2026(e)ko irailakren 28(a) 14:29

Bizkaiak nazioarteko talentua erakartzeko gaitasuna indartuko du, Latinoamerikako 42 ikasle gehiagorekin

Ekonomia Sustatzeko Saila

Study & Work in Biscay-ren hirugarren edizioak sendotu egingo du STEM talenturako helmuga gisa lurraldeak duen nazioarteko proiekzioa, eta komunitatea handituko du: hiru urtean, 64 parte-hartzaile lortu ditu

Study and Work in Biscay-en 3. edizioa

Guztira, Latinoamerikako 42 ikaslek jaso dute gaur ongietorria Bizkaira, Study & Work in Biscay programaren hirugarren edizioan parte hartuko dutela eta. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako Bizkaia Talent entitateak bultzatzen du programa, zeinak aukera ematen baitu STEM eremuetako unibertsitate-master bat egiteko eta lurraldeak eskaintzen dituen abagune profesionaletara hurbiltzeko.

Topaketa Bilboko Bizkaia Aretoan egin da, gaur goizean; bertan honako hauek bildu dira: aurreko edizioetako partaideak, hiru unibertsitateetako ordezkariak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea), programa osatzen duten masterren arduradunak eta Bizkaiko Foru Aldundikoak. Jardunaldiari esker, iritsi berri direnei aurkeztu ahal izan zaie ekimena, eta, hala, hasieratik sustatu da harremana izan dezaten Bizkaiko unibertsitatearekin eta profesionalekin.

Promozio berri honek jarraipena emango dio Study & Work in Biscay programa abian jarri zenetik izan duen bilakaerari. Lehen edizioan, 8 ikasle izan ziren; bigarrenean, berriz, 14, eta, ,ikasturte honetan, 42 pertsona sartu dira ekimenean, 5 herrialdetakoak (Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Mexiko eta Venezuela). Hazkunde horrek programari lotutako nazioarteko talentuaren presentzia handituko du, eta indartu ere egingo du prestakuntza espezializatutik Bizkaira hurbiltzeko bide gisa duen dimentsioa.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusi Joseba Mariezkurrenak baieztatu duenez, «Ekimenaren bilakaerak agerian utzi du Bizkaiak baduela proposamen bat nazioarteko talentua erakartzeko eta talentu horri prestakuntza espezializatua eta enpresa-esperientzia uztartzen dituen ibilbide bat eskaintzeko. Nahi dugu gure lurraldera ikastera iristen direnek hemen dauden aukera profesionalen berri izan dezaten eta beren ibilbide profesionala garatzeko ingurune lagungarria eta lehiakorra aurki dezaten».

Jardunaldian, halaber, programan parte hartu dutenen esperientziak ezagutarazi dira, eta orain Bizkaian ibilbidea hasten dutenen itxaropenak partekatu. Promozioen arteko jarraipen hori nazioarteko ikasleen etorrera erraztetik harago doan proposamen baten parte da; izan ere, pixkanaka lurraldeko unibertsitate- eta enpresa-ekosistemara hurbildu daitezen nahi da.

Enpresen beharrizanei lotutako prestakuntza

Enpresa-sarearekiko lotura Study & Work in Biscay programaren ibilbidean bertan txertatzen da. 2026-2027 edizioak STEM eremuei lotutako hamahiru master eskaintzen ditu, zeinak lurraldeko hiru unibertsitateek emango baitituzte, eta Bizkaiko enpresetan praktikak edo egonaldi dualak egiteko aukera jasotzen du.

Edizio honetan, master hauek eskainiko dira: EHUko sei master (Eraikuntzako Ingeniaritza, Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza eta Ingurumenaren Kudeaketa eta Sistema Elektroniko Aurreratuak, Energia Jasangarria eta Material Aurreratuak), Deustuko Unibertsitateko lau (Konputazioa eta Sistema Adimendunak, Automatizazioa eta Kontrola, Automobilgintzako Diseinua eta Fabrikazioa eta Industria Antolaketako Ingeniaritza) eta Mondragon Unibertsitateko hiru (Negozio-adimenerako Datuen Analisia, Robotika eta Adimen Artifizial Aplikaturako Kontrol Sistemak).

Praktiken edo egonaldi dualen bidez, ikasleek prestakuntzan eskuratutako ezagutzak aplika ditzakete eta Bizkaiko lanbide-ingurunea ezagutu. Halaber, harreman horri esker, lurraldeko enpresak harremanetan jar daitezke beren premiei lotutako arloetan espezializatutako nazioarteko profilekin.

Ibilbide profesional bati ekiteko bide bat

Enpresa-sarearekiko hurbiltzeak Study & Work in Biscay ekimenaren asmoetako bati erantzuten dio: prestakuntza osatzeko Bizkaira iristen diren pertsonek lurraldeak eskaintzen dituen lanbide-abaguneak ere ezagutu ahal izatea eta ikasketak amaitu ondoren hemen ibilbidea garatzeko aukera baloratzea.

Lehen promozioetan euretan ikusi dugu zelan eman zaion jarraipena ibilbide horri, parte-hartzaileen % 50ek baino gehiagok jarraitzen baitute euren ibilbide profesionala Bizkaian garatzen.

Study & Work in Biscay

Programa Bizkaia with the talent talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko foru-estrategiaren barruan dago, eta Bizkaia Talent-ek garatzen du, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, Latinoamerikako STEM profilak lurraldeko ekosisteman sartzeko.

Bizkaia with the Talent

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen lankidetza publiko-pribatuko estrategia da, lurraldeko hezkuntza-, enpresa- eta instituzio-eremuetako 45 antolakunderekin batera bultzatu ere, STEM diziplinetako talentu-eskariaren eta profesional kualifikatuen eskaintzaren arteko arrakala murrizteko diseinatua. Gaur egun, gaikuntza teknologikoa sustatu, nazioarteko talentua erakarri eta lurraldeko enpresei laguntzeko 24 proiektu koordinatzen ditu ekimenak, pertsonen kudeaketaren ibilbideen eta marka enplegatzailearen bidez.