milioi urte bitartean, eta ziurrenik San Pedro baseliza eraikitzeko harrobi txiki gisa erabili ziren.

Horregatik guztiagatik, Atxispe enklabe berezia da Bizkaiko kultura-ondarearen ezagutzan sakontzeko eta ondare hori babestu, kontserbatu eta zabaltzeko lanean aurrera egiteko.