Berriak
2026(e)ko azaroaren 03(a) 12:08
Bilboko jardunaldi batzuek agerian jarriko dute 1526an onetsi zenetik Bizkaiko Foru Berriak utzi duen arrasto juridikoa
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Zuzenbideko Euskal Akademiak hiru ziklo antolatu dituzte, azaroaren 4an, 12an eta 19an, arlo juridikoko eta instituzionaleko adituek Foru Zuzenbidearen egungo proiekzioa eta erronkak aztertu ditzaten arlo publikoan, pribatuan eta linguistikoan. Hiru saioetarako sarrera doakoa izango da, aldez aurretik izena emanda secretaria@avd-zea.com helbide elektronikoaren edo 944 255 715 telefono-zenbakiaren bidez
Bizkaiko foru-erakundeek eta komunitate juridikoak Bizkaiko Foru Berriaren V. mendeurrena (1526-2026) gogora ekarriko dute, forutasunaren gaur eguneko proiekzioa ikuspegi juridikotik eta herritarretik landuko duen sinposio-zikloaren bidez. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Zuzenbideko Euskal Akademiak antolatu dituzten saioak azaroaren 4an, 12an eta 19an Bilboko egoitza instituzional desberdinetan egingo diren gaikako hiru jardunalditan egituratuko dira. Egitarauak jurista, irakasle, zuzenbideko profesional eta ordezkari politikoak bilduko ditu, orain dela 500 urte onetsitako Bizkaiko Foru Berria lotura-elementutzat hartuta, autogobernuaren bilakaera historikoaz eta erronkez, zuzenbide zibilaz eta lurraldearen errealitate juridiko-linguistikoaz hausnartzeko.
Lehenengo jardunaldia datorren azaroaren 4an hasiko da Bizkaiko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) eta Zuzenbide Publikoko Sinposioan ardaztuko da. Irekiera-ekitaldi ofizialak ekitaldiaren erakunde antolatzaileen esku-hartzeak izango ditu. Egun horretan 1526ko Foruak XXI. mendeko gobernantza demokratikorako dituen edukiak aztertuko dira, Santiago Larrazabal Basañez, Nere Jone Intxaustegi Jauregi, Elixabete Piñol Olaeta, Fernando Rey Martínez eta Joana Abrisketa Uriarte bezalako hizlarien parte-hartzearekin, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Tatiana González San Sebastiánek moderatuta. Horrez gain, José Miguel Gorostiza Vicentek moderatuko du Batzar Nagusietako bost taldeetako ordezkariek, Julen Karrión Lamikizek, Edriga Aranburu Agirrek, José María Portillo Valdések, Diego Pagadigorria Wickek eta Roberto Uriarte Torrealdayk, parte hartuko duten autogobernuaren erronkei buruzko mahai-ingurua. José Ramón Intxaurbe Vitoricak moderatuko duen arratsaldeko saioak fiskalitateari eta udal-erakundeei buruzko hitzaldiak izango ditu, Alberto Atxabal Rada eta Ignacio Javier Etxebarria Etxeitaren eskutik.
Zuzenbide Pribatuko Sinposioari eskainitako bigarren saioa azaroaren 12an egingo da Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan. Jardunaldi horretan pertsona, familia, tronkalitatea eta 1526ko Foruarekin zuzenean lotuta dauden foru-oinordetzen inguruko gaiak eztabaidatuko dira. Hizlari eta moderatzaileen artean juristak, irakasleak eta zuzenbideko profesionalak egongo dira, besteak beste, Igone Aretxaga González, Borja Iriarte de Ángel, Gema Tomás Martínez, Inmaculada Guantes Uriarte, María Paz García Rubio, Jesús Fernández Bilbao, Javier Oñate Cuadros, Diego María Granados de Asensio, María López Prieto, Mario Martínez de Butrón Martínez, Óscar Monje Balmaseda, Francisco Javier Osa Fernández eta José Javier García Ross.
Zikloa azaroaren 19an amaituko da Euskaltzaindiaren egoitzan, azken 500 urteetan Bizkaiko Foru Zuzenbidearen eta euskararen arteko elkarbizitzari eskainitako jardunaldi monografikoarekin. Hasierako ekitaldiaren buru Andrés María Urrutia Badiola euskaltzainburua eta Zuzenbideko Euskal Akademiako presidentea eta Elixabete Piñol Olaeta Zuzenbideko Euskal Akademiako presidenteordea izango dira. Hizkuntza-eskubideei, historiari eta foruaren inguruko euskal letretako ondare literarioari buruzko hitzaldiak Josu Erkoreka Gervasiok, Gotzon Lobera Revillak, Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarriak eta Koldo Bijueska Basterretxeak emango dituzte. Elisabete Piñol Olaetak eta Igone Etxebarria Zamalloak moderatuko dute.
Ospakizun-jardunaldi horien barruan hainbat argitalpen espezializatu aurkeztuko dira, besteak beste, Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako 13. zenbakia, Fuero Nuevo de Vizcaya (1526) izenekoa, Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskaraz lanari eskainitako 14. zenbakia, eta MINOR bildumako 15. alea, euskaraz. Modu berean, bertaratutakoek Euskal Zuzenbide Zibila eta Hitzak Lege erakusketak bisitatu ahal izango dituzte.
Ziklo horiek, ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak barne hartzen dituen egitarau askotarikoarekin Bizkaiko Foru Berriaren V. mendeurrena gogora ekartzeko urte osoan zehar egiten ari diren ekitaldien parte dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dituzten jarduera horien helburua, 1526an onartutako Foru Erreformatuaren garrantzi historiko eta garaikidea herritarrei hurreratzea da.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp