Berriak
2026(e)ko urtarrilakren 22(a) 20:00
Bizkaia Kirolur 2026: Mugarri bat lurraldeko kirol-sistemarako
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Ahaldun nagusiak Bizkaiko kirol ordezkaritza bat hartu du gaur arratsaldean Foru Jauregian, Bizkaia Kirolurren hasierako ekitaldi ofizialean.
Kirolur
2026a urte historikoa izango da Bizkaiko kirol-sistemarako, ACES Europek Europako Kirol Lurralde izendatu ondoren. Bizkaia Kirolur lelopean, ekitaldi handietatik harago, egunero-egunero jarduera fisikoa egitea ahalbidetzen duen kirol-sarea benetako protagonista izango duten hamabi hilabete bizitzeko prestatzen ari da lurraldea.
Urtean zehar, Bizkaiko kirol-sistema osatzen duten pertsona eta eragile guztien —klubak, federazioak, teknikariak, boluntarioak, familiak, kirolari profesionalak eta oinarrizko kirolariak— lana aitortu eta eskertu nahi da, bai eta Bizkaiko Foru Aldundia azken urteotan lantzen ari den mezua indartu ere: kirola oso garrantzitsua da gure bizitzan, bizitzako etapa guztietan eta pertsona guztientzat, edozein dela ere haien adina, generoa, gaitasuna edo egoera sozioekonomikoa.
Egutegiaren barruan izan ohi diren kirol-lehiaketa, -proba eta -ekitaldiez gain, Bizkaiak jarduera-programa espezifiko bat izango du 2026an, izendapen hori ospatzeko eta Bizkaia Kirolur ezagutzera emateko, herritarrei zein kanpokoei.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi duenez, aurten, pertsona guztiak kirol-jarduerara hurbiltzeko jarduerak bultzatuko dira, edozein izanik ere haien egoera. "Kirola jarduera fisiko osasungarri gisa ulertzen dugu, ongizate fisiko eta emozionala ematen duena, baina, batez ere, harreman sozialak eta komunitatea eraikitzen dituena. Horregatik, Bizkaiak aurten Kirolaren Europako Lurralde gisa duen titulua, beste ezeren gainetik, hori posible egin duten milaka pertsonen aintzatespena da."
Jardueraz eta aintzatespenez betetako urtea
Urtea urtarrilean hasiko da, Bizkaia Kirolur 2026 ofizialki aurkezten zaienean lurraldeko udalei eta teknikariei, kirolaren arloan estrategiak lerrokatzeko, indarrak batzeko eta erakundeen arteko lankidetza-sare bat finkatzeko.
Gero, otsailean eta martxoan, dagoeneko finkatuta dauden hitzorduen edizio bereziak egingo dira, hala nola Bizkaialde Gala eta Bizkaia Kirolak Sariak. Aurten, Bizkaiko kirolaren atzean dagoen ahalegin kolektiboaren aintzatespenean jarriko dute arreta, oinarritik hasita eliteraino.
Garrantzi berezia izango dute, halaber, eskola-kiroleko finalek, txikienek jarduera fisikoa egitea sustatzea oraindik ere Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren zutabeetako bat baita. Final horiek bizi-ohitura osasungarriei, berdintasunari eta joko garbiari buruzko funtsezko mezuak indartzeko baliatuko dira.
Jardueren egutegia
Ia hilero kirol-jarduera berezi bat egingo da lurraldean. Hauek dira programatutako ekintzetako batzuk:
1. Pasa Baloia Neska emakumeen futbol-txapelketa
2. Bizkaiko eskola-kiroleko finalak
3. Munduko kirolak
4. Udako eta neguko Kirol Jaiak
5. Deiadar-mendiak
6. Egokirol jaia (kirol egokituaren jaia)
7. Marka Hautsiz (errelebokako maratoi erdiko munduko errekorra)
8. Bizkaiko udaletako kirol-arduradunen topaketa
9. Bizkaiko udalerrien arteko kirol-liga
10. Emakumeak Bizkaiko Gailurretan (Bizkaiko Mendizale Federazioa)
11. Nagusilariak: adineko aktiboen astea.
Bizkaia Kirolur 2026 programari, jardueren egutegiari eta parte hartzeko moduei buruzko informazio eguneratu guztia www.kirolur.eus webgunean eta sare sozialetan (Instagram edo TikTok, adibidez) eskuratu ahal izango da.
Gogoeta eta eztabaidarako unea
Aurrekoaz gainera, aurten martxan jarriko dira sektoreko profesionalei, udal-arduradunei, federazioei eta kirolariei zuzendutako jardunaldi teknikoak, mintegiak eta topaketak, eztabaidatzeko, esperientziak partekatzeko eta Bizkaiko kirol-sistemaren etorkizunari buruz hausnartzeko gune bat sortzeko.
Jarduera horietan honako gai hauek aztertuko dira, besteak beste: kirol-ekitaldien jasangarritasuna, genero-berdintasuna kirolean, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa, berrikuntza instalazioen eta kluben kudeaketan, edo kirolak gizarte-kohesioan eta osasun publikoan duen eginkizuna. Hala, Bizkaia Kirolur 2026 aukera bat izango da, halaber, egungo eredua berrikusteko eta datozen hamarkadetako Bizkaiko kirol-sistemaren diseinuan aurrera egiteko.
Kirol-ekitaldi handiak Bizkaian
2026an zehar, Bizkaia estatuko eta nazioarteko kirol-ekitaldi handien agertokia izango da, eta lurraldeak goi-mailako lehiaketak eta probak antolatzeko erreferente gisa duen posizionamendua indartzen lagunduko dute. Besteak beste, aurten, txapelketa hauek egingo dira lurraldean: Europako J80 Bela Txapelketa, Getxon, edo San Mamesen jokatuko diren Challenge Cup eta Investec Champions Cup errugbi-txapelketetako finalak. Hitzordu horiez gain, ohikoak diren kirol-jarduera hauek ere izango dira, besteak beste: ACT Ligako estropadak, atletismo-probak (Berangoko Milia edo Zornotzako Nazioarteko Krosa, adibidez), txirrindulari-lasterketak (Itzulia edo Bizkaiko Bira) edo beti ikusmina sortzen duen Punta Galea Big Wave Challenge surf-lehiaketa. Ekitaldi horiek guztiak funtsezkoak izango dira Bizkaia Kirolur sustatzeko, mezua bizkaitarrei helarazteko eta Bizkaiak kirol-lur gisa duen irudirik onena kanpora proiektatzeko.
Oro har, aurreikuspenen arabera, aurten Bizkaiak 15 kirol-jarduera berezi inguru izango ditu Bizkaia Kirolur 2026 programari lotuta, eta guztira 30.000 parte-hartzaile izango ditu, zuzenean eta zeharka, kirolariak, teknikariak, boluntarioak eta ikusleak kontuan hartuta.
Bizkaia, kirolerako lurra
Europako Kirol Lurralde izendatzeak aukera emango dio Bizkaiari kirol-eremuan aparteko urte bat bizitzeko. Aurten, lurraldeko ohiko kirol-jarduera balioetsiko eta ikusaraziko da, eta, aldi berean, ekimen eta ekitaldi berriak bultzatuko dira, Bizkaiak pertsona guztientzat eta bizitzako etapa guztietan kirol irisgarria izateko duen konpromisoa indartzeko.
Hautagaitza martxoan aurkeztu zuen jendaurrean Ahaldun Nagusiak, Bizkaia Kirolak sariak banatu zirenean. Kirolur lelopean —"kirol" eta "lur" hitzen lotura, Bizkaia itsasoko zein lehorreko kirolerako lur gisa irudikatzen duena—, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin zuen kirolaren alde egin duen apustua, kirola gizarte-kohesioa, osasun publikoa eta garapen jasangarria lortzeko eragilea dela ulertuta.
Ondoren, maiatzean, ACES Europe entitatearen ordezkari batzuen bisita hartu zuen Bizkaiak, ebaluazio-prozesu zorrotz bat egiteko. Hemen egon ziren bitartean, entitatearen ordezkariek zuzenean ezagutu ahal izan zituzten lurraldeko kirol-azpiegiturak, bai eta abian zeuden proiektuak eta programak ere, eta baloratu ahal izan zuten bat zetozela antolakundeak ezarritako irizpide zorrotzekin.
ACES Europe entitateak bereziki nabarmendu zuen Bizkaiak kirolaren balioekin duen konpromisoa, bai eta kirola inklusioa sustatzeko eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko tresna moduan erabiltzen duela ere. Europako Kirol Lurralde izendatzea bultzada erabakigarria izango da lurraldean kirol-jarduera indartzeko, Bizkaiko kirol- eta ongizate-eredua finkatzeko eta nazioartean ezagutzera emateko.