17 DE uztaila DE 2025 13:00

Bizkaiak oniritzia eman dio itsasadarraren azpiko tunelari, lurraldearen mugikortasuna eraldatzeko azpiegitura estrategikoari

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Aldundiko Gobernu Kontseiluak Artatza eta Ballonti soilik 4 minutuan lotzeko eta Arrontegiko, La Avanzadako eta A-8ko zirkulazioa arintzeko behin betiko proiektua onartu du. Obrako lau loteak bata bestearen segidan aterako dira lizitaziora hurrengo hilabeteetan eta indusketak 2026ko lehen seihilekoan hasiko dira.

Elixabete Etxanobe eta Carlos Alzaga

Etxanobe: "Azpiegitura estrategiko, anbiziotsu eta guztiz beharrezko baten aurrean gaude. Etorkizunerako proiektua da Bizkaiarentzat"

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko behin betiko proiektua aurkeztu du gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartu ondoren. Nerbioi ibaiaren bi ertzen arteko konektibitatea hobetzeko eta mugikortasun metropolitarra modu estrukturalean eraldatzeko pentsatutako azpiegitura estrategikoa da.

Etorkizuneko ibai azpiko tunelak Artatzako (Leioa) eta Ballontiko (Portugalete) biribilguneak 4 minutu eskasean lotuko ditu, 3,2 kilometroko luzera izango duen tunelari eta beste 2 kilometroko lurpeko sarbideei esker, eta saturazio handia duten ardatzak arinduko ditu, hala nola, Arrontegi, La Avanzada eta A-8a.

Azpiegitura estrategiko, anbiziotsu eta guztiz beharrezko baten aurrean gaude. Hau etorkizuneko proiektua da Bizkaiarentzat eta gaur errealitate izatetik gertuago dago, esan du Ahaldun Nagusiak hitzaldiaren hasieran.

Etorkizuneko ibai azpiko tunelak Artatzako (Leioa) eta Ballontiko (Portugalete) biribilguneak 4 minutu eskasean lotuko ditu, 3,2 kilometroko luzera izango duen tunelari eta beste 2 kilometroko lurpeko sarbideei esker, eta saturazio handia duten ardatzak arinduko ditu, hala nola, Arrontegi, La Avanzada eta A-8 autobidea, Barakaldon. Etxanobek defendatu duenez, itsasadarraren azpiko tunela ez da kapritxo bat, ezta burutazio bat ere, eta bai, ordea, beharra.

Proiektatutako konponbideak bi tunel paralelo aurreikusten ditu —bat noranzko bakoitzeko—, bakoitza bi erreirekin, eta tunel horiekin osatu egingo da edukiera handiko bide-sare metropolitarra. Azpiegitura berri horrek sarearen edukiera handitzeaz gain, beharrezkoak ez diren ibilbideak gutxitzea, energia-efizientzia hobetzea, emisio kutsatzaileak murriztea eta egungo sistemaren kalteberatasuna minimizatzea ahalbidetuko du.

Eragin ekonomikoaren azterketaren arabera, tunela eraikitzeak 290 milioiko ekarpena egingo dio Bizkaiko Balio Erantsi Gordinari, eta 4.300 lanpostu sortzen edo mantentzen lagunduko du.

Elixabete Etxanoberekin batera, Foru Jauregian egin den aurkezpenean egon dira, beste batzuen artean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko foru-diputatu Carlos Alzaga; Getxoko, Leioako, Erandioko, Barakaldoko, Sestaoko, Trapagarango, Portugaleteko eta Santurtziko alkateak, eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren, Sener eta Idom ingeniaritza-enpresen, eta Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren ordezkariak.

Bide-sistemaren saturazioari eta kalteberatasunari aurre egiteko irtenbidea

Bizkaiko egungo bide-sareak zeharkako konexio gutxi ditu Bilboko hirigunetik ibaian behera. Arrontegiko zubia, eguneko batez besteko 175.000 ibilgailuko zirkulazio-emariarekin, itsasadarraren ertzen arteko gurutzatze-puntu bakarra da gaur egun, 17 kilometrotan zehar. Gainkarga horrek lehen mailako haustura bihurtzen du, metropoliko bide-sistema osorako, puntu horretan egon daitekeen edozein gorabehera.

Itsasadarraren azpiko tunela alternatiba gisa proiektatu da, trafikoa birbanatzeko eta Arrontegi gaineko karga egunean 38.000 ibilgailutan murrizteko. Kalkuluen arabera, La Avanzadako trafikoa egunean 18.500 ibilgailutan arinduko da, eta A-8koa beste 17.500 ibilgailutan. Ibai azpiko tunelak egunean 50.000 ibilgailuko batez besteko zirkulazio-emaria izango du.

Sistemaren erresilientzia hobetzeaz gain, proiektuak nabarmen murrizten ditu gehiegizko ibilbideak. Gaur egun, Ballonti eta Artatza arteko ibilbideak 14 kilometro ditu, eta ibilbide hori egiteko, 15 minutu behar dira gidatzeko baldintza normaletan; tunelarekin, ibilbidea 3,2 kilometrora murriztuko da, eta 4 minutuan egin ahal izango da. Murrizketa horren ondorioz, urtean 2 milioi litro erregai aurreztuko dira, 6.000 tona CO₂ eta 2,5 milioi gidatze-ordu.

Lau lote eta 530 milioi baino gehiagoko inbertsioa

Proiektuaren exekuzioa lau lote handitan egituratu da, eta lote horiek modu mailakatuan lizitatuko dira. Indusketaren % 60 Ezkerraldetik egingo da. Obrak 2026ko lehen seihilekoan hasiko dira, Artatzako hustuketarekin, eta faseka egingo dira, lurpeko trazadura osoa eta bi ertzetako lurrazaleko loturak osatu arte.

Inbertsioa 530 milioi euro ingurukoa izango dela kalkulatu da. Proiektua Europako Inbertsio Bankuak (EIB) finantzatuta dago, zeinak 200 milioi euroko mailegua eman baitu. Inbertsio hori bat dator Europako Itun Berdearen printzipioekin eta garraio-azpiegitura jasangarriagoak, efizienteagoak eta seguruagoak bultzatzeko EIBren estrategiarekin.

Ezaugarri teknikoak eta operatiboak

Ibai-azpiko bi hodiek bi errei izango dituzte noranzko bakoitzeko (3,5 m-ko zabalerakoak), bazterbideak, zerbitzu-espaloiak eta hamahiru ebakuazio-galeria, horietako bost ibilgailuen zirkulaziorako gaituak. Larrialdiko bi irteera egongo dira Artatzatik gertu, eta, horrez gain, azken belaunaldiko sistema teknikoak aireztapenean, LED argiztapenean, drainatzean eta uren hustuketan, ustekabeko isurketetarako atxikipen-deposituak barne.

Indusketa aire zabalean egingo da —Artatza bezalako eremuetan—, baita tunelaren barruan kontrolatutako mikroleherketen bidez ere, eraikuntzetarako eta osasunerako arriskurik gabeak izango dira. Antzekoak egin izan dira aurretik ere arrakastaz beste obra batzuetan, hala nola, Miribillako geltokian, San Mamesen edo BECen.

Ateratako materialak Bilboko Portua handitzeko obretan berrerabiliko dira, horretarako sinatutako protokolo espezifiko baten bidez. Garraioetarako, hautsa kontrolatzeko neurriak hartuko dira eta hiriguneetatik igarotzea saihesteko planifikatutako ibilbideak erabiliko dira. Zifra orokorretan, ibaipeko tunela egiteak 1,8 milioi m3 lur hondeatzea eta 21.235 tona altzairu erabiltzea ekarriko du.

Ingurumen-inpaktua eta neurri zuzentzaileak

Proiektuak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren gomendioak jasotzen ditu, eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak jasotzen ditu: pantaila hots-xurgatzaileak, ordutegi-mugak, asfaltatze isila, bideen garbiketa eta materialak garraiatzeko ibilbide planifikatuak, eragozpenak minimizatzeko.

Era berean, espezie kalteberak babesteko ekintzak egin dira, hala nola, Linaria supina babestekoak Artatzako parkean eta arrain hiruarantza babestekoak Ballonti errekan. Obren eraginpeko eremu guztietan landareztatzeko eta ingurumena lehengoratzeko plan bat gauzatuko da, zeinak barne hartuko duen Ballonti errekaren hiri-tartea leheneratzeko proiektu bat ere.

Artatzako parkea, obrek aldi baterako ukituko dutena, lanak amaitu ondoren lehengoratuko da, eta hobekuntzak egingo dira, hala nola oinezkoen ibilbide berriak, bizikletentzako pumptrack pista bat eta balio didaktiko eta ekologikoa duen anfibioentzako urmael bat.

Mugikortasun eraginkorraren zerbitzura dagoen azpiegitura

Tunela irizpide hauen arabera diseinatu da: irisgarritasunik handiena, etorkizuneko edukiera, hiri-eraginik txikiena eta egungo garraio-sarearekiko erabateko integrazioa. Eskuinaldean, La Avanzada, Uribe Kosta eta Zugazarterekin lotuko da; Ezkerraldean, A-8 autobidearekin, Ballontiko ardatzarekin eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearekin (HSM).

Azpiegitura honek, egungo sarearen gaineko presioa arintzeaz gain, ingurumen-aztarna txikiagoa eta fidagarritasun handiagoa izango dituen mugikortasun-eredu berri jasangarriago baterako oinarriak ezarriko ditu. Eredu teknikoa bateragarria da garraio publikoaren etorkizuneko garapenekin, zeinen barruan egon baitaitezke ibai-azpiko tunelaren plataforma indartua aprobetxa lezaketen trenbide-zerbitzuak ere.

Hala, Bizkaia ibai-azpiko azpiegitura handien nazioarteko mapan sartu da, Oresund (Danimarka-Suedia), Eurasia (Istanbul) edo Silver Town Tunnel (Londres) tunelen ondoan, eta mugikortasun aurreratu, seguru eta efizientearen alde duen konpromisoa berretsi du.


Vídeos

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp