2025(e)ko maiatzakren 07(a) 11:44

Aldundiak Bizkaiko lehen sektorearekin duen konpromisoa berretsi du PFEZn fortfaita % 70ean finkatuta

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Sektorearekin landu eta adostutako neurria da, "Suspertze Planean" sartu dena; plan honen xedea lurraldeko baserritarren errentagarritasuna eta bizi-baldintzak hobetzea da. Neurri honek 1,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du eta 1.400 zergadun ingururi egingo die mesede.

Itxaso Berrojalbiz eta Arantza Atutxa lehen sektorearekin bilduta

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Lurralde Historikoko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko ordezkariek PFEZn (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) gastu kengarri gisa fortfait berezia % 70ean finkatu ondoren bi alderdiek lortu duten adostasuna eta asetasuna adierazi dute gaur goizean. Hau da, aurtengo 2025eko ekitaldirako eta ondorengoetarako nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueren etekin garbia zehazteko aplikatuko den ehuneko hori finkatzen da, zuzeneko zenbatespen sinplifikatuan. Horrela progresibotasunari lotutako erronketako bat betetzen da, berriki onartutako zerga-berrikuspenean jasota dagoena.

Gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan egin den bileran Itxaso Berrojalbiz,  Ogasun eta Finantza diputatua, Arantxa Atutxa,  Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, Carlos Ibarrondo, Enba sindikatuko presidentea, Unzalu Salterain, EHNE sindikatuko presidentea, eta Jose Antonio Irazola, Lorra kooperatibako presidentea izan dira, besteak beste.

Garrantzitsua da azpimarratzea hurrengo erregelamendu batean jasoko den fortfait hau finkatzeak Bizkaiko nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreetako 1.400 zergadun ingururi egingo diela mesede, eta lehen sektore honetan 1,5 milioi euroko eragin ekonomiko positiboa izango duela.

Neurri fiskal hau, beste batzuekin batera, 'Suspertze Planean' jasota dago. Plan hau sektorearekin adostu da - ENBA eta EHNE nekazaritza-sindikatuak eta baita LORRA kooperatiba ere-, sektorearen beharrei eta eskaerei erantzuteko 110 eragilek baino gehiagok parte hartu duten lan mardularen ondoren. Neurri horiei esker onuradunen kostu operatiboak murriztuko dira, horrela, gure lurralde historikoko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien bideragarritasuna bermatuz.

Joan den urtearen amaieran, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak urteko 4,9 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen lurraldeko baserritarrei laguntzeko. "Suspertze Planak" Bizkaiko nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen beharrei erantzuteko diseinatutako  bost lan-ildo nagusi eta 14 neurri espezifiko biltzen ditu. Lan-ildoen artean daude, besteak beste: sektorearen modernizazioa eta digitalizazioa, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea, animalien osasunarekiko konpromisoa eta emakume baserritarren bizi-kalitatea hobetzea.


Audioak