2026(e)ko uztailakren 30(a) 11:00

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,76 milioi euro bideratuko ditu lurraldean kultura-proiektuak sustatzera

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

2026rako dirulaguntzen deialdiak indartu egingo du kalitatezko kultura-eskaintzari, tokiko kultura-eragileei eta Bizkairako interes berezia duten ekimenei ematen zaien babesa.

Leixuri Arrizabalaga

Atzo, Gobernu Kontseiluan, Bizkaian 2026ko ekitaldian kultura-proiektuak bultzatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Laguntza-lerroa 1.768.000 euroz dago hornituta, eta helburu hauek ditu: kalitatezko kultura-eskaintza indartzea, tokiko kultura-eragileei laguntzea eta lurralderako interes berezia duten ekimenak garatzen laguntzea.

Laguntza horien bidez, foru-erakundeak kulturaren arloan lan egiten duten elkarte, enpresa eta toki-entitateei laguntzen die, eta haien jarduera gauzatzeko eta sustatzeko baliabide ekonomikoak ematen dizkie.

Aurrekontu-zuzkidura horri esker, kulturan eta lurraldean garrantzia duten proiektuak babestu ahal izango dira, bai eta Bizkaiko sorkuntza- eta kultura-sarea indartu ere.

Finantzaketa hiru lerrotan banatuko da: 1.200.000 euro, elkarteentzat, fundazio pribatuentzat eta gizarte-ekimeneko kooperatibentzat; 450.000 euro, udalentzat, udal-organismo autonomoentzat eta mankomunitateentzat; eta 118.000 euro, sozietate anonimoentzat, erantzukizun mugatuko sozietateentzat, sozietate kooperatiboentzat eta jarduera profesionalak egiten dituzten pertsona fisikoentzat.

Dirulaguntzen bidez honako hauek finantzatuko dira, besteak beste: lurraldean egiten diren jaialdi nabarmenak, praktika artistiko garaikideen erakusketa garrantzitsuak eta Bizkairako interesgarriak diren beste kultura-ekimen batzuk.

Eskaerak aurkezteko epea foru-dekretu hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 11ra arte egongo da zabalik. Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez izapidetu beharko dira, hemen: www.ebizkaia.eus.