2026(e)ko martxoakren 05(a) 21:29

Bizkaiak aitortza egin die Begoña Sagastiri, Loraldi eta Atxurkulu elkarteei, eta VIVA! Arte Feministaren Sarea proiektuari berdintasunaren alde egin duten lanagatik

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gaur arratsaldean egin da, Bilboko BBK aretoan, gure lurralde historikoko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2026ko Zirgari sariak emateko ekitaldia. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazioak bultzatutako sari horiek egindako lanaren aitortza egiten diete pertsona, entitate eta proiektuei. Laespada: "Dei egiten diogu gizonen erantzukizunari". Sarasola: "Aurtengo sarituek bidea ireki dute, sare komunitarioak ehundu dituzte eta gure gizarte osoa indartzen duten erreferenteak sortu dituzte".

Zirgari Sariak

Elixabete Etxanobe: "Zuei esker, gizarte hobea gara"

Bizkaiak aitortza egin die gaur Begoña Sagasti feminista historikoari (ohorezkoa), Loraldi Elkarteari eta Atxurkulu Emakumeen Elkarteari (erakundeena ex aequo) eta VIVA! Arte Feministaren eta Pentsamendu Garaikidearen Sareari (proiektua), emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egin duten lanagatik.

2026ko Zirgari sariak emateko ekitaldiak 400 pertsona baino gehiago bildu ditu gaur arratsaldean. Ekitaldia BBK aretoan egin da, urtero bezala, martxoaren 8aren inguruan (Emakumeen Nazioarteko Eguna).

Ana Urrutia kazetariak gidatu du ekitaldia, eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatu Teresa Laespadak eta BBK Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak hartu dute parte.

Ekitaldian, Valentina Parra abeslariaren eta Biarte Dantza Eskolaren dantza-taldearen emanaldiak izan dira, eta feminismo historikoaren zenbait diskurtso ere presente egon dira adimen artifizialez sortutako bideoen bidez. Gainera, ekitaldirako propio sortutako usaina duen artisau-kandela bana eman zaie parte-hartzaileei.

Ahaldun nagusiak bere hitzaldian esan duenez, «gaur aitortza egiten diegu pertsonalak eta batez ere kolektiboak diren egiteko moduei». «Gaur aitortza egiten diogu sarea sortzeko, laguntza emateko eta zeuentzat eta ondoren etorri garen emakumeontzat aukerak erreklamatu eta sorrarazteko egiten duzuen ahaleginari. Aitortzen dugu berdintasunean aurrera egiteak zerikusi handia duela elkar sostengatzearekin. Funtsean, saria ematen dizuegu zuei esker, hotsandiko diskurtsorik behar ez duzuen eta ia beti isil-gordean jarduten duzuenoi esker, gizarte hobea garelako», gehitu du.

Bestalde, Laespada diputatuak matxismoari buruz hitz egin du, eta adierazi du «kontua ez dela errudunak seinalatzea», baizik eta gizonei «erantzukizuna» eskatzea. «Izan ere, ahotsa goratu, zentzarazi, hezi eta mespretxuari aurre egiten dion gizon oro basakeria eragozten ari da, eta indarkeria amaitu dadin laguntzen. Berdintasuna konkistatzeko, legeak ez ezik, leialtasunak ere behar dira. Justiziari eta emakumeen askatasunari leial zaizkion gizonak. Behar zaituztegu», gehitu du.

Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako arduradunak nabarmendu duenez, «beren eguneroko lanarekin komunitate berdinzaleagoak eraiki, pentsamendua sortu eta bide berriak ireki dituzten hainbat emakumeren dedikazioa eta indar eraldatzailea aitortzen ditugu gaur. Zuen ahaleginak arrastoa utzi du Bizkaian, eta zuen adibidea denok ikasten dugun ondarea da».

SARIDUNAK

Begoña Sagasti Barriok, Berdintasunaren aldeko Zirgari ohorezko saridunak, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik etengabeko presentzia izan du Euskadiko mugimendu feministan.

Haren militantzia Bizkaiko Emakumeen Asanbladan hasi zen eta, harrezkero, funtsezko zeregina izan du, askotan ikusezina: feminismoaren memoria kolektiboa dokumentatzea eta gordetzea.

Kazetaritzan eta komunikazioan izandako esperientzia profesionala erabakigarria izan zen Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa sortzeko apustuan, eta zentro horren sortzaileetako bat da. Lau hamarkada baino gehiagoan sareak ehundu, laguntza instituzionalak artikulatu eta ezinbestekoa izan den talde-lanari eutsi dio.

Erakundeei dagokienez, Loraldi Elkartea 1990ean sortu zen, Urduñan, eta bertan topaketa- eta ahalduntze-sarea ehuntzen joan da. Laurogei emakume dira, kultura berdintasunerako tresna bihurtu dutenak tailerren, irakurketaren, artearen eta elkarri laguntzeko espazioen bidez, bakardadeari aurre eginez eta komunitatea indartuz.

Elkartearen lanak emakume aitzindarien memoria berreskuratu du, haien istorioak espazio publikora itzuliz. Gainera, urtero, martxoaren 8an, berdintasuna hausnarketa partekatu bihurtzen dute. Eta haien konpromiso solidarioak ekintza feminista ongizatearekin eta justizia sozialarekin lotzen du.

Beste alde batetik, saria jaso duen beste erakundea, Atxurkulu Emakumeen Elkartea, 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta argi frogatu du, udalerri txiki batean ere, emakumeen elkartegintza erreferentzia komunitario bihur daitekeela. Hogeita hamabi emakume, hogeita bost urte baino gehiagoz, parte hartzetik buru izatera igaro dira, kultura-jarduerak, herri-jaiak, boluntariotza-gaiak eta topaguneak antolatuz.

Azkenik, proiektuaren kategorian, Viva! Arte Feministaren eta Pentsamendu Garaikidearen Sareak jaso du saria. Xabier Arakistainek eta Lourdes Méndezek bultzatutako elkarte hori 2018an eratu zen Bilbon, artearen barruan dauden desberdinkeriak pentsamendu feministatik aztertu eta zalantzan jartzeko.

Premisa horrekin, funtsezko bi ekintzatan egituratzen den proiektua garatzen du. Lehenengoa ikerketa- eta erregistro-sare digital bat eratzea da, emakumeek arte- eta kultura-sorkuntzan duten zeregina ikusgarriagoa izan dadin. Beste ekintza ezagutza feministaren hedapenean oinarritzen da, artean, kulturan eta pentsamendu garaikidean emakumeen eta gizonen desberdinkeria desagerrarazteko tresna gisa.


Bideoak


Audioak