2026(e)ko urriaren 29(a) 12:35

Bizkaiko Foru Aldundiak argi berdea eman dio 788,5 milioi euroko finantza-planari, Metro Bilbao modernizatzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila

Proiektuak, % 50ean Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatuta, 37 tren berrituko ditu, seinaleak eta aginte-postua modernizatuko ditu, eta zerbitzuaren edukiera % 12 handituko du 1. eta 2. lineetan

37 tren berrituko dira, seinaleak eta aginte-postua modernizatuko ditu.

Metro Bilbao modernizatzeko proiektuaren finantza-planak (MB 2.0 proiektua) argi berdea jaso du Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren aldetik. 788.498.600 euroko zenbatekoarekin, hauek finantzatzea du helburu: material mugikorraren berrikuntza, seinaleztapen-sistemen eta aginte-postu nagusiaren modernizazioa eta datozen urteetan 1. eta 2. lineetan zerbitzua bermatzeko beharrezkoak diren beste inbertsio batzuk.

Proiektua bi erakundeen artean zati berdinetan finantzatuko da: Aldundiak guztizko kostuaren % 50 hartuko du bere gain, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, gainerako % 50a. Esparru horretan, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak finantza-plan hori behin-behinean onartu zuen irailaren 25ean, eta Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea erabaki zuen, bi administrazioek dagozkien ekarpenak onar zitzaten. Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren akordioarekin, aldundiak prozeduraren bere zatia osatu du; orain, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gauza bera egitea falta da.

MB 2.0 proiektua aparteko jarduera bat da, Bizkaian metropoliko trenbide-sistemaren elementu nagusiak berritzeko. Hiru eremutan egituratzen da:

  1. Tren-unitate berriak. 37 unitate zaharrenen ordez, bost kotxeko trenak jarriko dira, eta horrek edukiera % 12 handitzea ahalbidetuko du. Konboi berriak aluminioz fabrikatuko dira, eta energia-kontsumoa % 20 inguru murriztuko da; inpaktu-zarata, berriz, % 15 eta % 20 artean murriztuko da. Ate zabalagoak izango dituzte (1,60 metro), eta horrek % 25era arte arinduko du sartzea eta ateratzea, eta erabiltzaileei denbora errealeko informazioa emango diete, hala nola okupazio-mailari buruzko informazioa.
  2. CBTC seinalatze-sistemara migratzea. Trenaren kontrol-sistema berriak, zeina komunikazioetan oinarritzen baita, aukera emango luke flota birdimentsionatuz, trenen arteko gutxieneko tartea 150 segundotik 90 segundora murrizteko eskari oso handiko salbuespenezko egoeretan, baina zifra hori ez da zerbitzuaren ohiko maiztasuna izango. Gainera, segurtasun operatiboa eta gorabeheren aurrean emandako erantzuna hobetuko ditu.
  3. Aginte Postu Zentralizatua modernizatzea. Sare osoa denbora errealean kudeatzen duen zentroa eguneratuko da, ustiapen-software berri batekin eta malgutasun operatibo handiagoarekin, hala nola zerbitzu partzialak eta lotura-zerbitzuak ezartzeko gaitasunarekin.

Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp