2026(e)ko azaroaren 06(a) 14:32

Aldundiak 98 milioi eurotik gora bideratuko ditu Bizkaiko gazteei mesede egingo dieten politiketara datorren urtean

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Lehen aldiz aurkeztu da gazteria-ikuspegia txertatuta duten aurrekontuak egiteari buruzko txostena, zeinak nabarmentzen baitu Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak biltzen duela politika horietarako inbertsiorik handiena. Genero-inpaktuaren aurretiazko ebaluazioak adierazten du foru-kontu guztiak genero-ikuspegia aintzat hartuta egin direla eta % 62,2 berdintasunaren gaian inplikatzen direla zeharka.

Teresa Laespada eta Susana González.

Laespada: "48 milioi euro bideratuko dira, gazteen emantzipazioari lotuta, etxebizitzagatiko kenkari fiskaletara"

Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urterako aurrekontuek gazteei zuzendutako 98 milioi euroko inbertsioa izango dute (50.684.712 euroko inbertsioa eta 48.054.909 euro ohiko etxebizitzari lotutako zerga-arloan).

Gaur eman ditu ezagutzera datu horiek Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak, zeinak, Batzar Nagusien Batzordean egindako agerraldian, lehen aldiz aurkeztu baitu gazteria-ikuspegia txertatuta duten aurrekontuak egiteari buruzko txostena.

Zifretan, gazteen artean identifikatutako inbertsiorik handiena Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari dagokio (43,7 milioi euro), ondoren, aipatutako Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailari (ia 21 milioi euro) eta, jarraian, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailari (12,6 milioi euro). Gizarte Ekintza (5,2 milioi), Ingurune Naturala eta Nekazaritza (3,7 milioi), Euskara, Kultura eta Kirola (2,9 milioi) eta Ekonomia Sustapena (2,85 milioi) dira hurrengoak inbertsioaren arabera.

Datorren urteko kontuetarako gazteria-ikuspegia txertatuta duten aurrekontuak egiteari buruzko txostenak aukera ematen du zehaztasun handiagoz ezagutzeko zer baliabide bideratzen duen aldundiak 15 eta 29 urte bitarteko pertsonengan eragin zuzena edo zeharkakoa izango duten jarduketetara. Txostena aurkeztearekin aurrerapausoa eman da gazteengan eragina duten baliabide publikoen ezagutzan eta jarraipenean, kolektibo horri berariaz zuzendutako programetatik harago.

Gazteen emantzipazioa, 2027rako lehentasuna

Aldundiaren gazteria-politikaren barruan, zeharkako politika izanik, Laespada diputatuak nabarmendu duenez, «48 milioi euro bideratuko dira, gazteen emantzipazioari lotuta, etxebizitzagatiko kenkari fiskaletara».

Aurrekontuekin batera doan txostenak emantzipazioa Bizkaiko gazteen erronka nagusien artean jartzen du. Aurrekontu-dokumentazioan sartutako diagnostikoaren arabera, gazteen % 30 inguru emantzipatuta daude, eta emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte ingurukoa da.

Dokumentuak ohartarazten du, halaber, handitu egin dela etxebizitzaren kostuaren eta gazteen ahalmen ekonomikoaren arteko aldea, eta ia erdiek uste dutela beren emantzipazio-prozesua zapuztu egin daitekeela epe laburrean.

Testuinguru horretan, gazteria-ikuspegia txertatuta duten aurrekontuak egiteari buruzko txostenak politika fiskalak eremu horretan duen eraginari buruzko erreferentzia espezifiko bat gehitu dio batzordearen aurreko azalpenari. 2027rako 48.054.909 euroko gastu fiskala zenbatetsi da, gazteengan eragina izango duena, ohiko etxebizitza alokatu, erosi, eta etxebizitza-kontuen bidez eskuratzeagatiko kenkariei dagokiona.

Zenbateko horiek ogasunaren eta finantzen eremuan daude jasota, aurreikusitako gastu fiskala dira, eta programa eta zerbitzuetara bideratutako aurrekontu-kredituez bestelakoak dira.

Genero-ikuspegia

Gaur egin den batzordean, halaber, 2027ko aurrekontuetako genero-inpaktuaren aurretiazko ebaluazioa aurkeztu da. Horren arabera, foru-kontu publikoetan aurreikusitako inbertsioaren % 1,69 berdintasunaren arloko zuzeneko inbertsioa izango da, eta % 62,22, berriz, zeharkakoa.

Horrela, bete egiten da Berdintasunerako 4/2018 Foru Arauak ezartzen duen maila, zeinaren arabera berdintasun-politika zuzenetan egindako inbertsioa, gutxienez, % 1 izan behar baita. Era berean, datorren urterako foru-aurrekontu guztiak genero-ikuspegiarekin egin dira, eta, proiektu pilotu baten bidez, genero-ikuspegia txertatuta duten aurrekontuak foru-sektore publikoko erakundeetara zabaltzen hasi dira.


Bideoak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp