Berriak
2026(e)ko urriakren 07(a) 13:00
Bizkaiko 1.000 bat nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategik lehortearen ondorioetarako laguntzak jasoko dituzte, 2 milioi euroko plan baten barruan
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
1,5 milioi euro bideratuko dira nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategientzako zuzeneko laguntzetara, eta beste 500.000 euro mendi publikoetan jarduketak egiteko; horrez gain, larreak berreskuratzeko laguntzak ere jasoko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2 milioi euro bideratuko ditu prezipitaziorik ezak eta tenperatura altuek aurten Bizkaiko lehen sektorean izandako eraginekin zerikusia duten hainbat neurritara.
Plana azken hilabeteetan nekazaritza-sindikatu eta -elkarteekin izandako bileretan zehaztu da, zeinetan ustiategien egoeraren eta beharrizanen berri eman baitu sektoreak. Neurriak EHNE Bizkaia eta ENBA sindikatuekin, Lursail eta sektoreko zenbait elkarterekin adostu dira.
Aurreikusitako 2 milioi euroetatik, 1,5 milioi Bizkaiko nekazaritzako eta abeltzaintzako 1.000 bat ustiategirentzako zuzeneko laguntzetara bideratuko dira. Gainerako 500.000 euroak, 2026ko eta 2027ko aurrekontuetan banaturik, onura publikoko mendietan eta ondare-mendietan inbertitzeko erabiliko dira.
Planak, gainera, laguntzak jasotzen ditu lehorteak hondatutako larreak berreskuratzeko. Jarduketa horiek, 2027ko inbertsioen dekretuan sartuko badira ere, 2026an gauzatu ahal izango dira.
Zuzeneko laguntzak 1.000 bat ustiategirentzat
Zuzeneko laguntzak bi ildoren bidez banatuko dira: bata abeltzaintza-ustiategientzakoa eta bestea nekazaritza-ustiategientzakoa.
Ustiategi bakoitzak 7.500 euroraino jaso ahal izango ditu laguntza-ildo bakoitzeko, nagusiki nekazari gisa diharduen pertsona bat (NNP) badu. Gehieneko zenbatekoa 10.000 euro izango da NNP bat baino gehiago duten ustiategientzat. Kasuan kasuko zenbatekoa zehazteko, ildo bakoitzerako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Bizkaiko Lurralde Historikoko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) edo Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) inskribatuta dauden ustiategiek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek, baldin eta NNPak badira edo 3.500 euroko gutxieneko diru-sarrerak aitortzen badituzte.
Laguntzak ezartzeko, tenperatura altuen eta prezipitaziorik ezaren ondorioei buruz Lursailek egindako txostena hartu da erreferentziatzat. Analisi horren arabera, afekzioa antzekoa izan da Bizkai osoan, baina eragin handiagoa izan du abeltzaintza estentsiboan.
Izapidetzea ofizioz, eta ordainketak azarorako aurreikusita
Bizkaiko Foru Aldundiak ofizioz izapidetuko ditu laguntzak; hortaz, sartutako ustiategiek ez dute hasiera batean eskabiderik aurkeztu beharko laguntzak eskuratzeko.
Foru-erakundeak foru-agindu proposamen bat egin eta onuradunei helaraziko die. Une horretatik aurrera, hamar eguneko epea izango dute egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko.
Dagozkion izapideak egin ostean, ordaindu egingo dira laguntzak. Aurreikuspenen arabera, ustiategiak azaroan hasiko dira laguntzak jasotzen.
Zuzeneko laguntzez gain, planak barne hartzen ditu ukitutako larreak berreskuratzearekin eta mendien azpiegiturekin lotutako jarduketak. Larreen berrereintza 2027ko inbertsio-dekretuan aurreikusitako jarduketetako bat izango da, baina lanak 2026an egin ahal izango dira, lehorteak hondatutako belardiak berreskuratzeko.
Bestalde, 500.000 euro bideratuko dira, 2026ko eta 2027ko aurrekontuen kontura, onura publikoko mendietan eta ondare-mendietan egin beharreko inbertsioetara, klima-aldaketaren ondorioei erantzuteko azpiegiturak hobetze aldera.