2025(e)ko maiatzakren 22(a) 13:20

Bertso Ardatz ekimena Bizkaiko egoitzetara itzuli da, memoria eta ongizate emozionala sustatzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Iaz gauzatu zen lehen edizioak izandako harrera ona ikusita, Bizkaiko egoitzek berriro bat egin dute ‘Bertso ardatz’ ekimenarekin, bertsolaritzaren bidez egoiliarren gaitasun kognitiboak motibatu eta hobetzeko.

Leixuri Arrizabalaga eta Amaia Antxustegi

Iazko lehen edizioan izandako arrakasta eta gero, berriro jarri da abian Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoentzako udal-egoitzekin lankidetzan sustatutako Bertso Ardatz kultura-ekimena, egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzeko bertsolaritzaren bidez, hau da, euskal kulturaren adierazpen adierazgarrienetako bat denaren bidez.

Saioetan, bertsolariek eta egoiliarrek oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak partekatzen dituzte bertsoen inprobisazioaren bidez, eta giro hurbila eta parte-hartzailea sortzen dute. Esperientziak erakutsi du oso onuragarria dela, bai burua aktibo mantentzeko, bai parte hartzen dutenen lotura sozialak eta emozionalak indartzeko.

Bigarren edizio honetan, 2024an proiektuan parte hartu zuten zentroek parte hartuko dute berriro: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxano. Zikloa joan den astean hasi zen, Gernikan, eta egoitzaz egoitza ibiliko da uztailaren 7ra arte; Markinan amaituko da.

Pertsona ardatz duen metodologia

Saio bakoitza egin baino lehen, egoitzetako dinamizatzaileek adineko pertsonekin batera lan egiten dute, bertso tradizionalen eta herri-kanten inguruan dituzten gustuak eta lehentasunak identifikatzeko. Informazio hori bertsolariei helarazten zaie, eta, hala, saio pertsonalizatuagoak eta esanguratsuagoak prestatzeko aukera dute. Horri esker, indartu egiten da artisten eta parte-hartzaileen arteko lotura.

Onura emozionalak eta sozialak

Bertso Ardatzen onurak entretenimendutik harago doaz. Jarduera horrek bizi-kalitatea eta osasun mentala hobetzen laguntzen du, baita bakardadeari eta depresioari aurre egiten ere, umorearen, artearen eta interakzioaren bidez. Horrez gainera, kideen arteko elkarrizketa sustatzen du, eta bizipenak partekatzeko eta komunitate-sentimendua indartzeko espazioak sortzen dira.

Proiektuaren helburua da adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea, eta, horretarako, kultura-esparruan duten zeregina indartzea, emozionalki aberasgarria den ondo pasatzeko eta parte hartzeko jarduera baten bidez.


Bideoak