Berriak
2026(e)ko urriakren 02(a) 13:01
Bizkaiak eskaintza zabalago, inklusiboago eta seguruago batekin hasi du Eskola Kirolaren 2026-2027 ikasturtea
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Jolas-eskaintzak 8.036 plaza, 24 kirol-modalitate eta 549 hastapen-ikastaro ditu. Aurten, agility, hegazti harrapari bidezko ehiza eta korrikan gehitu dira. Ipuin mitologikoetan oinarritutako mendi-irteerak ere egongo dira, eta irteera horiek ariketa fisikoa, ingurumenaren zaintza eta euskal mitologia konbinatuko dituzte.
Eskola Kirola 2026-2027
Bizkaiko Eskola Kirolaren denboraldi berriak eskola-kirol irisgarriago, anitzago eta seguruago baten aldeko apustua egin du. Berrikuntza nagusiak honako hauek dira: kirol-eskaintza zabalagoa, kirol egokituko jarduera gehiago, teknikarien prestakuntza hobea eta haurrak eta nerabeak babesteko neurri berriak.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Eskola Kirolak 2026-2027 denboraldirako dituen nobedadeak aurkeztu ditu gaur goizean. Borja Sarrionandia-Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko eskola-kiroleko arduradun teknikoak eta Carlos Alonso Bizkaiko Kirol Federakundeen Elkarteko (ASFEDEBI) ordezkariak ere parte hartu dute prentsaurrekoan.
Arrizabalagak adierazi zuenez, "lanean jarraitzen dugu haurrei hainbat diziplina ezagutzeko eta haien benetako pasioak ezagutzeko aukera gehiago eskaintzeko, baina, batez ere, kirolaz goza dezaten eta jarduera fisikoak dakartzan onurak hauteman ditzaten".
2026-2027 denboraldian 62 kirol-lehiaketa egongo dira, benjamin kategoriatik kadeteetara. Ikasturte honetan, bi lehiaketa berri egingo dira: sokatira haur eta kadete kategorietarako, eta 11D futbola mutilen haur kategoriarako.
Berrikuntza nagusietako bat lizentzia digitala da. Teknikariek Eskola Kirola aplikazioan kontsultatu ahal izango dute. Horrela, errazagoa izango da talde teknikoetako kide helduak zein diren egiaztatzea eta informazio eguneratua eskuratzea.
Jolas-eskaintzak 8.036 plaza, 24 kirol-modalitate eta 549 hastapen-ikastaro ditu. Aurten, agility, hegazti harrapari bidezko ehiza eta korrikan gehitu dira. Ipuin mitologikoetan oinarritutako mendi-irteerak ere egongo dira, eta irteera horiek ariketa fisikoa, ingurumenaren zaintza eta euskal mitologia konbinatuko dituzte.
Kirol egokituak presentzia handiagoa izango du ikasturte honetan. Eskubaloiko, hockeyko, igeriketako, multikiroleko, atletismoko eta herri kiroletako jarduera berriak egongo dira, besteak beste. Helburua da aukera gehiago eskaintzea, pertsona guztiek parte hartu ahal izan dezaten.
Hastapenari dagokionez, Foru Aldundiak, hamalaugarren urtez jarraian, Heziki programa garatuko du, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendua. Programa horren bitartez, haurrek trebetasun motorrak garatzea sustatu nahi da, haien ekintzen kudeaketa autonomoa ahalbidetzeko, eta etorkizunean egin nahi dituzten kirolak ikasteko prozesuan proposatzen zaien edozein ekintza motor egiteko gai izan daitezen. Hori guztia, egin beharreko ekintzak gustura egitea ahalbidetzen duen giro batean, kirola eta jarduera fisikoa egiteko zaletasuna sustatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2.700.000 euro bideratzen ditu programara, eta lurraldeko 46.000 haur ingurura iristen da.
Kirol Lanbideen Euskal Legera egokitzea
Kirol Lanbideen Euskal Legeak eskola-kirolaren kalitatea eta segurtasuna hobetzen ditu. Arauak eskatzen du zuzentzeko, koordinatzeko eta irakasteko ardura duten pertsonek beharrezko prestakuntza izatea. Horrela, berme gehiago eskaintzen dizkie familiei eta adingabeei.
Lege horretara pixkanaka egokitzeko plana 2022-2023 denboraldian hasi zen. Harrezkero, eskatutako titulazioa –I. maila edo goragokoa– edo Eusko Jaurlaritzak baimendutako gaikuntza duten entrenatzaileen ehunekoa 2022an % 39koa izatetik % 94,5ekoa izatera igaro da joan den maiatzean amaitu zen denboraldian. Aurrerapen hori kirol-erakundeen eta teknikarien ahaleginari esker lortu da.
KirolaON
KirolaON Bizkaiko Foru Aldundiaren tresna bat da, adingabeak kirolean babesteko. Duela bi denboraldi jarri zen abian, eta indarkeria-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta artatzeko aukera ematen du.
KirolaON tresnak 145 komunikaziori eman zien arreta 2024-2025 denboraldian, eta 241 komunikaziori 2025-2026 denboraldian. Horrek esan nahi du % 66 inguruko igoera izan dela. Hazkunde horrek agerian uzten du zerbitzua hobeto ezagutzen dela, familiek eta gizarte-inguruneak konfiantza handiagoa dutela, eta hobetu egin dela arrisku-egoeren detekzioa eta komunikazioa.
Beste datu garrantzitsu bat da haurrek eta nerabeek zerbitzua zuzenean gero eta gehiago erabiltzen dutela. Arduradunek, hasieran, parte-hartze hori faltan botatzen zuten, eta Foru Aldundiak bultzatutako zabalkunde-kanpainei esker areagotu da. 2025-2026 denboraldian, kolektibo horrek 18 komunikazio egin zituen.
Arreta berezia jokabide-kodeetan
Ikasturte honetan, joan den ikasturtean hasitako Errespetua dinamika indartzeaz gain, Aldundiak arreta berezia eskainiko die jokabide-kodeei. Dokumentu horiek kirol-espazio seguruak sortzen eta jokabide desegokiak prebenitzen laguntzen dute.
Urrian zehar, jokabide-kode horiek hobetzeko eta eguneratzeko sentsibilizazio-kanpaina bat egingo da parte hartzen duten kluben eta ikastetxeen artean.
Jokabide-kodeak erabilgarriak izan daitezen, kirol-jardueran parte hartzen duten pertsona guztiek ezagutu eta aplikatu behar dituzte. Dokumentu horiek eragile bakoitzari egokitu behar zaizkio –familiak, teknikariak, haurrak eta nerabeak–, jarraibide argiekin eta errealitate bakoitzera egokituta; denboraldiaren hasieran partekatu eta sinatu behar dira, ikasturte-hasierako bilerak aprobetxatuz; prestakuntzarekin batera joan behar dute, dokumentu-izapide huts batera mugatu ez daitezen; eta barneko diziplina-araubidera lotu behar dira, ikuspegi prebentibo eta proportzional batetik.
Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-erakundeak animatu nahi ditu beren jokabide-kodeak berrikus eta egunera ditzaten. Halaber, eskatzen die ziurta dezatela inplikatutako pertsona guztiek ezagutzen eta betetzen dituztela.