Berriak
2015(e)ko urtarrilakren 26(a) 13:25
ALDUNDIAK JOSE MIGEL BARANDIARANEN LEGATUARI BURUZKO HITZALDI-ZIKLOA AURKEZTEN DU
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Jose Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurrena dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzaldi-zikloa antolatu du. Bertan ezagutarazi eta eztabaidatuko da antropologoak, etnografoak eta arkeologoak eginiko lana. Izan ere, Telesforo Aranzadi irakaslearekin eta Enrique Eguren geologoarekin batera, Euskal Arkeologiaren sortzaileetako bat da. Hitzaldi-zikloa. Jose Migel Barandiaran (1889-1991). 125. urtemuga izeneko zikloa 2015eko urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean, 12an eta 19an izango da Maria Diaz de Haro kaleko (Bilbo) 11.eko Ondare aretoan.
Abenduaren 31n bete dira 125 urte Jose Migel Barandiaran Ayerbe (Ataun, 1889-1991) jaio zela. Gertaera hori dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Jose Migel Barandiaran Fundazioak egitarau bat prestatu dute, eta bertan sakondu eta eztabaidatuko da Barandiaranek eginiko lana eta egungo ikerketetan izandako eragina.
Hitzaldi-zikloa
Hitzaldi-zikloan, gaur egun lanean ari diren zenbait ikerlarik hartuko dute parte, Barandiaranek hasitako kudeaketaren ildo beretik: Juan Carlos Lopez Quintanak, Joseba Rios Garaizarrek, Diego Garate Maidaganek edo Alvaro Arrizabalaga Valbuenak, besteak beste.
Askotariko gaiak lantzeko asmoarekin planteatu da zikloa, eta aldi berean, jorratuko diren gaiak gaurkotasun handikoak eta elkarren osagarriak izango dira.
Lehen hitzaldia urtarrilaren 29an izango da, 19:00etan. Juan Carlos Lopez Quintanak (AGIRI Arkeologia Elkartea) emango duen hitzaldian, Santimamiñe proiektuaren (1918-1926) jatorria eta esanahia azalduko dira Euskal Historiaurrearen abiapuntua den aldetik.
Bigarren hitzaldia otsailaren 5ean izango da, 19:00etan, Joseba Rios Garaizarren (CENIEH) eskutik. Bizkaian aire zabaleko historiaurreko aztarnategiak aurkitzeko eta induskatzeko lan zailak laburbilduko dira, Jose Migel Barandiaranen urratsei jarraituz eta aurkikuntza berriak baliatuz.
Diego Garate Maidaganek (Bizkaiko Arkeologi Museoa), otsailaren 12ko 19:00etan, Euskal Herriko historiaurreko artearen arloko azken aurrerapenak erakutsiko ditu aurkikuntzarik berrienen bidez.
Azken hitzaldian, otsailaren 19ko 19:00etan, Alvaro Arrizabalaga Valbuenak (UPV-EHU) laburpen historiografikoa azalduko du, Jose Migel Barandiaranek Bizkaiko aztarnategietan eginiko lanei buruzkoa.
Jose Migel Barandiaran (1889-1991)
Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta arkeologoa, Telesforo Aranzadi irakaslearekin eta Enrique Eguren geologoarekin batera, Euskal Arkeologiaren sortzaileetako bat da. Lorpen handiak izan zituen Jose Migel Barandiaranek Arkeologiaren arloan, megalitikoaren ikerkuntzari (Aralar, Aitzgorri, Ateun-Burunda, Altzaina, Entzia eta Urbasa mendilerroetako trikuharria) nahiz kobetako ondare arkeologikoaren azterketari dagokionez (Santimamiñe, Lumentza, Bolinkoba edo Ugarte-Itziar; soilik 1937 baino lehen lorturikoak aipatzearren).
Santimamiñe haitzuloan (1918 eta 1926) garaturiko ikerkuntza proiektua zela eta, Barandiaran gaztea partaide zeneko taldea sortu zen; izan ere, lorturiko emaitzen bidez, Euskal Historiaurrearen oinarri zientifikoak ezarri ziren orduantxe. Hasiera batean, Santimamiñe eta Lumentza koben indusketen gaineko memoriak argitaratuta (1915, 1931 eta 1935) edo Jose Migel Barandiaranek Euskal Herriaren jatorria aztertzeko lehen laburpena argitaratuta: El Hombre Primitivo en el País Vasco (1934). XX. mendeko erdiko hamarkadetako planteamendu etnohistorikoen oinarri teorikoa izan zen lan hori.
Belaunaldien joan-etorriarekin, eta Jose Migel Barandiaranen bide beretik, aztarnategi arkeologiko zaharrak azpimarratzen dituzten ikerlari berriak agertu ziren, metodo eta teknologia berriekin. Historiaurreko gizarteen ezagutza hobetu eta sakontzen zuten ikerlariak ziren, betiere gizarteon ezaugarri kulturalak, historikoak eta artistikoak hobeto ezagutu nahian.
Bizkaiko Foru Aldundiak, azken urteotan, irmoki bultzatu du jakintzaren ikerkuntza eta sorkuntza, halako moldez non indusketa eta berrazterketa-proiektu berriak zabaldu baitira Bizkaiko historiaurreko aztarnategi nagusietan, eta orain arteko emaitzak oso onak izan dira arlo zientifikoan.
Hitzaldi-ziklo honen bidez, Barandiaran Fundazioak eta Foru Erakundeak, orain, Jose Migel Barandiaranengana hurbildu nahi dute, maitasun bereziarekin, bizitza Euskal Kultura aztertzen eman zuen ikerlaria izan zen aldetik. Baina ez hori bakarrik: aitzindari nekaezin horrek hasitako bidetik jarraitzen duen ikerlari-belaunaldi berria sortzen ari da gaur egun.
Hitzaldi-ziklo hau Kobie aldizkarian argitaratuko da: Paleontropologia seriean, 2015eko 34. alean.
CURRICULA ETA LABURPENAK
2015eko urtarrilak 29.- Santimamiñe eta Euskal Historiaurrearen eraikuntza zientifikoa, Jose Migel Barandiaranen eskutik.
Juan Carlos Lopez Quintana. AGIRI Arkeologia Elkartea.
Kantabriako Unibertsitateko Historiaurreko lizentziaduna. AGIRI Arkeologia Elkarteko presidentea eta Estratigrafia Analitikako Zirkuluko eta Kultura Bilakaerarako Euskal Herria-Saharako Elkarteko kidea da. ILLUNZAR eta KREI aldizkarietako editore-koordinatzailea.
Arkeologo profesionala da joan den azken 15 urtean, gehienbat Historiaurreko Arkeologiaren arloan. Nabarmentzekoa da Estratigrafia Arkeologikoan egindako lana; izan ere, horren proiektu nagusia Santimamiñe haitzuloa berrikusi eta induskatzeko programa da, 2004tik 2014ra artean hark zuzendutakoa.
Ikerkuntzaren gai nagusiaren ardatza Historiaurre berriko hileta-adierazpenak dira, bereziki Megalitismokoak, eta honako hauetako indusketak eta nekropoli megalitikoen azterlanak zuzendu ditu: Katillotxun (Urdaibai) eta Mendigana, Errekatxuetako Atxa eta Kurtzeganeko monumentuak (Gorbeian).
Kudeaketako Arkeologikoaren barnean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren eta Gorbeiako eta Armañoneko natur parkeen Historiaurreko Kultur Ondareko inbentarioen egilea da. Gaur egun Bizkaiko Megalitikoko Ondarearen Liburu Zurian ari da lanean.
2005etik hona, Mendebaldeko Saharako lurralde askatuetako proiektu arkeologiko eta kultural batean hartzen du parte.
Hitzaldia
T. Aranzadi, J.M. Barandiaran eta E. Eguren elkartu zirenean, Euskal Herriko historiaurreari buruzko ikerkuntza sistematikoak hasi ziren. Aralar, Aitzgorri, Ataun-Borunda, eta abarreko trikuharrietan aztertzeko kanpainen ondotik, 1917 eta 1921 urte artean, Santimamiñeko haitzuloa izan zen induskatu eta aztertu zuten historiaurreko lehen sekuentzia, 1918 eta 1926 urte bitartean. Eta haren argitalpena, multzo tematikoetan oso ondo antolatua, 1925, 1931 eta 1935 urteetan plazaratu zen. Erbestetik itzulitakoan, J.M. Barandiaranek indusketen bigarren aldiari ekin zion Santimamiñen (1960-1962).
Garai hartako testuinguru orokorrak kontuan izanik, eta baliabide teknikoen eta analitikoen gaineko ezagupena eta baliagarritasuna eta Santimamiñeko historiaurreko gunearen konplexutasuna aintzat hartuta, eredutzat jo behar da, ezinbestean, hiru ikerlari horiek buruturiko lana. Erabilitako metodologia, horren ezarpenak, diagnostikoak eta indusketa memoria, eta abar berrikusiko dira. Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek azaldutako sekuentziaren arteko korrelazio estratigrafikoen proposamena azalduko dugu, baita XXI. mendeko kanpainen emaitzak ere.
Santimamiñe Euskal Historiaurreko aztarnategi nagusietakoa da. Madelein aldiko labar-artearen multzo garrantzitsua eta historiaurreko giza bizitegiaren sekuentzia zabala biltzen ditu. Eta historiografiaren aldetik, Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek ikerturiko lehen sekuentzia handia da, baita iturri dokumental nagusienetako bat ere Euskal Historiaurreko eraikuntza zientifikoko lehen saiakeretarako.
2015eko otsailak 5.- Bizkaiko habitat paleolitikoaren bila: Jose Miguel Barandiaranen urratsen atzetik.
Joseba Rios Garaizar CENIEH. Giza Bilakaera Ikertzeko Zentro Nazionala.
Paleolitikoaren arkeologo aditua da, zehazki tresna litikoen azterketan; giza jokabidea eta gizarte paleolitikoen bilakaera ulertzeko bidetzat hartzen da azterketa hori. Teknologia azterlanez eta tresna litikoen erabileraren aztarnez gain, bestelakoak ere lantzen ditu bere azterlanetan hala nola homoaren bilakaera, Europako Historiaurrea, neardentalen gizarteen bilakaera, Goi Paleolitikoa edo Paleolitikoaren adierazpen sinbolikoak eta artistikoak.
Gaur egun, zientzialari lanean dihardu Historiaurreko Teknologia Taldean, Burgosko Giza Bilakaera Ikertzeko Zentro Nazionalean (CENIEH). Lehenago, doktorego ondorengo ikerlaria izan zen Leipzig-eko Max Planck Societyn, Arkeologia irakaslea Kantabriako Unibertsitatean, laborategiko teknikaria Kantabriako Historiaurreko Ikerkuntzen Nazioarteko Erakundean (IIIPC), teknikari aditua Institut National de Recherches Archeologiques Préventives (INRAP) delakoan eta doktorego aurreko ikerlarian IIIPCn.
Aranbaltzako (Barrika) aire zabaleko aztarnategi paleolitikoko indusketa arkeologikoen zuzendaria da, eta laguntzailea Punta Lucero (Zierbena) eta Atxurrako (Berriatua) indusketetan. Lehenago, lan arkeologikoak zuzendu zituen 2006 eta 2012 urte bitartean Arlanpeko (Lemoa) aztarnategian, Mendietakoan (Sopela) 2003an eta laguntzailea izan zen Askondo (Mañaria) eta Axlorreko (Dima) indusketen zuzendaritzan. Nazioarteko ikerkuntza proiektuetan hartu du parte zenbait aztarnategitan hala nola Jebel Irhoud (Maroko), Ain Hanech (Aljeria), Etxeberri, Isturitz edo Vieux Coutets-en (Frantzia).
Azken urteetan garatu dituen ikerkuntza-ildoen ardatza neandertalen teknologiaren bilakaera izan da, hain zuzen ere horren bilakaera historikoa eta desagertzeko arrazoiak ulertu ahal izateko. Gainera, Europako Goi Paleolitikoan izandako kultur aldaketako prozesuak eta jokabide sinbolikoak ikertu ditu, Paleolitikoko artean arreta berezia jarrita betiere. Ikerketa horien ondorioz, artikulu zientifiko ugari argitaratu ditu azken urteetan Espainiako eta nazioarteko aldizkari espezializatuetan, baita indusketen gaineko hiru monografia (Aitzbitarte III, Askondo eta Arlanpe) eta Erdi Paleolitikotik Goi Paleolitikorako trantsizioari buruzko monografia ere, Bizkaiko golkoaren ingurukoak.
Hitzaldia
Aurkezpen honetan, J.M. Barandiaranek Bizkaiko habitat paleolitikoaren jakintzara eginiko ekarpena berraztertuko da, zehazkiago aire zabaleko giza okupazioetan. Kurtziaren inguruan 50-60ko hamarkadetan Barandiaranek eginiko lanak berraztertuko dira, eta Bizkaiko aire zabaleko arkeologia paleolitikoaren historiari, zailtasunei eta ahalmenari buruzko balorazioa egingo da. Azkenean, XXI. mendean Uribe Kosta eskualdean buruturiko lanak aurkeztuko dira errealitate arkeologiko berriaren adibide gisa.
2015eko otsailak 12.- Euskal Herriko arte paleolitikoa Jose Migel Barandiaranen ondoren: ikuspegi eguneratua.
Diego Garate Maidagan. Bizkaiko Arkeologi Museoa. Gaur egun, teknikari arkeologo lanetan dihardu Bizkaiko Arkeologi Museoan. Aldi berean, laguntzaile lanetan dihardu CREAP Cartailhac, TRACES - UMR 5608 Zentroko ikerlari elkartu gisa, Toulouse Le Mirail Unibertsitatean (Frantzia) eta Kantabriako Historiaurreko Ikerkuntzen Nazioarteko Erakundean, Santanderren.
Ikerkuntzaren ildo nagusia paleolitikoko artearen jatorria eta garapena da. Hain zuzen ere bere doktorego tesia Kantauriko Erlaitzeko hasierako eta Goi eta Erdiko Paleolitikoko koba apainduen inguruan egin zuen, eta zuzenean egin zuen lan guztira 24 haitzulotan. Ondoren, Pirinioetako eta Kantauriko Erlaitzeko koba apainduen arteko lotura artistikoen eta sinbolikoen azterketa izan da ikerkuntzaren ardatza. Horretarako, Etxeberri, Sinhikole eta Sasiziloagako (Zuberoa) kobak aztertzeko proiektua zuzendu du, eta gaur egun Isturitz eta Oxocelhayako (Behe Nafarroa) haitzuloetan. Aldi berean, hormetako artea duten haitzulo berriak aurkitu eta aztertu ditu Euskal Herrian hala nola Askondo, Lumentza eta Aitzbitarte IV kobetan, besteak beste.
Hitzaldia
Jose Migel Barandiaran funtsezkoa izan da Euskal Historiaurrearen ikerkuntza garatzeko bidean. Berebiziko garrantzia izan zuen berak landutako arloetako batek: arte paleolitikoak.
Edozelan ere, azken urteotan oso emankorra izan da ikerketa. Aurkikuntza berriek aurretik zegoen egoera aldatu eta zonalde horrek ideiok zabaltzeko moduan Goi Paleolitikoan zuen garrantzia sakondu dute. Askondo, Lumentza eta Danbolinzulo aurkikuntzak nabarmentzen dira, baina garrantzi txikiagoko beste batzuk ere badira, Astigarraga, Praile Aitz edo Aitzbitarte IV esaterako.
Aurrerapen horretarako lagungarria izan da bestelako multzoen azterketa berria hala nola Santimamiñe, Altxerri, Isturitz, Oxocelhaya, Etxeberri, Sasiziloaga, Sinhikole edo Sainte Colome, baita Isturitzeko aztarnagatiko aparteko arte mugigarriaren berrikusketa eta beste aztarnategian pieza berrien aurkikuntza ere.
Aurrerapen horiei esker, nabarmen aldatu da zonalde horretako jarduera grafikoari buruz dugun irudia, halako moldez non hurbilketa zehatzagoa bideratzeko modua baitago zenbait arlo garrantzitsutan, hala nola arte adierazpenen kronologian, arte hori agertzen deneko testuinguruen aldagarritasunean, inguruko erregioekiko erlazio teknikoan eta formalean eta sinbolikoa ez den erregistro arkeologikoarekiko erlazioan.
2015eko otsailak 19.-Jose Migel Barandiaranek Bizkaiko Arkeologiari eginiko ekarpena.
Alvaro Arrizabalaga (UPV-EHU). Geografia eta Historia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (1988), eta bertan defendatu zuen Kantauriko Hasierako Goi Paleolitikoari buruzko bere tesia (1995). 1994-1995 ikasturtetik Historiaurreko eskolak ematen ditu Gasteizen. 1997 eta 2005 bitartean, "Jose Migel Barandiaran" Kultur Fundazioko idazkaria izan zen. Aldi horretan, laguntzaile aritu zen bere lehen egunkarien edizio kritikoan, 1917 eta 1953 bitartekoetan hain zuzen. Ehiztari-biltzaile paleolitikoen taldeen arkeologian dago espezializatuta, bereziki erdi eta goi paleolitikoan. Arduraduna edo baterako arduraduna izan da ikerkuntza arkeologikoko hirurogei kanpainatan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Asturiasko aztarnetegietako gune garrantzitsuetan hala nola Lezetxikin, Labeko Koban edo Irikaitzen, besteak beste. Era berean, ehun bat artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan eta beste horrenbeste berri laburretan eta hedabideetan. Azken neandertalen eta lehen gizaki modernoen eta jokabide sinboliko eta materialaren eta talde batzuen eta beste batzuen arteko trantsizio-aldearekin daude loturik bere ikerkuntza-ildo nagusiak.
Hitzaldia
Jose Migel Barandiaranen lanaren ezaugarri nagusia jarduera-aldi luzekoa izatea da, bai arkeologiaren aldetik, bai etnografiari dagokionez. Gutxi gorabehera hirurogeita hamar urtez, gehienetan beste kolaboratzaile batzuek lagunduta, Jose Migel Barandiaranek milaka kilometro egin zituen Euskal Herrian barrena, prospekzioak eginez, zundaketak irekiz, indusketak eginez eta emaitzak ikerkuntzako monografietan eta artikuluetan laburbilduz. Horren ondorioz, urte haietako aztarna irmoki ezarrita dago Euskal Arkeologiaren historiografian. Hala ere, hain garapen akademiko luzeak, ezinbestean, agertoki desberdinak ematea dakar bere bizitza pertsonalean eta zientifikoan. Barandiaranek Gerra Zibilaren aurretik eginiko jarduera, erbestean emandako aldikoa eta handik itzuli eta gutxienez bi aldi bereizi ohi dira, arkeologiaren arloko lanak utzi zueneko garaiak bereiziak, joan den mendeko 70eko hamarkadako erdiko urteetan. Aurkezpen labur honetan, Jose Migel Barandiaranen lanaren zenbait ezaugarri nagusi ematen saiatuko gara garai bakoitzari dagokionez, betiere Euskal Herrian eginiko jarduera multzoari aplikatuta, zeren eta beretzat ez baitzegoen muga historiko administratiborik Euskal Herriko lurraldeen artean.