2026(e)ko maiatzakren 08(a) 12:44

Bizkaiko Foru Aldundiak 37 milioi inbertituko ditu AIC-Automotive Intelligence Center handitzeko eta mugikortasun aurreratuko barruti bihurtzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, iragarri du AICren handitzeak AIC Barrutia garatzea ahalbidetuko duela, ia 22.000 metro karratu gehiago eransten dituen mugikortasun aurreratuko espazio berria, berrikuntza-unitate, esperimentazio-zentro eta lankidetza-espazio berriekin.

Aic

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, AIC-Automotive Intelligence Centerren V. Fasea aurkeztu du gaur Amorebieta-Etxanon. Zabalkuntza berri honekin egungo berrikuntza-zentro irekiko eredua Mugikortasun Aurreratuko Barrutirantz, AIC Barrutia, eboluzionatu ahal izango da. Ekimenak 37 milioi euroko inbertsioa eragingo du eta 21.900 metro koadroko azalera gehigarria sartzea ahalbidetuko du AICren egungo instalazioen ondoko eraikin batean. 


Bizkaiko Ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez, “Europako automobilgintzaren sektorea murrizketak egiten ari den honetan, gure erantzuna lehiakorragoak eta berritzaileagoak izatea da. Horretarako da AICren bosgarren fasea”. Zabaltze horrek “erakusten du Bizkaia ez dela kikiltzen ingurunea zailtzen denean. Inbertitu egiten du. Eraiki egiten du. Bere industriaren, bere jendearen eta bere etorkizunaren alde egiten du”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “automobilgintza jada ez da ibilgailutik bakarrik ulertzen; sistema zabalago baterantz ari da eboluzionatzen: mugikortasunerantz”.


Zentroaren etapa berri honek proiektuak sortzeko eta erakartzeko duen arrakastari erantzuten dio, baita Bizkaiko automobilgintzaren eta mugikortasunaren industriarako lankidetza, esperimentazio eta ezagutza transferentziarako espazioak sortzen jarraitzeko beharrari ere. AIC barruti berriak enpresen berrikuntza unitate berriak, esperimentazio zentroak – hala nola smart mobility, data space lab, karga sistema aurreratuak eta ibilgailu astun eta adimendunak – eta lankidetza espazio berriak izango ditu.


Ines Anitua AICko CEOak azaldu duenez, “handitze horri esker, espazio bat ireki ahal izango da, non automobilgintzako eta mugikortasuneko soluzioen hurrengo belaunaldia bultzatzen den, industria, teknologia eta talentua konektatuz. AIC Barrutia izango da berrikuntzak, esperimentazioak eta etorkizunak bat egingo duten puntua”.


AIC Barrutia AICren egungo ereduaren bilakaera gisa pentsatu da eta gaur egungoen osagarri diren lan-esparruak txertatuko ditu etorkizuneko mugikortasunaren funtsezko arloak modu integralean betetzeko eta sei lan-eremu handi indartzeko. 


Mugikortasun aurreratuko sei lan-eremu
Lehenik eta behin, ibilgailu astun elektriko eta adimendunetan aurrera egiteko aukera emango du, orain arte turismoen eta bi gurpileko ibilgailuen inguruan egindako apustua osatuz. 
Bigarrenik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura-ahalmenak indartuko ditu, orain arte garatu diren ibilgailu-barruko lan-ildoei jarraipena emanez eta zabalduz. 
Hirugarren eremua datu-espazioena izango da, bai prozesuei bai produktuei dagokienez. Eremu hau aukera estrategikoa da mugikortasunaren sektorerako, balio-kateko hainbat eragile konektatzen baititu: ibilgailu-fabrikatzaileak, osagai-hornitzaileak, azpiegitura-operadoreak, flota-kudeatzaileak eta administrazio publikoak. 
Laugarren ardatza Software-Defined Vehicle (SDV) izango da; funtsezko esparrua da balioa pixkanaka hardwaretik softwarera eta integrazio digitalera mugitzen ari den egoera honetan. Linea honek soluzio modular eta konektatuetan aurrera egiteko aukera emango du, zerbitzu digitalak, hari gabeko eguneratzeak eta datuetan oinarritutako negozio-eredu berriak gaituz. 
Bosgarren eremua mugikortasuna zerbitzu gisa izango da, garraioa, energia eta hiri-zerbitzuak integratzeko gai diren ekosistema digitalak sortzeko atea irekitzen duena. Seigarren eremua ekonomia zirkularra da, automobilgintzarako eta mugikortasunerako industriarako negozio berrietara irekitzeko palanka gisa jasangarritasun- eta lehiakortasun-maila handiagoak bilatuz. 
Linea hauek garatzeko beharrezkoa izango da IoT, 6G, adimen artifiziala, Big Data eta zibersegurtasuna bezalako teknologia gaitzaileak bultzatzea. Gainera, AICk bi esparru teknologiko berri txertatuko ditu bere lan-jomugan: eVTOL-ak (aireratze eta lurreratze bertikaleko aireontzi elektrikoak) eta mugikortasun aurreratuan aplika daitezkeen teknologia kuantikoak, datuen kudeaketa, simulazioa eta sistema konplexuen optimizazioa. 
Fase berri honekin, era berean, mugikortasun aurreratuko benetako laborategien eredu baterantz egingo da aurrera. AIC Barrutiak aukera emango du benetako inguruneetan soluzio berritzaileak garatzera, testatzera eta baliozkotzera bideratutako living lab nodo gisa sortutako anezken sare aktiboa artikulatzeko. 


AIC, Bizkairako balioa sortzen duen zentro bakarra
AIC-Automotive Intelligence Center automobilgintzaren eta mugikortasunaren lehiakortasuna  hobetzeko helburuarekin ezagutza, prestakuntza, teknologia eta garapen industriala biltzen dituen fundazioa da. Bere eredua bakarra da espazio berean balio erantsiko jarduerak integratzen dituelako eta bere misioa sektoreko enpresen arteko lankidetza sustatzea delako, lehiakortasun handiagoa izan dezaten. 


AIC Fundazioaren Patronatua honako hauek osatzen dute: Bizkaiko Foru Aldundia, Amorebieta-Etxanoko udala, Ermuko udala, CIE Automotive, Gestamp, Tenneco, Pierburg, Teknia eta ACICAE-Euskadiko Automozioaren Klusterra. Osaera honek oso ondo islatzen du proiektuaren izaera publiko-pribatua eta industriak proiektuaren garapenean duen inplikazio zuzena. 9 herrialdetako 31 erakunde ditu, berrikuntza-proiektuak garatzen 950 profesional enplegatzen dituztenak. 


5. fasearekin AICk etapa berri bati ekiten dio, balioa sortzeko duen gaitasuna mugikortasun aurreratuko hainbat esparrutara zabaltzera bideratua, Bizkaiko lehiakortasunaren zerbitzura dagoen berrikuntza-ekosistema irekian industria, administrazioak, ezagutza-zentroak eta herritarrak lotzen dituen lurralde-ikuspegiarekin. 


Bideoak


Audioak