2026(e)ko azaroaren 16(a) 17:21

Azaroaren 25eko Bizkaiko kanpainan, indarkeria matxistari EZ esaten dioten Bizkaiko gizon erreferenteak dira protagonistak.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Errespetatzen, entzuten, bat egiten eta esku hartzen duten gizonak eta emakumeen eskubide eta askatasunen alde egiten dutenak. Dani Álvarez (kazetaria), Ramón Barea (aktorea), Guillermo Buces (enpresaburua), Trygvi Hlinason (saskibaloiko jokalaria), Kepa Junkera (musikaria), Mikel Santiago (idazlea), Betto Snay (musikaria), Carlos Sobera (aurkezlea) eta Dani Vivian (futbolaria). Bizkaian 38 emakume erail dituzte indarkeria matxistaren ondorioz, 2004. urtean delitu horiek zenbatzen hasi zirenetik, eta iaz emakumeen aurkako hamar biktimizazio erregistratu ziren egunero.

.

Laespada: "Emakumeok aspaldi ari gara indarkeria matxistaren aurka borrokatzen. Orain gizonen txanda da"

Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari (azaroaren 25a) lotutako kanpaina aurkeztu du gaur. Kanpaina horretako protagonistak Bizkaiko gizon ezagun eta  erreferenteak dira, eta indarkeria matxistari EZ esaten diote.

Kanpainaren aurkezpenean, Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak nabarmendu duenez, funtsezkoa da Bizkaiko gizon erreferenteak izatea aurrerapauso bat eman eta indarkeria matxista gaitzesten dutenak; horrela, erakusten dute berdintasunaren alde eta emakumeen eskubide eta askatasunen alde errespetatzeko, bat egiteko, entzuteko eta esku hartzeko apostua egiten dutela.

Hona hemen gizon horien izenak: Dani Álvarez (kazetaria), Ramón Barea (aktorea), Guillermo Buces (enpresaburu), Trygvi Hlinason (saskibaloiko jokalaria), Kepa Junkera (musikaria), Mikel Santiago (idazlea), Betto Snay (musikaria), Carlos Sobera (aurkezlea) eta Dani Vivian (futbolaria)

Gizon horietako batzuk kanpainaren berri emateko prentsaurrekoan izan dira, eta bertan, Laespadak azaldu du Bizkaiko gizartean, beste hainbat gizartetan bezala, matxismoa eta gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria oraindik nagusitzen direla. Laespadak gaineratu duenez, argi esan behar da gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriak batez ere emakumeei egiten diela kalte.

Diputatuaren iritziz, beharrezkoa da gizonek gai hori modu publikoan agerian uztea. Emakumeok aspaldian egiten dugu. «Orain gizonen txanda da», adierazi du.

«Horregatik uste dugu zerbait gehiago eskatzeko unea heldu dela. Ez da nahikoa indarkeriarik ez erabiltzea. Ez da nahikoa hau esatea: “nik ez nuke inoiz joko emakume bat”. Hori, noski, jakintzat eman behar da. Behar duguna da berdintasunean sinesten duten gizonek desberdinkeriaren ikusle huts izateari uztea. Gizonek hitz egitea behar dugu, ozen gaitzestea, heztea, entzutea, emakumeekin bat egitea», zehaztu du.

Gainera, adierazi du erreferente diren gizon horietako batzuek harrera handiagoa izango dutela gazteen artean. «Gure gazteek beste maskulinitate-eredu batzuk ere topatzea behar dugu. Gizon izateko, errespetatzea, entzutea, zaintzea eta onartzea ere ezinbestekoa dela transmititzen dieten erreferente maskulinoak. Eta, batez ere, helarazten dietenak emakumeekin berdintasunean bizitzeak ez dakarrela ez espazioa ez askatasuna galtzea», gehitu du.

Emakumeen askatasuna

Era berean, aldarrikatu du jokoan dagoena zera dela, emakume batek aukera izatea beldurrik gabe bizi, maitatu, banatu, kalera irten, etxera itzuli, harremanak izan, lan egin edo, besterik gabe, ezetz esateko: hori bezain kontu erraz eta erradikala; izan ere, indarkeria matxistak emakumeen autonomia mugatzen duela, haien erabakiak baldintzatzen dituela eta haien askatasun-eremuak bahitzen dituela.

Bestalde, era berean kritikatu ditu «herritarren babes gero eta handiagoa duten eta gobernu postuak dituzten» formazioetako ordezkari politikoak, feminismoa «urrunegi» iritsi dela esatera ere heltzen baitira. Ildo horretan, defendatu du emakumeen eskubideak «ez direla ukitzen» eta beharrezkoa dela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko sistemak indartzen.

Indarkeria matxistaren zifrak

Indarkeria matxistaren zifrei dagokienez, adierazi du 38 emakume erail dituztela Bizkaian 2004az geroztik (zifren jarraipena egiten hasi zen lehen urtea). Bizkaian izan den emakume baten azken hilketa matxistan, biktimaren lankide izan zen hiltzailea, eta Barakaldon gertatu zen 2025aren amaieran.

Hilketez harago, biktimizazioen zifrak aztertzera ere bultzatu nahi izan du jendea, hau da, Ertzaintzak erregistratzen duen indarkeria matxista osoa aztertzera. Iaz, 2025ean, 3.595 biktimizazio erregistratu ziren Bizkaian emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz. Horrek esan nahi du hamar urte lehenago baino % 29,50 biktimizazio gehiago gertatu zirela (2015ean 2.776 izan ziren), eta hogei urte lehenago baino % 62,66 biktimizazio gehiago (2005ean 2.210 izan ziren).

Eta ohartarazi du eskura dauden 2026ko kopuruak ez direla hobetu. 2026ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak 3.044 biktimizazio zenbatu ditu Bizkaian. Iazko aldi berarekin erkatuta, % 11,75 gehiago da kopuru hori.

Laespadak gogorarazi du biktimek eskura dituztela Aldundiak eskaintzen dituen arreta-zerbitzuak. Alde batetik, 24 orduko krisi-zentroak sexu-erasoen biktimei ematen dien arreta. Beste alde batetik, Ate morea, biktimak arreta-sistema publikoarekin duen harremanaren lehen unetik jarduten du zerbitzua. Zerbitzu espezializatuetarako sarbidea errazten du eta laguntza integrala eskaini, aurretiazko izapiderik, salaketarik, erroldatzerik edo administrazio-erregularizaziorik egin behar izan gabe.

Hainbat modutan jar daiteke harremanetan zerbitzu horiekin.

Ate Morea arreta-zerbitzu integralerako, Bilboko Manuel Allende kaleko 10. zenbakira jo daiteke, 688 881 353 telefonora deitu, atemorea@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi edo atemorea.org web-orria erabili.

Sexu-erasoen biktimentzako arreta-zerbitzuaren kasuan, Ledesma kalea 10 bis zenbakiko zazpigarren solairura jo daiteke, 900 840 977 telefonora deitu edo atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi.

Kanpainaren zabalkundea

Kanpaina hau kartelen eta pegatinen bidez helduko da herritarrengana, eta hainbat lekutan jarri eta banatuko dira: saltokietan, jatetxeetan eta tabernetan, udaletan, osasun-zentroetan, kiroldegietan eta gimnasioetan, liburutegietan, ikastetxeetan, emakumeen erakunde eta elkarteetan eta Aldundiaren bulegoetan. Horrez gainera, CECOBI, Bilbao Dendak, Bizkaia Dendak eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen bidez, bai eta kirol-kluben bidez ere, hala nola Bilbao Basket, Lointek Gernika, Barakaldo Zuazo edo Athletic-en bitartez. Kanpaina orobat egongo da ikusgai hedabideetan, sare sozialetan eta garraio publikoan, eta Bizkaibusek inplikazio berezia izango du.


Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp