2024(e)ko urtarrilakren 18(a) 12:00

Bizkaiak Gurutzetako bide-aldagunearen bigarren fasearen proiektua onartu du

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

11,9 milioi euroko inbertsioarekin, jarduketa honek ahalmena handituko du eta bide-segurtasuna hobetuko du BI-30 errepidean (lehen, N-637), Arrontegiko zubitik Gurutzetako lotuneraino doan tartean. Aurreikuspenen arabera, lanak uda ostean hasiko dira.

Leixuri Arrizabalaga eta Arantza Atutxa, prentsaurrekoan

Ostegun honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak baimena eman du Gurutzetako bide-aldagunearen bigarren fasea eraikitzeko proiektua egiteko. 11.983.151 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta 21 hilabete inguru beharko dira obrak egiteko. Proiektuaren fase honek 2023ko azarotik erabilgarri dagoen bide-aldagunearen zabalkuntza osatuko du.

Jarduketa hau funtsezko bi helbururekin diseinatu da. Alde batetik, bide-ahalmena handitu nahi da, trafikoaren arintasuna nabarmen hobetzeko gure lurraldeko trafiko handieneko guneetariko batean. Bestalde, bide-segurtasuna hobetzea eta ingurune seguruagoa sortzea proposatzen du proiektuak. Aurreikuspenen arabera, lanak uda ostean hasiko dira.

Proiektuaren deskripzioa

Proiektuan erreiak berrantolatzea sartzen da. Gaur egun, zubiak hartzen duen zatiak lau errei ditu, eta, gero, bost errei daude. Haietako bi Barakaldorantz doaz. Jarduketa egin ondoren, birbanatu egingo dira erreiak, errepide nagusian lau errei izateko, Bilbo eta Santanderrerako bidebanatzeraino, eta beste errei bat, Barakaldora joateko.

Era berean, hegal-egitura berria gehituko da, eta Artzain Ona kalearen gaineko bidezubia zabalduko da. Zehazki, bi zubi biki eta independente egingo dira, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bat. Hegal-egituraren eta Artzain Ona kaleko bidezubiaren inguruan pantaila akustikoak eta euste-hesiak jarriko dira, eremu horretako soinuaren kalitatea eta segurtasuna hobetzeko. Proiektuak zarata, partikulak eta zikinkeria ahalik eta gehien murrizteko materialak eta diseinuak bilatzeko aukera nabarmentzen du, inguruko eraikinei ahalik eta gutxien eragiteko.

Lehen fasea martxan dago

Bide-aldagunea zabaltzeko lehen fasea azaroaren amaieran jarri zen martxan, bi urtez obrak egiten jardun ondoren. Jarduketa honen bidez, BI-30 errepidean (lehengo N-637) hiru erreiren ordez lau errei jartzea lortu da, trafiko handia arintzeko eta lotune horretako txirikordatze-eremuko segurtasuna hobetzeko. Izan ere, lotune horretan, Santanderretik, Ezkerraldetik eta Bilbotik datozen 250.000 ibilgailu elkartzen dira egunean, batez beste.

Jarduketa honek BI-30 autobideko 1.200 metro inguru hartzen ditu, eta luzatu egiten du Max Center merkataritza-zentrotik eta Bilbotik datozen A-8ko trafikoak elkartzen diren zatia. Halaber, Gurutzetatik datorren eta Barakaldo-Lutxanara doan trafikoaren segregazio eraginkorragoa ahalbidetzen du.


Bideoak