Berriak
2026(e)ko azaroaren 03(a) 10:48
BizkaIdatz Txikia lehiaketak bi istorioren amaiera asmatzera gonbidatzen ditu Bizkaiko haur eta gazteak aurten ere
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Bizkaiko Foru Aldundiaren literatura-lehiaketaren XIII. edizioan parte hartzeko epea 2027ko otsailaren 16ra arte egongo da zabalik. Amaia Egidazuk eta Beatriz Riojak idatzitako kontakizunak osatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Bizkaiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara bitarteko ikasleek parte hartu ahal izango dute, haurren eta gazteen kategorietan.
Bizkaidatz txikia
Bi istorio, amaiera berriak asmatzeko aukera. Bizkaiko Foru Aldundiak irudimena martxan jarri eta idazleek hasitako kontakizunak osatzeko erronka proposatu die haur eta gazteei, BizkaIdatz Txikia literatura-lehiaketaren XIII. edizioan. Bizkaiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara bitarteko ikasleek parte hartu ahal izango dute, eta 2027ko otsailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak.
Edizio honetan, Amaia Egidazuk 'Zazpi kanpai' kontakizunaren hasiera idatzi du euskaraz, eta Beatriz Riojak 'La dama de las postales de Navidad' istorioarena gaztelaniaz. Biek ilustratu dituzte beren lanak.
Parte-hartzaileek jatorrizko istorioari, pertsonaiei eta kontatzeko moduari jarraituz idatzi beharko dute amaiera, kontakizunaren hizkuntza berean. Epaimahaiak hala erabakiz gero, parte-hartzaile berak bi hizkuntza-modalitateetan irabazi ahal izango du.
Nork har dezake parte?
Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten ari diren 16 urtera arteko haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Lau taldetan banatuko dira:
- Haurren kategoria: LHko 3. eta 4. mailak (I. taldea) eta 5. eta 6. mailak (II. taldea).
- Gazteen kategoria: DBHko 1. eta 2. mailak (III. taldea) eta 3. eta 4. mailak (IV. taldea).
Epea eta lanak aurkezteko modua
Lanak aurkezteko azken eguna 2027ko otsailaren 16a da. Kontakizunek 4 eta 5 orrialde arteko luzera izan beharko dute. Eskuz idatziz gero, letra argia erabili behar da; ordenagailuz idatziz gero, berriz, «Times» edo «Arial» letra mota erabili behar da, 12 puntuko tamainan, DIN A4 orrietan eta lerroarte bikoitzarekin.
Idazlanak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Laguntza – Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Bulegoan (Diputazio kalea 7, 48008 Bilbo), edo Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan: www.ebizkaia.eus. Erregistro publikoetan eta posta-bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira, oinarrietan zehaztutakoaren arabera.
Helbide honetan kontsulta daitezke lehiaketaren oinarriak: www.bizkaia.eus/foruliburutegia.
2015etik irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna sustatzen
Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean ekin zion lehiaketa honi, Bizkaiko ikastetxeetako haur eta gazteen artean irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko. Orain arteko hamabi edizioetan 2.107 lan aurkeztu dira guztira: 783 mutilek aurkeztuak eta 1.324 neskek aurkeztuak. Horietatik 989 euskarazko modalitatean aurkeztu dira, eta 1.118 gaztelaniazkoan. Kategoriei dagokienez, 978 lan aurkeztu dira haurren kategorietan, eta 1.129 gazteen kategorietan.
Lehen edizioan, Joanes Urkixo idazle eta gidoilariaren «Zuhaitz neska» kontakizuna (Urtzi Urkixok ilustratua) eta Belén Lucasek idatzi eta ilustratutako «El misterio del jardín botánico» izan ziren abiapuntuak. 186 kontakizun aurkeztu ziren, 72 euskaraz.
Bigarren edizioa 2015eko urritik 2016ko apirilera bitartean egin zen. Miren Agur Meabek «Haize-Begi» idatzi zuen (Enrique Morentek ilustratua), eta Seve Callejak «Viaje nocturno» (Nuria Hernándezek ilustratua). 194 kontakizun aurkeztu ziren, 90 euskaraz.
Hirugarren edizioan, Xabier Olasoren «Paul eta sorginkeria-liburua» (Aitziber Alonsok ilustratua) eta Laida Martínez Navarroren «El caso de Sopapos y su banda de matones» (Beñat Oleak ilustratua) osatu zituzten parte-hartzaileek. Parte-hartzeak gora egin zuen: 289 kontakizun aurkeztu ziren, 121 euskaraz.
Laugarren edizioan, Leire Bilbaok «Munstro bat nire ispiluan» proposatu zuen, eta Toti Martínez de Lezeak «El secreto de la isla». Elena Ciordiak eta Estibalitz Jalónek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan aurkeztu zen lan gehien: 366 guztira, 220 euskarazko modalitatean.
Bosgarren edizioan, lehiaketari hasiera emateko kontakizunak hauek izan ziren: Álvaro Yarrituren «La carrera espacial», Dani Maizek ilustratua, eta Nerea Arrienen «Zazpigarren olatua», Amaia Ballesterosek ilustratua. Urte horretan 206 lan aurkeztu ziren, 65 euskarazko modalitatean.
Seigarren edizioan, hasierako kontakizunak honako hauek izan ziren: Rafa Ugalderen «Haitzaren erraiak», Eider Eibarrek ilustratua, eta Noelia Lorenzo Pinoren «¿Quieres rescatar al príncipe?», Alex Orbek ilustratua. 170 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 54 euskaraz.
Zazpigarren edizioak abiapuntu izan zituen Emilia Ariasen «Cuando el mundo se volvió tururú» eta Juanra Madariagaren «Nuutuk eta hartz zuria» kontakizunak, Kike Infamek eta Ane Pikazak ilustratuak, hurrenez hurren. Edizio hori pandemia-garaian izan zen, eta aurkeztutako lanen kopurua nabarmen murriztu zen: 35 kontakizun baino ez ziren inskribatu, horietatik 9 euskaraz.
Zortzigarren edizioan, euskarazko abiapuntua Idoia Barrondo Etxebesteren «Abrakadabra» izan zen, Asier Iturralde Gastónek ilustratua. Gaztelaniazkoa, berriz, Andoni Abenójar Martínez de Eulateren «El parque Mowg» izan zen, Ruth Juanek egindako azalarekin. 75 lan aurkeztu ziren, 41 euskaraz.
Bederatzigarren edizioan, Aiala Garabieta Oriberen «Nomada» eta Lola López de Lacalleren «Caramelo» izan ziren euskarazko eta gaztelaniazko kontakizunak. Iñaki Landa Fuentesek eta Elisabeth Fernándezek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Pandemiaren ondoren, parte-hartzeak gora egin zuen: 207 kontakizun aurkeztu ziren, 137 euskaraz.
Hamargarren edizioak Idoia Carramiñanaren «Zer erremedio!» kontakizuna izan zuen euskarazko kategorian, eta Mónica Garciaren «Familia berri bat» istorioa gaztelaniazkoan. Bi istorioak Iker Oruetak eta Jessek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan, 221 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 87 euskaraz.
Hamaikagarren edizioan, Borja Alonsoren «Zuhaitzaren desira» izan zen euskarazko abiapuntuko kontakizuna, eta Verónica Simónen «Los rostros de la selva», gaztelaniazkoa. Ilustratzaileak María Altuna eta Janire Orduna izan ziren, hurrenez hurren. 2024an 50 kontakizun aurkeztu ziren, 42 euskaraz.
Iazko edizioan, hasierako kontakizunak honako hauek izan ziren: Aritza Bergararen «Arbasoen sekretua», CharLee Mitok ilustratua, eta Xandra Bilbaoren «La gata mágica y el portal de los recuerdos», Bea Apariciok ilustratua. 108 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 51 euskaraz.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp