Berriak
2026(e)ko urriakren 14(a) 13:41
Bizkaiak 14 argazki historiko dituen erakusketa baten bidez ospatu du Landa Eremuko Emakumeen Eguna, Durangoko azokan
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Gerediaga Elkartearekin batera antolatutako erakusketak Durangaldeko emakume baserritarren 1910etik 1960ra bitarteko bizimodua eta lana islatzen duten 14 argazki historiko ditu.
Bizkaiak 14 argazki historiko dituen erakusketa baten bidez ospatu du Landa Eremuko Emakumeen Eguna
Bizkaiko Foru Aldundiak ekitaldi bat egin du gaur Durangoko azokan, urtero urriaren 15ean ospatzen den Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Gerediaga Elkartearekin batera antolatu da topaketa, eta bertan izan dira Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatua, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Gerediaga Elkarteko ordezkariak eta lurraldeko emakume baserritarrak.
Ekitaldiaren barruan, Lana, Lurra, Bizitza (Trabajo, Tierra, Vida) argazki-erakusketa aurkeztu da; 1910etik 1960ra bitartean Izurtzan, Durangon, Berrizen eta Zaldibarren hartutako 14 argazki historiko biltzen ditu. Irudi horien bidez, emakume baserritarren hainbat belaunaldiren eguneroko bizitzako eszenak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako lanarekin, merkataritza-jarduerarekin eta familia-ingurunearekin izan duten lotura berreskuratzen ditu erakusketak.
Argazkietan emakumeak agertzen dira, soroan lanean, ganadua zaintzen, esnea banatzen, merkatuan produktuak saltzen edo baserrietako bizimoduari lotutako hainbat zeregin egiten. Erakusketaren helburua landa-inguruneko emakumeen memoria historikoaren zati bat berreskuratzea eta XX. mendeko lehen erdian Durangaldeko bizitza ekonomiko, familiar eta sozialeko hainbat eremutan izan duten presentzia erakustea da.
Testuinguru horretan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, “argazki horietako bakoitzaren atzean emakume bat dago, historia bat eta gure lurrari lotutako bizimodu bat. Haietako askok bizitza osoa eman zuten lanean, euren izenak idatzita geratu gabe, baina euren ekarpena Bizkaiko historiaren parte da. Gaur, emakume haiek gogoratu nahi ditugu, baina baita gaur egungo emakume baserritarrei entzun, haien esperientziak ezagutu eta haien ahotsei lekua eman ere”.
Argazkien azalpena Patri Laiseka Gerediaga Elkarteko kide eta erakusketako komisarioak egin du; irudiak eta hartu ziren testuinguru historikoa aurkeztu ditu. Topaketan lurraldeko emakume baserritarrak ere izan dira, eta jardunaldi honen ospakizunean parte hartu dute.
Durangaldeko landa-memoriaren zati bat berreskuratzen duten argazkiak
Irudi gehienak Gerediaga Elkartearen Dokumentazio Zentro eta Argazki Artxibokoak dira. Bertan, familia-albumetatik, argazkilari amateurren eta profesionalen bildumetatik eta dohaintza partikularretatik datozen funtsak daude. Argazki-sortan, halaber, Indalecio Ojangurenen argazkiak daude, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gordetakoak, bai eta beste dokumentu-funts batzuetako irudiak ere.
Erakusketak hainbat argazkilariren lanak biltzen ditu: Ricardo Doliwa, Marino López (Tripa-handi maisua esaten zioten), Santa María del Villar-eko markesa, Indalecio Ojanguren eta Germán Zorraquín, besteak beste. Irudi batzuetan, erretratutako emakumeak identifikatu ahal izan dira; beste batzuetan, berriz, ez dira ezagutzen haien izenak, ezta argazkiak noiz edo non atera ziren ere.
Informazio falta hori Lana, Lurra, Bizitza erakusketaren planteamenduaren alderdietako bat da, eta esperientzia pertsonalak ia dokumentatu gabe dituzten emakumeen historietara hurbiltzeko proposamena egiten du. Argazkiekin batera, Miren Amuriza Plazak idatzitako testuak daude, non interpretazio literarioak eta kontakizun posibleak planteatzen baitira, erretratatutako eszenak oinarritzat hartuta. Ez dira lekukotza historikoak, irudiak ikuspegi desberdinetatik behatzera gonbidatzen duten narrazioak baizik.
Erakusketaren agertoki gisa Durangoko merkatua aukeratu izanari esker, argazki historikoen eta espazio horretan garatzen jarraitzen den jardueraren arteko lotura ezarri ahal da. Hain zuzen ere, irudi batzuek emakume baserritarrek lehenagoko merkatuetan izandako presentzia dokumentatzen dute; beren ustiategietako produktuak merkaturatzen zituzten han.
Emakume baserritarren elkarteekin ezarritako lankidetza
Ekitaldia Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barruan egin da. Emakumeek nekazaritzan, abeltzaintzan eta landa-inguruneetako bizitzan duten zeregina ikusaraztea da egun honen helburua.
Bizkaian, Foru Aldundiak lankidetza-ildo bat du Etxaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Saskia emakume baserritarren elkarteekin, Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusiarekin aldian-aldian egiten diren lan-mahaien bidez.
Saio horiek elkarrizketarako gune bat dira, esperientziak partekatzeko, nekazaritza-sektorean lan egiten duten emakumeen premiak identifikatzeko eta haien jarduera profesionalari eta lana egiteko baldintzei buruzko proposamenak biltzeko.
Lankidetza hori 2025eko abuztuan berritutako akordio batean jaso zen, eta lurraldeko emakume baserritarren elkarteekin egindako lan-mahaien bidez garatzen jarraitzen da.