2026(e)ko uztailakren 09(a) 12:37

Bizkaiko ETEek 1,3 milioi gehiago izango dituzte digitalizazio aurreraturako laguntzetan, inoizko eskaera kopururik handiena jaso baita: 115

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du Trantsizio Digitala 2026 programaren zuzkidura % 30,4 gehitzea, 4,27 milioi eurotik 5,57 bat milioi eurora; izan ere, digitalizazio aurreratuko eskaerak 2025ean halako bi baino gehiago izan dira aurten

Ainara Basurkok Trantsizio Digitaleko programaren nondik norakoak azaldu ditu.

Ainara Basurko: "Bizkaiko enpresen eraldaketa digitalerako gero eta bultzada handiagoari erantzunez, Aldundiak programaren zuzkidura indartu du, proiektu sendoak laguntzeko eta aurrekontu-baliabiderik ezagatik kanpoan gera ez daitezen"

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,3 milioi euro gehiago eman dizkio Trantsizio Digitala 2026 programako digitalizazio aurreratuko proiektuetara bideratutako zuzkidurari, deialdian eskari handia izan baita; izan ere, 115 espediente aurkeztu dira, 2025eko deialdian baino % 117,6 gehiago. Lerro horren zenbatekoa 1,77 milioi euro zen hasieran, eta, iragarritako gehikuntzarekin, aurrekontua 3,069 milioira iritsiko da, hau da, % 73,5 gehiago. Horrela, Trantsizio Digitala 2026 programaren zuzkidura % 30,4 gehituko da, hasieran aurreikusitako 4,27 milioietatik 5,57 milioi eurora.

Hasierako aurrekontuarekin eta erreferentziatzat harturik aurreko ekitaldian bezala 42.000 euro inguruko batez besteko dirulaguntza, deialdiak aukera emango zuen 42 bat espediente finantzatzeko, hots, aurkeztutako eskaeren % 36 bakarrik. Gehikuntzari esker, 74 bat proiektu babestu ahal izango dira, eta estaldura-tasa % 65 ingurukoa izango da, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako beste laguntza-programa batzuetan bezalatsu.

Behin betiko kopurua balorazio teknikoaren, proposamenen kalitatearen eta espediente bakoitzari dagokion zenbatekoaren araberakoa izango da. Aurrekontua gehitzeak ez ditu aldatuko ebaluazio-irizpideak eta banakako laguntza-ehunekoak; aitzitik, bidea emango du eskakizunak betetzen dituzten proiektu gehiago finantzatzeko.

Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok nabarmendu duenez, jasotako 115 eskaerek erakusten dute Bizkaiko enpresak euren eraldaketa digitala bizkortzen ari direla, eta, gaineratu duenez, aldundiak erantzun egin behar dio ahalegin horri, eta proiektu bideragarriak aurrekontu-baliabiderik ez izateagatik bakarrik kanpoan geratzea eragotzi.

Eskaerak, 2025ean halako bi baino gehiago

2026an erregistratutako eskaria % 117,6 handiagoa izan da aurreko ekitaldikoa baino. 2025ean, digitalizazio aurreratuko 52 eskaera aurkeztu ziren, eta 34 proiektu babestu ziren, guztizkoaren % 65. Guztira 1.453.145 euro banatu ziren, eta batez beste 42.739 euroko dirulaguntza eman zitzaion proiektu bakoitzari.

Gehikuntza hori enpresa-sarearen heldutasun digitalaren aurrerapenarekin batera dator. Barrixek egindako azken azterlanaren arabera, Bizkaiko enpresen % 92,3k teknologia digital motaren bat erabiltzen dute. Gainera, % 46,1 egoera aurreratuan daude; iaz, ostera, % 25,7.

Adimen artifiziala bilakaera horren zati handi bat bultzatzen ari da. Haren erabilera % 16,6tik % 37,1era igaro da urte bakar batean, eta enpresen % 33,5ek asmoa dute hurrengo ekitaldietan hartan inbertitzeko. Digitalizazio aurreratuak teknologia hauek ere hartzen ditu barnean: Gauzen Internet, ikuspen artifiziala, 3D simulazioa, biki digitalak, blockchaina, konputazio banatua edo kuantikoa eta datuak bezeroekin eta hornitzaileekin integratzea.

Enpresen beharrizanetara egokitutako deialdia

Trantsizio Digitala programak zenbait berrikuntza dakartza aurten. Oinarrizko digitalizazioan, laguntza gehienak 5 eta 50 langile bitarteko enpresetara bideratu dira, laguntza-premia handiagoak dituzte eta. Bilboko Merkataritza Ganberak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Barrixe Behatokiaren azterlan baten arabera, 50 langile baino gehiagoko hamar enpresatik ia zazpi digitalizazio-maila aurreratuan daude dagoeneko.

Digitalizazio aurreratuaren lerroa 5 eta 250 langile bitarteko enpresei zuzenduta dago oraindik ere, eta 120.000 euroraino igo du proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza, barne direla kanpoko gastuak, barneko langileria-gastuak eta inbertsioak.

Deialdiak jasotako erantzuna bat dator, halaber, Bizkaiko enpresa-egoeraren barometroaren emaitzekin. Txostenaren arabera, enpresen % 62k inbertitu zuten 2025ean; % 58k berrikuntza-proiektuak garatu zituzten, eta % 47k inbertsio berriak aurreikusten dituzte 2026an. Lehentasun nagusien artean, softwarea, aplikazio informatikoak eta informazio-sistemak daude.

«Gure helburua da Bizkaiko ETEek eskuratu ahal izatea laguntzarik izan ezean konpainia handiagoentzat bakarrik izango liratekeen gaitasun teknologikoak. Eta nahi duguna da eraldaketa horri esker enpresa lehiakorragoak, jasangarriagoak, erresilienteagoak eta kalitatezko enplegua sortzeko gai direnak izatea. Enpresek erantzun dute. Digitalizazio aurreratuko 115 proiektu aurkeztu dituzte. Orain guri ere erantzutea dagokigu. Eta erantzungo dugu, baliabideak areagotuz, 1,3 milioi euro gehiago bideratuz haien digitalizazio-proiektuak finantzatzera, exijentziari eutsiz eta Bizkaiko lehiakortasunean benetako eragina izango duen eraldaketa digitalaren aldeko gure ekimena sendotuz», amaitu du Basurkok.

 

Bideoak


Audioak