Berriak
2026(e)ko abuztuakren 18(a) 10:00
Bizkaiak 4 milioi baino gehiago bideratu ditu laborategiko teknologia industriari aplikatzeko 24 proiektutara
Ekonomia Sustatzeko Saila
Bizkaiko Foru Aldundiak deitzen duen Transferentzia Teknologikoko laguntza-programaren deialdiak I+G aplikatuko proiektuak, azpiegitura zientifiko-teknologiko berriak eta, lehen aldiz, I+Gko enpresa-unitateek sustatutako garapenak finantzatzen ditu
Ainara Basurko: "Kontua ez da soilik ezagutza sortzea, baizik eta ezagutza hori enpresetara iristea, ingurune errealetan frogatzea eta irtenbide berri, jarduera ekonomiko eta kalitatezko enplegu bihurtzea. Bizkaiak lehen mailako zentro zientifiko-teknologikoak eta I+Gko enpresa-unitateak ditu eta Aldundiak ibilbide hori bizkortzen lagundu nahi die"
Bizkaiko Foru Aldundiak Transferentzia Teknologikoko Programaren 2026. deialdia ebatzi du ikerketa, garapen teknologiko eta azpiegitura zientifikoetako 24 proiekturi 4,06 milioi euro emanez. Programaren xedea Bizkaian sortutako ezagutza zientifikoa eta teknologikoa enpresek aplika ditzaketen produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan eraldatzeko prozesua bizkortzea da. Horretarako merkatutik hurbil dauden I+G aplikatuko proiektuak, ekipamendu teknologiko aurreratuaren erosketa eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileen eta lurraldeko enpresa-sarearen arteko lankidetza bultzatzen ditu.
Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, nabarmendu duenez, ebazpen honek "ezagutzaren, industriaren eta merkatuaren arteko konexioa indartzen du, Bizkaiko lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementuetako bat". "Kontua ez da soilik ezagutza sortzea, baizik eta ezagutza hori enpresetara iristea, ingurune errealetan frogatzea eta irtenbide berri, jarduera ekonomiko eta kalitatezko enplegu bihurtzea. Bizkaiak lehen mailako zentro zientifiko-teknologikoak eta I+Gko enpresa-unitateak ditu eta Aldundiak ibilbide hori bizkortzen lagundu nahi die", adierazi du.
Transferentzia teknologikoa sustatzeko hiru lerro
Programa hiru lerro osagarritan egituratzen da, hala ezagutza sortzen eta heltzen nola ezagutza hori probatzeko eta aplikazio industriala ahalbidetzeko beharrezkoak diren gaitasunak laguntzeko aukera ematen dutenak.
Lehenengo lerroak zentro zientifiko-teknologikoek sustatutako ikerketa- eta garapen-proiektuak finantzatzen ditu. Ikerketa aplikatuko ekimenak dira, teknologia berrien heldutasunean aurrera egitera eta Bizkaiko enpresa-ehunera transferitzen laguntzera bideratuak.
Bigarren lerroak ikerketa-azpiegiturak, ekipamendu aurreratua eta probetarako eta esperimentaziorako instalazioak erostea babesten du. Baliabide hauek aukera ematen dute prototipoak garatzeko, saiakuntzak egiteko, teknologia berriak baliozkotzeko eta goi-mailako gaitasun zientifiko-teknologikoak enpresen zerbitzura jartzeko.
Bi modalitate hauekin batera, deialdiak, lehen aldiz, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sarean integratutako I+Gko enpresa-unitateentzako hirugarren lerro bat gehitzen du. Bide berri horri esker heltze-fase aurreratuetan eta industria- edo merkataritza-aplikaziotik gertu dauden eragin teknologiko handiko proiektuak finantzatu daitezke.
Txertatze horrekin programak teknologia-transferentziako prozesu osoan laguntzeko gaitasuna handitzen du: ikerketa-zentroetako ezagutzaren garapenetik eta azpiegitura aurreratuen eskuragarritasunetik hasi eta I+Gko enpresa-unitateek bultzatutako teknologien heldutasunera arte.
Programak, gainera, espezializazio adimendunaren eremu estrategikoekin lotutako proiektuak, bai eta heldutasun teknologiko handia dutenak eta kontzeptu-probak, prototipoak edo benetakoetatik hurbil dauden erakustaldiak garatzen dituztenak ere, lehenesten ditu
Material berrietatik adimen artifizialera
Laguntza jasotzen duten proiektuek Bizkaian garatutako ikerketaren aniztasuna eta potentzial industriala islatzen dute. Ekimenek automobilgintza, aeronautika, espazioa, siderurgia, meatzaritza eta teknologia digitalak hartzen dituzte barne, produktuak, prozesuak eta zerbitzuak hobetzera bideratutako garapenekin.
Horien artean daude, besteak beste, automobilgintzako osagai arinagoak eta eraginkorragoak fabrikatzeko teknika berriak, erresistentzia handiagoko estaldura aurreratuak, trazabilitateari eta karbono-aztarnari buruzko datuak modu seguruan partekatzeko aplikazioak, aireontzietarako eta aplikazio espazialetarako titaniozko hodiak sortzeko prozesuak, industria-labeen narriadurari aurrea hartzeko sentsoreak, meatzaritzan lan-arriskuak murrizteko sistema automatizatuak eta telekomunikazio-zerbitzuetan anomaliak eta balizko iruzurrak detektatzeko adimen artifizialeko soluzioak.
Garapen hauei zentro zientifiko-teknologikoek sustatutako proiektuak eta azpiegitura eta ekipamendu berrietan egindako inbertsioak gehitu behar zaizkie, Bizkaiak ikertzeko, esperimentatzeko, teknologiak baliozkotzeko eta produkzio-sarera eramateko dituen gaitasunak indartuko dituztenak.