05 DE azaroa DE 2026 16:45

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 257 milioi euro izango ditu datorren urtean eta 164 milioi errepideen foru-sarearen mantentze-lanetarako izango dira

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Aurrekontu horri esker, bidegorri gehiago egingo dira, lehendik hasitakoek segida izango dute, proiektu estrategikoetan aurrera egingo da, eta bide-kudeaketan digitalizazioa eta adimen artifiziala sartuko dira

Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Departamentuaren aurrekontuaren aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 257 149 519 euroko aurrekontua izango du, 2026an baino % 2,58 gehiago. Kontuak egiteko, kontuan hartu dira legegintzaldiko lau ardatz handi hauek: azpiegiturak, Bizkaia eraldatzeko elementu gisa; bide-azpiegiturei aplikatutako berrikuntza; foru-sarearen jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa, eta lurralde orekatu baten etorkizuneko garapena prestatzea.

Aurrekontu-ahalegin nagusietako bat errepideen foru-sareko 1300 kilometroen gaur egungo estandarrari eustea da, urteko 365 egunetako 24 orduetako arretarekin. Helburua hori denez, 163,6 milioi euro bideratuko dira Bizkaiko bideen kontserbazio- eta mantentze-lanetara. Kopuru horrek hauek hartzen ditu barnean: 66,4 milioi, azpiegitura bidesaridunetarako; 86,6 milioi, errepide-sarerako eta bizikleta-bideetarako; eta beste 10,6 milioi, errepideak hobetzeko eta kontserbazio-lanak egiteko. Azken atal horretan, besteak beste, jarduketa hauek daude: bide-zoruak berritzea, BI-10 errepidearen ahalmena handitzea; Gordexolako tunela egokitzea, eta Gamiz-Fikako Ergoiengo bidegurutzea berrantolatzea.

Beste 8 milioi inguru euro bide-segurtasuna eta foru-sarea hobetzeko izango dira. Kontu-sail horri esker, finantzaketa izango dute errepideen segurtasuna handitzeko jarduketek eta esparru horretako laguntza teknikoak, azterlanek eta proiektuek; Zaldibarko zeharbidea, Loiuko biribilguneak, Sopuertako biribilgunea eta Berriatuko zeharbidea nabarmentzen dira. Multzo horretan, halaber, aurreikusita daude, batetik, Basalanekiko hitzarmena –errepideei loturiko lorategi-eremuen mantentze-lanetarako.

Azpiegituren garapenak 10 milioi euro izango ditu. Zenbait jarduketa daude aurreikusita, hala nola Muxikako pasabidea, proiektuetarako laguntza teknikoarekin, azterlanekin eta idazketarekin batera: Isparter-Ereño, Traslaviña-Turtzioz eta Muxika. Multzo horretan, garrantzi berezia du etorkizuneko azpiegituren plangintzan aurrera egiteak, esate baterako, Errekaldeko saihesbidearen eraikuntza-proiektuaren eta Muskizko saihesbidearen proiektuaren idazketan. Halaber, kontuek zarataren aurkako laguntzak jasotzen dituzte fatxadetan jarduteko eta pantaila akustikoak jartzeko Galdakaon.

17 milioi bidegorri-sarea hedatzen jarraitzeko

Bizikleta-mugikortasun jasangarriak 17 milioi euro izango ditu eta baliatuko dira bai hasita dauden jarduketetan jarraitzeko, bai ibilbide berriei ekiteko, Bizkaiko bizikleta-sarea zabaltzen jarraitzeko aukeran. Aurrekontuari esker, bidegorri hauek jarraipena izango dute: Erletxe-Boroa, Erletxe-Larrabetzu, Etxebarria-Markina eta Alonsotegi, Boluetako Santa Ana zubiaz gain. Horiekin batera, beste bizikleta-ibilbide batzuk hastea aurreikusi da, hala nola Bengoetxe-Guturribai, Lezama, Sondika, Arrigorriaga-Ugao-Miraballes eta Trapagaran-Ortuella. Horrela, 2027rako plangintzan, konbinatuta daude lehendik hasitako konexioak egitea eta beste jarduketa-eremu batzuetan hastea; horrela, lurraldeko zenbait puntutan, mugikortasun jasangarrirako aukerak hedatzen segituko da.

Sailaren mende, Interbiaken foru-sozietatearen jarduketak ere badaude, eta gehitu egin behar dira. Izan ere, sozietate horrek, datorren ekitaldian, 202,5 milioi euro izango ditu lotuta bai jarduketa handiak gauzatzeko, bai proiektu gehiago prestatzeko. Gauzatzen ari diren jarduketen arteko batzuk hauek dira: All Iron pasabidea, Herrera-Malabrigo errepidea, itsasadarraren azpiko tunela, Markinako eta Ermuko (Urtia) saihesbideak, Artxandako tunelaren Salbe-Txorierri tartea konpontzea, eta Bidesarea Plana: Arratiarako biribilguneen proiektua, Txipioko sarbideak (Plentzia).

Aldi berean, Sollubeko proiektua, Ermuko saihesbidearen bigarren fasekoa (Ermua-Mallumendi) eta Elorrio-Kanpazarreko proiektua aurrera doaz idazketa-fasean, hori baita datozen urteetarako jarduketak prestatzeko lana.

Gainera, Interbiakek kudeatzen duen aurrekontuan, 10,5 milioi euro daude ordainpeko bideetarako hileko gastu-mugari lotutako dirulaguntzetarako, eta 52,8 milioi Gerediaga-Elorrio errepiderako.

Berrikuntza, adimen artifiziala eta adimen handiagoko errepideak

Berrikuntza ere bada 2027ko kontuen beste ardatz nagusietako bat. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak aurrera jarraituko du azpiegituren digitalizazioan, biki digitalean, drainatze jasangarriko sistemetan eta ekonomia zirkularrean, eta tresnak gehitzen joango da bide-sarearen gaineko jakintza, kudeaketa eta mantentze-lana hobeak izan daitezen. Horretarako, 5,9 euroko inbertsio bat programatu du.

Esparru horretan, Bide Berrikuntzako II. Plana garatuko da, eta Bizkaiko Korridore Kooperatiboa zabaldu. Horretaz gain, aurreikusita dago Errepideak Zaintzeko Sistema Adimenduna abian jartzea eta sailean bertan adimen artifiziala ezartzea.

Beraz, berrikuntza ez da planteatu esparru isolatu bat balitz bezala, zeharkako tresna bat baizik, Bizkaiko bide-azpiegituren etorkizuneko kontserbazioari, zaintzari, kudeaketari eta bilakaerari aplikatzekoa.

Azkenik, Azpiegiturak sozietateak 7,5 milioi euro izango ditu zenbait jardun-ildotarako; hauetarako, besteak beste: elkartegiak berritzeko plana, Bizkaia Dorrea alokatzea eta mantentzea, Meaztegi Golf klubaren kudeaketa, sozietate publikoaren bidez bideratutako inbertsioak, foru-etxebizitzetako mantentze-lanak eta lurzoruen kudeaketa.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp