2026(e)ko ekainakren 03(a) 13:28

Aldundiak autonomoentzako finantzaketa publikoko lerro bat sortu du Bizkaia Mikroren bitartez

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Mikrokredituak dagoeneko jarduera eta enplegua duten baina kredituaren merkatu konbentzionalean finantzaketa lortzeko eragozpenak dituzten autonomoentzat dira. Bizkaia Mikrok lehen urtean beste horrenbeste autonomori 60 mikrokreditu baino gehiago ematea aurreikusten du, 10.000 eurotik gorako batez besteko zenbatekoarekin.

Marcos Salinero eta Teresa Laespada.

Teresa Laespada: "Kreditu-merkatu konbentzionalean finantzaketa lortzeko eragozpenak aurkitzen dituenarengan pentsatzen dugu"

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaia Mikro sozietatearen bitartez, mikrokredituen finantzaketa publikoko lerro bat jarri du abian dagoeneko jarduera ekonomikoa eta enplegua duten baina kredituaren merkatu konbentzionalean sartzeko eragozpenak dituzten autonomoentzat.

Bizkaia Mikro sozietateak, Enplegua, Gizarte Kohesioa  eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren mendekoak, mikrokredituen lerro honen funtzionamenduko lehen urtean beste horrenbeste autonomori 60 mailegu ematea aurreikusten du, 10.000 eurotik gorako batez besteko zenbatekoarekin.

Teresa Laespadak, Foru Sail horretako arduradunak, gaur goizean  egin den mikrokredituen lerro honen aurkezpenean azaldu duenez, ekimena "benetan berritzailea eta garrantzi handikoa" da.

"Lerro berri honekin diru publikoarekin autonomoentzako mikrofinantzaketa-lerro bat ireki duen Europar Batasuneko lehen erakunde publiko bihurtu gara. Ez dugu nahi talentua eta gaitasuna duten eta autonomo gisa lan egiten duten pertsonek finantziazio zailtasunengatik aukera galtzea", azaldu du diputatuak.

Laespadak azaldu duenez "dagoeneko jarduera eta enplegua duten baina, aldi berean, kredituaren merkatu konbentzionalean finantzaketa lortzeko eragozpenak aurkitzen dituzten autonomoentzat oso baldintza onak dituen finantzaketa” eskaintzen da.

600.000 EURO

Azken hilabeteetan Bizkaia Mikrok fase pilotu bat egin du autonomoentzako mikrokreditu hauekin zazpi mikrokreditu emanez. Orain programa abian jartzen da, modu irekian, eta aurreikuspenen arabera, 60 mikrokreditutik gora emango zaizkie lehen urtean beste horrenbeste autonomori. Aurreikuspenen arabera mikrokreditu horietako bakoitzaren batez bestekoa 10.000 eurotik gorakoa izango da; beraz, lehen urte honetarako aurreikusitako guztizko inbertsioa 600.000 eurokoa izango da ziurrenik.

Mikrokredituen lerro honek dagoeneko martxan dauden pertsona autonomoen negozioak sendotzea eta haztea du helburu, hau da, ez daude ekintzailetzara bideratuta. 

"Lerro hau ez dago ekintzailetzara bideratuta, hau da, ekimen berriak abiaraztera, baizik eta lehendik dauden negozioak indartzera, jarduera-sektorea edozein dela ere. Helburua dagoeneko bideragarritasuna eta ibilbidea egiaztatu duten pertsona autonomoei sendotzen, modernizatzen, hazten edo inbertsio berriei aurre egiten laguntzea da", azpimarratu du diputatuak.

Ildo horretatik zehaztu du ekimena, era berean, gizarte-bokazio argi batekin sortu dela: "finantzaketa konbentzionala lortzeko zailtasun gehien dituztenei" laguntzea.

BETEKIZUNAK
Bizkaia Mikroko mikrokreditua eskuratzeko, pertsona autonomoek honako hauek bere behar dituzte:

  1. Egoitza fiskala eta egoitza operatiboa Bizkaian edukitzea.
  2. Antzinatasuna: gutxienez 3 urte autonomoen erregimenean alta emanda.
  3. Dedikazio osoa negozioaren jardueran.

Baldintzei dagokienez:

  • 15.000 eurorainoko kredituak zirkulatzaile-beharretarako.
  • 50.000 eurorainoko kredituak inbertsioetarako.
  • % 2,5eko interes-tasa, argi eta garbi merkatuko ohiko tasen aldean hobarituta dagoena.
  • Urtebeteko gabealdia; horrek esan nahi du lehen urtean ez dela printzipalik amortizatzen.
  • 5 urteko amortizazio-epea.

Bizkaia Mikro lurraldeko banku-erakunde gehienekin lankidetzan ari da, erakunde horien banku-onarpeneko barne-prozesuak gainditzen ez dituzten eta irizpideekin bat datozen eragiketak deribatu ahal izango direla bermatzeko.

Bizkaia Mikro autonomoentzako mikrofinantzaketa-lerro honek bat egiten du dagoeneko garatzen ari denarekin eta mikroeteetara bideratuta dagoenarekin. 2025. urtean Bizkaia Mikrok 93 mikromailegu eman zizkien mikroeteei, guztira 2,2 milioi eurotik gorakoa muntarekin, hau da, eragiketa bakoitzeko 22.000 eurotik gorako batez besteko zenbatekoa.                     


Bideoak


Audioak