2026(e)ko apirilakren 01(a) 10:35

Aldundiak Egonaldi Turistikoen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren aurreproiektua onetsi du

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko udalerrietan dauden turismo-ostatuko establezimenduetako egonaldiak eta Bizkaiko portuetan geldialdia egiten duten gurutzaonzietako egonaldiak zergapetzen dituen zerga bat da.

Gobernu Kontseiluaren bileran, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietako egonaldi turistikoen gaineko zerga berriari buruzko Foru Arauaren aurreproiektua onetsi du; Bizkaiko udalerrientzako derrigorrezko toki-tributu berri batez ari gara.

Egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzearen ondorioz, Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatu behar izan da, Bizkaiko Lurralde Historikoko tributu-sistemaren barruan sartu ahal izateko zerga berria.

Zerga-egitatea, salbuespenak eta zergadunak

Zergaren bidez, Bizkaiko udalerrietako turismo-ostatuko establezimenduetako egonaldiak eta Bizkaiko portuetan geldialdia egiten duten gurutzaonzietako egonaldiak zergapetzen dira, eguneko edo egun-zatikiko, ostatu-gauarekin edo ostatu-gaurik gabe. Sortzapena egonaldi turistiko bakoitzaren hasieran gertatzen da, edo itsasontziak lurraldeko portu batean geldialdia egiten duen unean.

Zenbait salbuespen arautzen dira, bereziki, izaera sozialekoak, besteak beste: gizarte-programek diruz lagundutako egonaldiak, % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonen egonaldiak, II. edo III. graduko mendekotasuna duten pertsonen egonaldiak edo osasun-arrazoiekin lotutako egonaldiak. Zergadunak, berriz, halako egonaldiak egiten dituzten pertsonak izango dira.

Zerga-oinarria, kuota eta betebehar formalak.

Establezimendu bereko aldi jarraitu bakoitzari dagokion egonaldi-unitateen kopuruaren arabera zehazten da zerga-oinarria. Gurutzaonzi turistikoen kasuan, egonaldi-unitatetzat joko da hogeita lau orduko aldi bakoitza edo aldi horren zatiki bakoitza, ainguratzetik edo amarraduratik aurrera zenbatua.

Kuota, berriz, ordenantza fiskalean ezarritako karga-tasen arabera kalkulatuko da, foru-arauan ezarritako tarteen barruan, eta, gehienez ere, zergadun bakoitzeko 5 unitate, egonaldi jarraitu bakoitzerako.

Udalen autonomia defendatze aldera, hobariak eta hautazko errekarguak aurreikusi dira. Alde batetik, oso ostatu-plaza gutxi —25 edo gutxiago—dituzten Bizkaiko Udalek zerga-kuotaren % 100era arteko hobariak ezarri ahal izango dituzte; 750 plaza edo gehiago dituztenek, berriz, % 50era arteko errekarguak aplikatu ahal izango dituzte.

Azkenik, zerga behar bezala kudeatu eta biltzeko, establezimenduen titularrek udalei eman beharreko zenbait informazio-betebehar ezartzen dira.

Alegazioak sartzea
Alegazioen fasean, aurreproiektuan hainbat hobekuntza sartu dira, lehen sektoreak, turismo-sektoreak eta udalerriek egindako ekarpenetatik abiatuta. Horien artean, eta EUDELek aurkeztutako alegazioen ondorioz, zerga Euskadi osoan batera indarrean jartzea ezartzen da, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Era berean, lehen sektorearen eskaerei erantzunez, tarifak nekazalturismoetarako tarte espezifiko bat du, zergaren tasarik txikienarekin, 0,5 eta 1,25 euro artekoa pertsonako eta egonaldiko.

Foru-arauaren proiektuaren alegazio-fasearen aurretik egindako erreserbetarako (2026ko otsailaren 5a baino lehenagoko erreserbak) zerga ordaintzetik salbuestea ere sartu da, turismo-sektoreko balizko auziak murrizteko helburuarekin.

Salbuespenen eremuan, ezinbesteko kasu gisa asimilatu dira bizitokia bizi den udalerri berean duten eta zergaduna etxebizitzan egotea eragozten duten inguruabarren ondorio diren kasuak, hala nola obrak, ezbeharrak edo antzeko inguruabarrak.

Indarrean sartzea
Zerga Batzar Nagusiek onartu ondoren sartuko da indarrean, ekainean ziurrenik, eta ondoren Foru Araua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratuko da, eta eragina izango du lurraldeko udalerrietan 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. Foru-arauaren ondorioetarako datan zerga-tasak dagokion zerga-ordenantzaren bidez finkatu ez badira, turismo-ostatuko establezimendu mota bakoitzerako ezarritako gehieneko tasak aplikatuko dira.