20 DE urriak DE 2026 09:00

Bizkaiak nazioarteko espezialistak bilduko ditu suteen aurkako babesaren aurrerapen zientifikoak aztertzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du jardunaldi teknikoa, Suteen aurkako Babeserako Ingeniarien Elkartearekin (SFPE; nazioarteko erakunde profesionala) eta OPRArekin lankidetzan, eta diseinu-metodologia berriak, suaren modelizazioa eta sortzen ari diren arriskuak jorratuko dituzte bertan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak «Suteen aurkako babesaren aurrerapen zientifikoak XXI. mendean» izeneko jardunaldi teknikoa egingo du datorren ostegunean, urriaren 22an, Getxon, non ingeniaritzako, ikerketako, arriskuen prebentzioko, larrialdi-zerbitzuetako eta administrazio publikoetako profesionalak bilduko diren. Ekimenak Suteen aurkako Babeserako Ingeniarien Elkartearen (SFPE) eta Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiaren (OPRA) lankidetza du.

Jardunaldiaren ardatza suteen aurkako babesa (SAB) eraldatzen ari diren aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak izango dira. Programak aukera emango du ezagutzeko eremu horretan gaur egun dauden zer joera dauden eta aztertzeko zer tresna dauden arriskuen ebaluazioa zein eraikin edo azpiegitura bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako babes-soluzioen diseinua hobeto egiten laguntzen dutenak.

Jardunaldia 9: 00etatik 14:00etara izango da, Bake Eder Ezagutza Zentroaren auditorioan, Areetan. Suteen prebentzioari eta segurtasunari lotuta dauden Estatuko hainbat lurraldetako ehun profesional baino gehiagok bertaratuko direla baieztatu dute.

Segurtasunari aplikatutako zientzia eta ingeniaritza

Jardunaldiko programan zehar landuko da zer aurrerapen gertatzen ari diren segurtasunaren diseinuan, prestazioetan, suaren portaeraren modelizazioan, kearen kontrolean eta ebakuazio-baldintzen azterketan oinarrituta. Izan ere, tresna horiek aukera ematen dute agertoki espezifikoak ebaluatzeko eta eraikin edo azpiegitura bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako babes-irtenbideak diseinatzeko.

Lehen zatian, Jimmy Jönsson, SFPEko presidente ohia eta Lundeko Unibertsitateko (Suedia) ikertzaile ohia, eta Gabriele Vigne JVVA Fire & Risk enpresako zuzendaria izango dira (suteen aurkako segurtasunean eta arriskuen kudeaketan espezializatutako aholkularitza-enpresa da). Haien ponentzietan aztertuko dute gaur egungo zer joera dauden prestazioen diseinuan, kearen kontrolean eta suteen modelizazioan.

Ikerketa eta arrisku-egoera berriak

Bigarren zatia, berriz, ikerketa esperimentalari eta suteen aurkako babesaren erronka berriei buruzkoa izango da. Xabier Olano Azkunek, Tecnalia Research & Innovation Fundazioko suteen aurkako segurtasunaren ikuspegi estrategikoaren arduradunak, sute-egoera berriak aztertzeko eta babes-irtenbideen ebaluazioa hobetzeko kanpaina esperimentalak landuko ditu.

Programaren barruan, horrez gainera, sortzen ari diren arriskuen eta arriskuen ingeniaritzaren analisia ere egingo da, eta Imperial College Londoneko Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuko Guillermo Reinek suaren zientziari buruzko aurrerapenen eta erronken inguruko ponentzia eskainiko du.

Diziplina anitzeko topaketa

Jardunaldiaren xede publikoa hauek dira: suteen aurkako babeseko profesionalak, administrazio publikoetako teknikariak, ingeniaritzako eta eraikuntzako espezialistak, lan-arriskuen prebentzioko arduradunak, larrialdi-zerbitzuetako kideak eta aseguru-enpresetako, kontrol-erakundeetako zein segurtasunarekin lotutako erakundeetako ordezkariak.

Izena eman dutenen behin-behineko zerrendak erakusten dute hainbat profiletako pertsonak etorriko direla, besteak beste, suhiltzaileak eta babes zibileko langileak, prebentzio-arduradunak, industria-segurtasuneko espezialistak, ingeniaritzako profesionalak eta erakunde publikoetako, teknologia-enpresetako zein ikerketa-zentroetako ordezkariak. Bizkaikoez gainera, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Madril, Malaga, Zaragoza, Asturias, A Coruña, Murtzia eta Guadalajarako pertsonek ere eman dute izena, besteak beste.

Askotariko profilak dituzten parte-hartzaileak izango direnez, aukera izango dute ikuspegi tekniko eta profesional desberdinak kontrastatzeko eta ezagutzak partekatzeko hala arrisku-agertoki berriek planteatzen dituzten erronkei buruz, nola aurrerapen zientifikoek pertsonen, eraikinen eta azpiegituren segurtasuna indartzeko eskaintzen dituzten konponbideei buruz.​​​​​​​