Berriak
2026(e)ko maiatzakren 27(a) 11:30
All Iron pasabidea muntatzeari ekin zaio Barakaldo eta Erandio lotuko dituen pasabidearen lehen zatiaren instalazio-lanekin
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
Goizaldean bi ibilgailu berezitan garraiatu da pieza, eta gaur goizean muntatzen hasi da bi garabirekin
All Iron pasabidea
Carlos Alzaga. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua: "Pasabidearen muntaketa, behar bada, prozesuaren faserik deigarrienetarikoa da"
All Iron oinezko eta bizikletentzako pasabidearen eraikuntzak aurrerapauso bat egin du plataformaren lehen zatiaren muntaketaz; funtsezko mugarri bat ezarri da Barakaldo eta Erandio lotuko dituen oinezko eta bizikletentzako egituraren eraikuntzan aurrera egiteko. Pasabidearen hasierako zatiaren bi pieza iritsi dira goizaldean Gasteizko Goros Koop. E. enpresatik, eta gaur goizean hasi dira pieza horiek instalatzeko lanak bi garabi erabilita.
Lehenengo pieza 32 metro eta 15 tonako albo-hegal bat da. Bigarren pieza, berriz, luzera bereko eta 50 tona inguruko metalezko kaxa bat da. Elementuen neurriak eta pisua kontuan hartuta, plangintza zehatza behar izan da piezen garraio-logistika eta muntaketa-maniobra errepide-azpiegituretara egokitzeko eta honelako operazio batek eskatzen dituen baldintzak betetzeko.
“Pasabidearen muntaketa, behar bada, prozesuaren faserik deigarrienetarikoa da” adierazi du instalazio-lanen hasiera ikustera bertaratu den Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak. Horretarako tonaje handiko garabiak eta ekipamendu lagungarri espezializatuak erabiltzen ari dira, pisu eta tamaina handiko elementuak zehaztasun milimetrikoarekin altxatzea edo kokatzea ahalbidetzen baitute.
Pasabide osoa 10 zatitan banatua izan da, haren eraikuntza errazteko eta tailerretik Barakaldo eta Erandiora garraiatua izan ahal izateko. “352,2 metroko egitura metalikoa da, 10 zutaberen gainean kokatutako kaxoi jarraituko sistemaren bidez eraikia, erdigunean zati mugikor bat duena”, azaldu du gaur goizean Carlos Alzagak obran bertan. Foru-diputatuak zehaztu bezala, egituraren ikuspegitik, konplexutasun teknikoko maila oso altua da, pasabideak luzetarako eta zeharkako maldak dituen bihurguneko geometria baitu. “Horrez gain, adierazi behar da egitura bao zentraletan ireki egiten dela, tamaina handiko itsasontziak pasa daitezen” zehaztu du.
Alzagak Suizako erlojuen mekanismoa aipatu du diseinuak, eraikuntzak eta ondorengo muntaketak izan behar duten zehaztasuna adierazteko, pieza bakoitza bere lekuan egokitu dadin, eta irekiera-maniobrak gorabeherarik gabe egin ahal daitezen. Horretarako, biraketa-koroak, eragiketa elektromekanikoak eta katigatze-gailuak sartu dira, kontrol- eta segurtasun-sistema erredundanteekin batera, operazioak zuzen egin daitezen.
Elementu metaliko bakoitza zehaztasun maila handiarekin ekoiztu da, mozketa-, mekanizazio-, mihiztatze- eta soldadura-prozesuen bidez. Industria-lan horrek pieza guztien kalitatea eta portaera egokia bermatzen du, pieza horiek puzzle bat bezala osa dezaten egitura”, adierazi du Alzagak.
Mugikortasun iraunkorra
Pasabide berria jartzeak helburu zehatza du: eguneroko joan-etorriak bizikletaz eta oinez egin daitezen bultzatzea, eta garraio publikoarekiko konektagarritasuna hobetzea. Proiektua mugikortasun-iraunkorra sustatzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera eta isurpen kutsatzaileak murrizteko Bizkaiko lurralde-estrategiaren parte da.
Jarduera 2023-2035 aldirako Bizkaiko Bizikleta-bideen Plan Sektorialaren barruan kokatzen da zehazki. Plan horrek L3 eta L4 lineak jasotzen ditu, eskuinaldean eta ezkerraldean, hurrenez hurren, udalerrien artean oinezkoen eta bizikleten konektagarritasuna hobetzeko.
Horrela, ibilbide alternatiboak sortuko dira, motordunen aldean, udalerrien arteko distantzia labur-ertaineko ibilbideetarako. Asmoa ez da soilik kirol-aisialdiko alternatiba bat izatea, baizik eta benetako alternatiba bat udalerri horien arteko edozein motatako joan-etorrietarako, hiri-mugikortasun iraunkorra sustatuz. Horrez gain, hiriko garraio kolektiboaren alde egiten du, Ezkerraldean trenarekin konektatzen baitu, eta Eskuinaldean metroarekin.
Pasabidearen funtzio praktikoaz haratago, All Iron itsasadarraren gaineko beste hiri-erreferente bat izan nahi du. Ingeniaritza, diseinu eta paisaiaren konbinazioak azpiegitura adierazgarria izango den pasabideari forma eman nahi dio. Izan ere, egitura hori pentsatuta dago hiri-konektagarritasuna hobetzeko, baina baita ingurunean era naturalean integratzeko ere.