2026(e)ko irailakren 11(a) 13:18

Aldundiak bere enplegu-programa nagusietako hiru ebaluatu ditu: 2016. urtetik 12.000tik gora laneratze sortu dituzte, 60 milioiko inbertsioa eginda

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gaur Batzar Nagusietan aurkeztu diren Autoenplegua, 3R Enpresa eta Proiektu Berritzaileentzako Dirulaguntzak programen ebaluazioek berretsi dute programa horien erabilgarritasuna, efikazia eta eraginkortasuna, biziraupen- eta laneratze-tasa handiak izan baitituzte. Autoenplegurako programak 2,07 euroko itzulera sozioekonomikoa sortu du inbertitutako euro bakoitzeko, eta 3R Enpresak bere laneratze-tasa % 67raino igo du 2024an.

.

Laespada: "Gobernatzea politikak abian jartzea baino gehiago da, pertsonen bizitza hobetzen duten zorrotz egiaztatzea ere bada. Ebaluazioa ikaskuntza-tresna bat da erabaki publiko hobeak hartzeko balio duena"

Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bitartez, bere enplegu-ekimen estrategikoetako hiruri egin zaizkion ebaluazio independenteen emaitzak aurkeztu ditu gaur Batzar Nagusietan; hona ekimenok: Autoenplegurako Programa, 3R Enpresa programa eta Ekintzailetza eta Enplegu Egonkorreko eta Kalitateko Proiektu Berritzaileak Garatzeko Dirulaguntzen deialdia.

Hiru programa horiek ia 60 milioi euroko inbertsioa izan dute 2016tik, eta 12.000 enplegu baino gehiago sortu dituzte.

Metodologia kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartuz kanpoko taldeek egin dituzten azterlanek ondorioztatu dute hiru programak tresna erabilgarriak, eraginkorrak eta efizienteak direla gizarte-inklusioa, garapen ekonomikoa eta lurralde-kohesioa elkarren artean lotzeko.

Agerraldian, ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak instituzioak kontuak ematearekin duen konpromisoaren alde egin du: «Gobernatzea politikak abian jartzea baino gehiago da, pertsonen bizitza hobetzen duten zorrotz egiaztatzea ere bada. Gardentasuna ez da amaitzen aurrekontu bat gauzatutakoan, baizik eta politika behar zutenengana iritsi ote zen eta bilatzen genituen aldaketak eragin ote zituen egiaztatutakoan.» Halaber, gogorarazi duenez, «urteetan zehar, langabezia murriztea izan da erronka; gaur egun, gainera, talentua erakartzeko zailtasuna dago, belaunaldi-erreleboaren eta trantsizio digital, ekologiko eta demografikoen aurrean».

Autoenplegua: Inklusioa, laneratzearen % 95eko biziraupena eta itzulera sozioekonomikoa

Autoenplegurako Programak, guztira, 10.283 enpresa-proiektu babestu ditu, 2016.etik 2024. urtera bitartean, 53,1 milioi euroko inbertsioarekin (5.168 euroko batez besteko laguntza). Programak eginkizun inklusibo nabarmena du: parte-hartzaileen % 74 langabezian zeuden; haietatik % 50,4 emakumeak ziren eta % 25 atzerritarrak.

Eraginkortasunari dagokionez, laneratzearen % 95,06ko biziraupen-tasara iritsi da jardueraren lehen urtean; % 60,58ra hiru urtera, eta lanari uzteko arriskurik handiena 2,5 urtera gertatzen dela identifikatu da. Gainera, efizientziaren analisiek egiaztatu dutenez, inbertitutako euro bakoitzeko programak itzulera sozioekonomikoko 2,07 euro sortzen ditu.

3R Enpresa: Talentua eta % 67ko laneratzea

Talentua eta trantsizio profesionalak enpresa-klusterrekin batera (hala nola BUILD: INN, Basque Food Cluster, FVEM, ACLIMA edo Euskal Itsas Foroa) gestionatzeko tresna bihurtuta, 3R Enpresa programak 5.856 partaidetza eta 2.293 kontratazio erregistratu ditu. Proiektuak bilakaera nabarmena izan du; izan ere, laneratze-tasa % 24tik (2020an) % 67ra (2024an) igo da, eta enpresen % 91 pozik geratu dira beren langile-premiei eman zaien erantzunarekin.

Proiektu berritzaileak: 6,5 milioi esku-hartzea eraldatzeko

Azkenik, proiektu berritzaileen lerroak 6,58 milioi euro baliatu ditu 2017tik, hirugarren sektoreko 67 entitatek guztira bultzatu dituzten 157 ekimeni laguntzeko. Ebaluazioak egiaztatzen duenez, deialdiak berdintasunean eta inklusioan oinarritutako gizarte-berrikuntzako ekosistema bat finkatu du Bizkaian, eta hurrengo faseetarako erronka gisa ezarri du eskalatzea eta metodologia horiek transferitzea enplegu-politika publiko guztietara.


Bideoak