2026(e)ko martxoakren 06(a) 12:33

Batzar Nagusiek aintzat hartu dute Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren lana

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Instituzioen eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketarako Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako organoa da Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua

.

Keila Vizarraga Motos: "Kalearen eta administrazioaren arteko topaketa da"

Bizkaiko Batzar Nagusiek aitortu dute Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren lana, eta organoari omenaldia egin diote Emakume Hautetsien topaketan, zeina urtero antolatzen baita Bizkaiko parlamentuan matxoaren 8aren inguruan Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta.

Bizkaiko Foru Aldundiak Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bidez sustatutako organo bat da Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua; haren jatorria Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2018 Foru Arauan bilatu behar da. Parte-hartzeko espazio bat da, non batzen baitira elkarte feministak, emakumeen elkarteak eta euren helburuen eta eginkizunen artean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea duten beste erakunde eta organismo batzuk.

Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren jarduna aitortzeko ekitaldian parte hartu dute ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuneko arloko arduraduna den Teresa Laespadak.

Kontseiluaren ordezkari gisa, berriz, haren oraingo presidente Keila Vizarraga Motosek parte hartu du. Bere berbaldian hau adierazi du: "Gaur, hemen, kalearen eta administrazioaren arteko topaketa irudikatzen dugu. Gizarte zibilaren eta erakundearen artean. Bat egiten duten espazioak direla erakusten dugu. Gauzak aldatu eta aurrera egin ahal dugula erakusten dugu, elkarrekin egiten badugu. Gure elkarteetan eta Kontseiluan bezala, emakume hautetsien eta gizarte zibilaren arteko topaketa honetan bezala", gaineratu du.