2024(e)ko urriaren 23(a) 11:00

Bizkaiak 155.000 euro bideratuko ditu kirol-teknikariak prestatzeko beketarako

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 155.000 euro bideratu ditu kirol-teknikarien prestakuntzarako beketarako, 2024ko irailaren 12tik 2025eko irailaren 11ra bitartean egindako kirol-ikasketen matrikula-gastuak finantzatzeko. Helburuak dira kirolarien errendimendua hobetzea eta kirol-teknikarien prestakuntza eta haien kualifikazio-maila sustatzea, bakoitzaren jardun-arloan.

Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-teknikarien prestakuntzarako bekak eskatzeko epea ireki du. Beka hauek 2024ko irailaren 12tik 2025eko irailaren 11ra bitartean kirol-prestakuntza gainditu duten profesionalentzat dira. Beka eskuratzeko eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus).

155.000 euroko inbertsioarekin, foru-erakundeak sarbide-probaren eta kirol-ikasketen matrikula-gastuak finantzatu nahi ditu, bai araubide bereziko ikasketenak, bai aldi baterako ikasketenak. Gainera, eskola-kiroleko monitore laguntzaileen ikasketak ere sartzen dira, baldin eta aipatutako aldian gainditzen badira.

Beka hauen helburu nagusia da Bizkaiko Lurralde Historikoko kirol-klub eta -elkarteetako teknikarien prestakuntza-maila hobetzea, eta, horrela, tokiko kirolarien errendimendu optimoa lortzen laguntzea. Era berean, erakundeak kirol-teknikarien prestakuntza eta kualifikazioa sustatu nahi ditu, bakoitzaren jardun-eremuan, Bizkaiko kirol-sistema hobetzeko, eta aurrea hartu nahi dio Euskal Autonomia Erkidegoko lanbideei buruzko legeari. Aurreikuspenen arabera, 2026an aplikatu beharko da.

Oraingoa zazpigarren deialdia da, eta berretsi egiten du Bizkaiko kirolari guztiak profesional onenen ardurapean izan daitezen egin den apustu erreala, irmoa eta planifikatua.

Nabarmentzekoa da deialdi honek zazpi urte hauetan izan duen bilakaera, hasierako 30.000 euroko inbertsioa izatetik gaur egun 155.000 eurokoa izatera iritsi baita. Halaber, bilakaera izan da eskabideen kopuruan: lehenengo urteko 33 eskabideetatik 2023-2024 denboraldiko 460 eskabideetara.

Beka eskuratzeko eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus).

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp