2026(e)ko ekainakren 05(a) 15:00

Bizkaiak industria eta teknologia arloko inbertsioak erakartzeko gaitasuna aurkeztu die Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilariei

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Frantziako Kanpo Merkataritzako 51 kontseilari hartu ditu Foru Jauregian lankidetza ekonomikoa indartzera eta lurraldea inbertsio-xede gisa proiektatzera bideratutako goi-mailako topaketan.

Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilariak

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilarien Espainia Batzordea hartu du gaur Foru Jauregian, goi mailako bilera instituzional batean. Topaketan nazioarteko presentzia duten Frantziako konpainia handiei lotutako 51 kontseilarik parte hartu dute, Kareen Rispal Frantziak Espainian duen enbaxadorearekin batera.

Batzordearen urteroko topaketaren harira egindako bilera Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen nazioarteko posizionamendua indartzeko, inbertsio berriak erakartzeko eta sektore estrategikoetan enpresa-lankidetzarako aukerak sortzeko duen estrategiaren barruan sartzen da.

Ordezkaritzak, besteak beste, LVMH, BNP Paribas, EDF, ENGIE, Orange, Amadeus, Leroy Merlin, Legrand, EY, Tikehau Capital, CEVA Vehicle Logistics, ID Logistics, VINCI/Solétanche Bachy eta Forvis Mazars konpainietako goi-zuzendariak bildu ditu. Konpainia horien artean  energia, industria, azpiegiturak, mugikortasuna, logistika, teknologia, finantzaketa, aholkularitza, banaketa eta zerbitzu aurreratuen nazioarteko talde handiak daude. Bizkaiko lehentasunekin bat datozen sektoreetan inbertitzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten enpresak dira: trantsizio energetikoa, industria aurreratua, berrikuntza, digitalizazioa, konektibitatea eta kalitatezko enpleguaren sorrera.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Anne-Laure Viard-ek, Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilarien Espainia Batzordeko presidenteak, Ainara Basurkok, lehen diputatu nagusiorde eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, eta Itxaso Berrojalbizek, Ogasun eta Finantzetako diputatuak.

Bizkaia, nazioarteko bokazioa

Topaketan Bizkaia lurralde txiki gisa aurkeztu da, baina ekonomia berritzaile lehiakorra, oinarri industrial sendoa, ongizate maila altua eta nazioarteko bokazio argia dituena. Lurraldeak 46.920 euroko  BPG per cápita du, 1.150.000 biztanle ditu, EAEko biztanleriaren % 51, itsasoko, aireko eta digitaleko konektibitate ona, eta sektore estrategikoak, hala nola energia, automobilgintza eta eremu aeronautiko-espaziala.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak  gure autonomia fiskalaren bidez lurraldeak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko duen zeregina nabarmendu da, laguntzekin, balio erantsiko zerbitzuekin, startupetarako funtsekin eta I+G+b proiektuak finantzatzen laguntzeko mekanismoekin batera zerga-politika inbertsioaren, berrikuntzaren, trantsizio energetikoaren eta enpresa-proiektu estrategikoen hazkundera bideratzea ahalbidetzen duen tresna bereizgarria baita.

Topaketari esker partekatutako erronka ekonomikoei, Frantziako enpresen eta Bizkaiko ehun ekonomikoaren arteko lankidetza-aukerei eta nazioarteko talde handiek lurralde-garapenean duten zereginari buruzko ikuspegiak trukatu ahal izan dira. Horrela Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu egin ditu diplomazia ekonomikoko agenda eta industria, teknologia eta balio erantsi handiko sektoreei lotutako inbertsioak erakartzeko estrategia.

Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilariei buruz

Frantziako Kanpo Merkataritzako Kontseilariak kanpo-merkatuetan adituak diren zuzendari eta profesionalen nazioarteko sare bateko kide dira, eta Frantziako Gobernuaren aholkulari ofizial gisa jarduten dute kanpo-merkataritzaren, enpresen nazioartekotzearen eta inbertsioak erakartzearen arloan. Kontseilariak Frantziako lehen ministroak izendatzen ditu enpresen goi-zuzendaritzan egindako ibilbideagatik eta aldebiko harreman ekonomikoak sendotzen laguntzen dute.


Bideoak


Audioak