14 DE azaroa DE 2024 11:50

Bizkaiak 130.000 euro bideratu ditu tokiko kirolariei laguntzeko, nazioarteko lehiaketetan parte har dezaten bultzatzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen deialdi bat onartu du, 2024ko azaroaren 26tik 2025eko azaroaren 24ra bitartean Estatuko eta nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten Bizkaiko kirolariei babesa emateko. Deialdiak izen-ematearen, joan-etorrien, egonaldiaren eta mantenuaren gastuak estaltzen ditu, eta tokiko talentua sustatzea du helburu, bai eta kirolariei lehia-maila gorenean sartzeko aukera erraztea ere.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere azken Gobernu Kontseiluan dirulaguntzen deialdi bat onartu du, 2024ko azaroaren 26tik 2025eko azaroaren 24ra bitartean nazioarteko eta estatuko federazioen egutegiko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten Bizkaiko kirolarientzat. 130.000 euroko aurrekontua duen deialdiaren helburua da kirola sustatzea eta lurraldeko kirolariei laguntzea errendimendu handirako bidean.

Deialdia Bizkaiko Foru Aldundiak kirola eta kirol-espiritua sustatzeko duen konpromisoari erantzuten dio. Horretarako, kirola egiteko aukerak eskaintzen ditu, eta lagundu egiten die gaitasun nabarmenak dituzten kirolariei estatuko zein nazioarteko lehen mailako lehiaketetan. Alde horretatik, Aldundiak bi egiteko ditu: batetik, Bizkaian kalitatezko kirol-ekitaldiak egin daitezen sustatzea, eta, bestetik, maila gorenean lehiatu nahi duten kirolariei zuzeneko laguntza eskaintzea.

Lehiaketa-gastuetarako finantzaketa

Diru-laguntzaren helburua kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzearen ondoriozko gastuen zati bat finantzatzea da, izen-ematea, egonaldia, joan-etorriak eta mantenua bezalako kontzeptuak barne. Banakako edo bikotekako probetan lehiatzen diren kirolariek parte hartu ahal izango dute, baldin eta lehiaketa horiek nazioarteko federazioen eta estatuko federazioen egutegietan sartuta badaude.

Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak eta epeak

Dirulaguntzak 2009. urtean edo lehenago jaiotako kirolarientzat dira, baina, salbuespen gisa, data horren ondoren jaiotakoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta Bizkaiko Foru Aldundiak berak "etorkizun handiko kirolari" edo "aurre-promesa" gisa aitortu baditu. Muga horrek bermatzen du laguntzak eskolaz kanpoko mailan lehiatzeko adinean dauden kirolariei zuzenduta egotea.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 16tik 2025ko abenduaren 1era izango da, egun bi horiek barne. Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira, www.ebizkaia.eus webgunean.

Deialdiaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du lurraldeko kirol-garapenarekiko konpromisoa, eta funtsezko babesa ematen die Bizkaia estatuan eta nazioartean ordezkatzen duten eta lehia-ibilbidean bikaintasuna lortu nahi duten kirolariei.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp