2025(e)ko urriaren 09(a) 12:55

Bizkaiko Foru Aldundiak 590.000 eurotik gorako dirulaguntzak emango ditu ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak ikus-entzunezkoen sektorea bultzatuko du 591.000 euroko laguntza-lerroarekin, dokumentalak, film laburrak eta film luzeak ekoizteko, eta ikus-entzunezko proiektuen aurreprodukzioko eta sustapeneko gastuak ordaintzeko. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 22an amaituko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, guztira, 591.000 euro bideratuko ditu lurraldeko ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko; horrela, arlo horretarako dirulaguntza guztiak dirulaguntza-lerro bakar batean batuko ditu. Inbertsio horren bidez, foru erakundeak sendotu egiten du Bizkaiko ikus-entzunezkoen sustapenarekin eta kulturarekin duen konpromisoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, ikus-entzunezko proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdiak egin ditu urtero, bi dekreturen bitartez: bata, aurreprodukziokoa eta sustapenekoa, eta, bestea, ekoizpenekoa. Barne gogoeta-prozesu bat eginda, eta, kontuan hartuta azken urteotan dirulaguntza horien kudeaketan hautemandako beharrizanak, egokitzat jotzen da bi dirulaguntza-lerroak deialdi bakar batean bateratzea. Horrela, bi helburu lortzen dira: alde batetik, kudeaketa eraginkorragoa izatea, eta, bestetik, ikus-entzunezko proiektuen garapenari tratamendu globala ematea.

Kultura sustatzea eta herritarrek kultura eskura izatea konpromiso saihestezinak dira administrazio publikoentzat, eta horretarako beharrezkoak diren tresnak ezarri behar dituzte. Jarduketa horiek lekua izan dezaten, ekimen kulturalak sortzea, garatzea eta aurrera joatea sustatzeko eta babesteko neurriak ezarri behar dira.

Jarduera-esparru horretan, kontuan hartuta XXI. mendeko gizartean ikus-entzunezkoek funtsezko zeregina betetzen dutela dibulgaziorako eta gizarte-sentsibilizaziorako tresna gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak urteroko dirulaguntza-lerro honen bidez lagunduko dio sektoreari. Helburu nagusia kultura gure gizartean zabaltzea eta barneratzea da, Bizkaiko kulturaren balioak biztanleriaren sektore handiagoetan hedatzen dituzten ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena bultzatuz, bai gure memoriari lotutako alderdietan, bai sorkuntzazko adierazpide berrietan.

Dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira sozietate anonimoak, erantzukizun mugatuko sozietateak, sozietate kooperatiboak, sozietate zibilak eta interes ekonomikoko elkarteak, bai eta enpresa-jarduerak gauzatzen dituzten pertsona fisikoak ere, betiere eskaerak aurkeztean oinarrietan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 8an hasiko da. Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke (www.ebizkaia.eus).


 

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp