2026(e)ko maiatzakren 07(a) 11:45

Bizkaiak aurretiko hitzordua hartzeko aukera emango du errenta-aitorpena telefonoz egiteko

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Modalitate berriari esker, arreta pertsonalizatua hartu ahal izango da bulegoetara joan beharrik izan gabe

Ostegun honetatik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak aukera emango du errenta-aitorpena telefono bidez egiteko, aurretiko hitzordua eskatuta. Modalitate berri horretan, arreta pertsonala emango da, eta herritarrei lagunduko zaie izapide hori egiten.

Ostiralean, bihar, hitzordua eskatuta daukaten pertsonak Ogasunaren deiak hartzen hasiko dira aldez aurretik hautatutako orduan, eta errenta-aitorpena telefonoz egingo dute.

Sistema berrirako aurretiko hitzordua www.bizkaia.eus/renta webgunean eska daiteke, edo ERRENTA25eko telefonoan, hau da,     (94 406 6600). Batean zein bestean, data bat eta bi orduko tarte bat esleituko dira, eta, tarte horretan, Ogasuneko langileak jarriko dira zergadunarekin harremanetan.

Telefono bidezko aurretiko hitzordurako, arreta presentzialerako prozedura bera bete behar da; hala ere, abantaila bat ekarriko du: errenta-aitorpena egin ahal izatea bulego batera ere joan gabe. Gainera, herritarrek beraiek aukeratu ahal izango dute noiz hartu nahi duten arreta, eta zerbitzua beren beharretara egokitu.

Telefono bidezko arreta Ogasuneko 12 bulegoetan arreta ematen duten profesional kualifikatu berberek emango dute, eta, horrela, bermatuta egongo da zerbitzua pertsonalizatua eta kalitatekoa dela.

Ekimen horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak aukerak zabaldu ditu errenta-aitorpena egiteko erraztasunak emateko, herritarrei alternatiba eroso eta irisgarri bat eman die eta.