2026(e)ko apirilakren 10(a) 10:00

Bizkaiak enpresa berriak erakartzeko gaitasuna kontsolidatu du 2025ean ezarritako 34 startup-ekin

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpoko proiektuak lurraldera erakartzea bultzatzearen ondorioz, 16 herrialdetako proiektuek 97 lanpostu sortu dituzte hainbat sektoretan: energia, osasuna, jasangarritasuna, nekazaritzako elikadura, eduki digitalak eta aisialdi-industria

2024an 159 startup artatu ziren

Bizkaiak 2025eko ekitaldia itxi du 97 lanpostu sortu dituzten 34 startup erakarrita. Balantze horrek berresten du eremu estrategikoetan ondo konektatutako ekosistema indartzen duten enpresa-proiektu berritzaileak erakartzeko gaitasuna duela lurraldeak. Emaitza horien oinarrian dago enpresak erakarri, lagundu eta enpresa-ekosistemarekin konektatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen lana; lan horri esker, 159 enpresei eman zitzaien laguntza 2024an, Bizkaian ezartzeko eta hazteko ahalmena duten proiektuen zorroa kontsolidatuz.  

Erakarritako 34 startup horietatik 26 kanpokoak dira, hau da, lau enpresatik hiru baino gehiago. Guztira, Bizkaira etorritako proiektuak 16 herrialdekoak dira. Estatutik etorritakoez gain herrialde hauetako ekimenak ditugu: Estatu Batuak, Argentina, Kolonbia, Suedia, Alemania, Polonia, Australia, Georgia, Ukraina, Danimarka, Hungaria, Errumania, Frantzia, Errusia, Serbia eta Montenegro. 

Datu horrek berretsi egiten du Bizkaia lurralde erakargarria dela enpresak sortzeko, inbertitzeko, hazteko eta enpresa-jarduera berritzaileak garatzeko, ardatz hauetan oinarritutako balio-proposamenari esker: ahalmen industrial eta teknologikoa; ekintzailetza sostengatzeko ekosistema; merkatuekiko hurbiltasuna eta talentuaren aldeko etengabeko apustua.

Ezarritako startupen aniztasunak islatzen du ere Bizkaiak ahalmena duela sare ekonomiko zabal eta espezializatua erakartzeko.  Proiektuak hainbat sektoretan banatzen dira: energia, jasangarritasuna, biozientziak, elikadura, eduki digitalak eta Internet, logistika, eraikuntza, finantzak, eta aisialdia, kultura edo kirolarekin lotutako jarduerak.

Balantzeak nabarmentzen du zein garrantzitsua den eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana enpresak erakartzeko prozesuetan. Enpreseak hainbat bide erabiltzen dituzte ezartzeko, honako hauek besteak beste: BAT dorreko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa, Bizkaiko Foru Aldundiaren azeleratzaile-sarea, Beaz foru-agentzia, sektoreetako plataformak eta beste eragile batzuk, erakundeetakoak eta pribatuak. Horrek guztiak berretsi egiten du proiektuak erakartzearen oinarrian ekosistema indartsu bat dagoela, era koordinatuan lan egiten duena, enpresak sortzeko aukerak antzemateko eta horiei laguntza emateko jarduera ekonomiko bihur daitezen. 

Ildo horretan, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak nabarmendu duenez: “datu horiek islatzen dute Bizkaiak ekosistema indartsu, konektatu eta lehiakorra duela enpresa-jarduera berriak erakartzeko. Startupak erakartzeaz ari gara, eta hori  jarduera, enplegua eta aukerak sortzea da Bizkaiko etorkizunarentzat estrategikoak diren sektoreetan”.

Basurkok honako hau azpimarratu du ere: “Startupak erakartzea Bizkaian dagoen gaitasun industrial, teknologiko eta ekintzailearen ondorioa da, talentuaren aldeko apustuaren ondorioa eta jarduteko erarena, elkarlan publiko-pribatuan eta hazkuntzaren aldeko ingurunea eraikitzean oinarritzen baita”.

Balantze hau Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategia horren bidez,  ekintzailetza berritzailea indartzeaz gain, Bizkaia proiektatu nahi da ahalmen handia duten enpresa berrien jarduerarako eremu gisa.  Estrategia horretan gero eta garrantzitsuagoak dira BAT, talentua sustatzea eta nazioarteko konexioa bezalako ekimenak.


Audioak