2026(e)ko uztailakren 08(a) 13:46

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arrakastaz probatu dute larrialdi-zerbitzuen koordinazioa hondartzetako urteko simulakroan

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

La Arena hondartzan (Muskiz) egindako simulakroari esker, uretako erreskate baten eta hareatzako kutsadura-gertakari baten aurrean eman beharreko erantzun bateratua probatu ahal izan da.

Hondartzetako urteko simulakroa

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetako larrialdien urteko simulakroa egin dute gaur goizean La Arena hondartzan, Muskizen, bainu-denboraldian esku hartzen duten zerbitzuen arteko koordinazioa egiaztatzeko eta indartzeko.

Ariketa horrek aukera eman du kostako ingurune batean gerta daitezkeen bi egoeraren aurrean jarduteko eta komunikatzeko protokoloak probatzeko: uretan zailtasunak dituzten bi pertsona erreskatatzea eta hareatzako marea-eremuko kutsadura-gertakari baten aurrean erantzutea.

Simulakroan honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Gurutze Gorriko sorospen-zerbitzuek, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko uretako eta aeronautikako atala, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak –hondartzak garbitzeko eta kontrolatzeko zerbitzuaren eta hondartzainen bidez–, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoak, Osakidetzak, Muskizko Udaltzaingoak eta larrialdiak koordinatzeko SOS Deiak zerbitzuek.

Lehen kasuan, hondoko itsasoak eramandako bi bainulariren erreskatea eta osasun-arreta probatu dira, eta, horretarako, horrelako larrialdietarako aurreikusitako baliabideak mobilizatu dira, eta esku hartzeko taldeen arteko koordinazioa egiaztatu da. Ondoren, bigarren egoera bat aktibatu da, eta harean zikinkeria-orban handi bat detektatu da. Horri esker, hondartzako kutsadura-gertakari baten aurrean jarduteko protokoloa egiaztatu ahal izan da, bai eta garbiketako, sorospeneko eta osasun publikoko zerbitzuen arteko koordinazioa ere.

Hondartzetan segurtasuna indartzeko koordinazioa

Horrelako ariketek aukera ematen dute ezarritako prozeduren funtzionamendua egiaztatzeko, inplikatutako administrazioen arteko koordinazio operatiboa hobetzeko eta hobetu daitezkeen alderdiak detektatzeko, hareatzetara jende gehien joango den aldia heldu baino lehen.

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi nahi du hondartzetako segurtasuna hainbat zerbitzuren arteko lan koordinatuan oinarritzen dela. Zerbitzu horiek batera jarduten dute edozein gorabeheraren aurrean erantzun azkarra eta eraginkorra emateko, eta bermatu egiten dute erabiltzaileei arreta ematea eta itsasertzeko ingurunea babestea.

Simulakro horiek aldizka egitea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartza-denboraldi bakoitzaren hasieran egiten duten prebentzio-lanaren parte da, ziurtatzeko inplikatutako baliabide guztiek benetako larrialdi-egoeretan jarduteko protokoloak ezagutzen eta baliatzen dituztela.


Bideoak


Audioak