2026(e)ko urriaren 29(a) 11:40

Bilboko 500 familia inguruk parte hartuko dute Euskararen Kriseiluan, etxean euskararen erabilera sustatzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean garatzen duten ‘Bizkaian bagara. Berbak zubi’ programaren baitan, ‘Euskararen Kriseilua’ dinamika martxan jarriko da Bilboko 12 ikastetxetan, azaroaren 21era bitartean. Egitasmoak familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egin eta ohitura horiek euskarara hurbiltzea du helburu.

Aldundiko, Bilboko Udaleko eta Taupako ordezkariak ‘Euskararen Kriseilua’ programaren aurkezpenean, hiriko 12 ikastetxetara iritsiko dena.

Euskararen Kriseilua Bilbora iritsiko da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak martxan jarritako Bizkaian bagara. Berbak zubi programaren baitan. Programak euskararen erabileraren inguruan askotariko herritarrak aktibatzea eta antolatzea du helburu. Horretarako, bi erakundeak elkarlanean arituko dira 2027. urtera bitartean.

Euskararen erabileran beharrezkoa den goranzko jauzia eman dadin euskararen aldeko komunitate aktiboak indartu nahi dira programarekin. Erabileraren aroan gaude eta erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea.

Euskararen aldeko tokian tokiko sarea zabaldu eta aberasteko asmoarekin, Euskararen Kriseilua abiatu da Bilbon.

Euskararen Kriseilua: etxez etxe pizten den sua

Euskararen Kriseilua familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egin eta ohitura horiek euskarara hurbiltzea helburu duen ariketa parte hartzailea da. Etxeko hizkuntza ohiturek eta jarrerek sekulako eragina dute euskararen erabileran eta etxeko txikiei berau transmititzeko ardura denona da.

Euskararen Kriseilua etxez etxe doa. Eskolatik etxera, etxetik eskolara. Elkarri kriseilua pasa eta sua piztuta mantentzeko ardura partekatuz. Kriseiluaren sua bezala, euskara gure ahotan piztuta egon dadin, etxetik hasi behar dugulako.

Egitasmoaren bitartez tokiko familiak suaren zaindari izatera gonbidatzen ditu kriseiluak, euskara gehiago erabiltzeko erronkak hartzeko gonbidapena eginez euskararen garra sekula itzali ez dadin.

Kuriositate gisa, Artxandape Ikastolako ikasleek kriseilua txangora ere eraman zuten, eta oso ondo zaindu zuten. Horrela, etxetik kanpo ere, denek batera bizipen eder bat izan zuten.

Ekimenak 12 ikastetxe eta 496 haur hartzen ditu kontuan.

Ikastetxeak:

•               Artxandape Ikastola

•               CPI Pagasarribide IPI

•               Fray Juan Ikastetxea

•               Intxixu Ikastola

•               Iruarteta BHI

•               San Ignazio Eskola

•               Tiboli Eskola

•               Uribarri Eskola

•               Urretxindorra Ikastola

•               Zazpilanda Eskola

•               Zurbaran HLHI

•               Zurbaranbarri HLHI

Kriseiluaren bidez, euskararen transmisio emozionala eta etxeko hizkuntza-ohituretan eragiteko aukera zabaltzen dira, herriz herri, auzoz auzo, komunitatea aktibatuz eta erabilerarako sua pizten lagunduz.

 

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp