2026(e)ko martxoakren 11(a) 12:24

Bizkaiak baterako ekintza bat artikulatu du bere enpresa-sarearen efizientzia eta ekinbide klimatikoan inbertsioa bultzatzeko

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila, Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egin du bere gobernu-ekinbidea trantsizio ekologikoarekin uztartzeko, Ogasun eta Finantza Saila, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila eta Ekonomia Sustatzeko Saila koordinatuz.

Trantsizio enertgetikoko proiektuak

Lurraldeko industria deskarbonizatzeko eta ingurumenaren babesa indartzeko helburuarekin, sozietate-zergako ingurumen-pizgarri fiskalak birformulatzea onetsi da 2025eko apirileko zerga-berrikuspenaren esparruan. Konfigurazio berri horretarako, zergaren erregelamendua aldatu behar izan da arlo horretan.

Testuinguru horretan, eta Ogasun eta Finantza Sailaren eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren arteko lankidetzaren ondorioz, 9520/2025 Foru Agindua onetsi da, zeinak erregulatzen baitu Ingurumen Egokitasunaren Ziurtagiriaren araubide berria. Besteak beste dokumentu hori beharko dute enpresek sozietate-zergan kenkari bat aplikatzeko, betiere beren inbertsioen bidez sostengatu badituzte garapen jasangarria, ingurumen-inpaktuaren murrizketa, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra.

Aipatutako berrikuspen fiskalaren bidez onetsitako xedapen horrek eguneratu eta antolatu egiten du Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 65. artikuluan araututako kenkari berria egiaztatzeko prozedura. Helburua argia da: onura fiskalak ingurumenaren hobekuntza erreal eta frogagarria eragiten duten inbertsioei soilik emango zaizkiela bermatzea.

Neurri horrekin, Aldundiak onura eta bidelaguntza egingo die beren ekoizpen-jarduera deskarbonizatzeko prozesuetan lan egiten ari diren Bizkaiko enpresa guztiei. Enpresa bakoitzarentzat, nolakoak diren ziurtatutako inbertsioaren zenbatekoa eta kenkari-portzentaje aplikagarria, halakoa izango da abantaila fiskala. Adibide gisa, 1.000.000 euroko inbertsioak 150.000 eta 350.000 euro arteko aurrezki fiskala ekar lezake, kenkariaren tipologia zein den eta araudian ezarritako baldintzak betetzen diren ala ez.

Inpaktu ekonomikoaz harago, Aldundiak nabarmendu du ingurumenean eragitea dela neurriaren elementu nagusia. Hortaz, pizgarriak emango zaizkie honelako ekintzetan egiten diren inbertsioei: emisioak murriztea, efizientzia energetikoa hobetzea, teknologia garbiak bultzatzea, eta lurraldeko baliabideen berrerabilpen eta balorizazioa sustatzea.

Ondorio fiskalak dituen ziurtagiria

Ingurumen Egokitasunaren Ziurtagiria Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak ematen duen ebazpen baten bidez artikulatzen da, eta egiaztatzen du, tributu-ondorioetarako soilik, inbertsioa bat datorrela sozietate-zergaren araudian sustatutako tipologiekin. Ziurtagiri hori, Foru Ogasunarentzat loteslea izanik, segurtasun juridikoa ematen dio inbertitzaileari.

Honetarako dira kenkariak:

a. Autokontsumorako energia berriztagarria, hidrogeno berdea edo erregai berriztagarriak sortzea.

b. Energia berriztagarria, hidrogeno berdea edo erregai berriztagarriak kontsumitzea.

c. Berriztagarriak, hidrogeno berdea edo erregai berriztagarriak soilik garraiatu eta banatzea.

d. Emisioak atzematea autokontsumorako energia berriztagarriak sortzeko, biltegiratze geologiko iraunkorrean ezartzeko edo prozesu berriztagarrietan erabiltzeko.

e. Ekoizpen-jarduera propioaren hondakinak murriztu, birziklatu eta balorizatzea.

Zorroztasun tekniko handiagoa eta hobekuntza kuantifikagarriak

Erregulazio berria xeheagoa da eskatzen den dokumentazioari dagokionez, eta irizpide teknikoak indartzen ditu. Enpresek memoria bat aurkeztu beharko dute, zeinean deskribatuko baitira proiektua, inbertsioaren aurreko eta ondoko prozesua eta lortutako ingurumen-hobekuntza. Araudiak hala eskatzen duenean, era kuantifikagarrian egiaztatu beharko da hobekuntza hori.

Foru-aginduak argi uzten du legezko betebeharren betetze hutsa ezin dela ingurumen-hobekuntzatzat hartu kenkaria lortzeari begira. Hau da, pizgarri fiskala araudiak eskatzen duena baino harago doazen jarduketetarako erreserbatuta dago.

Eskaerak elektronikoki egin beharko dira, proiektu bakoitzeko bat, eta Administrazioak sei hileko gehieneko epea izango du ebazteko.

Foru-aginduak espresuki indargabetzen du aurreko erregulazioa, 2022koa, eta esparru eguneratu eta estruktural bat ezartzen du. Ez da aldi baterako ondorio mugatuak dituen arau-xedapen bat, ezpada tresna egonkor bat, sozietate-zergari eta haren ingurumen-kenkarien araubideari lotua.

Trantsizio berdeko beste proiektu batzuk

Fiskalitate berdearen indartze hori Ogasun eta Finantza Sailaren eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa-sarearen trantsizio ekologikoari laguntzeko Ekonomia Sustatzeko Sailetik bultzatzen dituen beste ekimen batzuekin. Haien artean, aipatzekoa da Trantsizio Berdea programa, industriako, garraioko, eraikuntzako edo handizkako merkataritzako ETEei zuzendua, zeinak itzuli beharrik gabeko 10.000 eurorainoko laguntzak aurreikusten baititu ingurumen-inpaktua neurtzeko eta 120.000 eurorainokoak inbertsio berdeetarako edo ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako.

Horri beste zerbitzu hauek gehitu behar zaizkio, besteak beste: EgokINN, zeinak prestakuntza aurreratua eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen baititu trantsizio ekologikoarekin lotutako negozio-aukera berriak detektatzeko; proiektu estrategikoak, hala nola Energy Intelligence Center, industria-deskarbonizazioan eta hidrogenoaren eta erregai berriztagarrien garapenean aurrera egiteko I+G+Bko lankidetza-ingurunea, eta Global Smart Grids Innovation Hub, sare elektriko adimendunetako erreferentzia-zentroa, Iberdrolarekin batera sustatua.

Gainera, Aldundiak prestakuntza espezializatua babesten du hainbat arlotan, hala nola energia jasangarriarenean, matrikularen % 75erainoko bekekin, eta, Seed Capital Bizkaiaren FEIS funtsaren bidez, ekonomia zirkularrari lotutako ekintzailetza eta inpaktu sozialeko proiektuen finantzaketan parte hartzen du.


Bideoak


Audioak