Berriak
2026(e)ko irailakren 10(a) 12:30
Aldundiak 2026ko zerga-neurrien foru arauaren proiektua onartu du
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Proiektuan zenbait neurri ezartzen dira enpresak sendoago errotzeko, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko, eta langileen eta enpresen arteko loturak sendotzeko. Gainera, arau berriaren bidez zerga-pizgarri gehiago emango dira etxebizitzarako, ongizaterako, gazteen prestakuntza eta enplegurako eta ibilgailu berriak erosteko
Leixuri Arrizabalaga bozeramaileak aurtengo Zerga Neurrien Foru Arauaren nondik norakoak azaldu ditu.
Leixuri Arrizabalaga: "Bizkaia lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta etorkizunerako prestatuagoa eraikitzen jarraitu nahi dugu, eta hori gure ahalmen fiskalarekin lortzen dugu"
Gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2026ko zerga-neurrien foru arauaren proiektua onartu du. Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko da, bertan izapidetzeko. Proiektuan Bizkaiak aurre egin beharreko erronka ekonomiko eta sozial nagusietako batzuei erantzuteko neurriak biltzen dira: enpresetako belaunaldi-erreleboa, talentua lortzeko lehia, langileek parte hartzea enpresa-proiektuetan, eta etxebizitza eskuratzea.
Enpresak errotzeko eta langileen konpromisoa bultzatzeko neurriak
Proiektuan enpresek aurrera egiteko zerga-pizgarriak gehitzen dira, batez ere belaunaldi-erreleboa gertatzen denerako. Berrikuntza nagusietako bat honako hau da: % 30eko murrizketa aplikatuko zaie eskualdaketa jakin batzuek sortzen dituzten gainbalioei, baldin eta bermatzen bada enpresak jardunean jarraituko duela eta lanpostuak mantenduko direla.
Halaber, zerga-pizgarriak ezarriko dira langileek enpresetan parte hartzea bultzatzeko: 12.000 euro urtean gehienez akzioak edo partaidetzak emateagatik, eta baldintza oneko maileguak kooperatibako bazkide egiteko edo enpresaren partaidetza eskuratzeko. Gainera, proiektuan genero-ikuspegiarekin eta emakume talentudunak bultzatzearekin lotutako neurriak ere ezartzen dira.
Profesionalak erakartzeko, atxikitzeko eta fidelizatzeko neurriak
Proiektuan PFEZaren indarreko araubidea zabaltzen eta hobetzen da, erraztasunak emateko langile kualifikatuak Bizkaira etor daitezen. Esaterako, langile horien lanbide-jardueraren etekinen salbuespena % 50era handituko da; 36 urtetik beherakoen kasuan, salbuespena % 60koa izango da.
Gainera, gastu kengarri bat gehituko da, lanak eragindako lekualdaketa konpentsatzeko: 2.000 euro lekualdaketa gertatzen den urtean eta hurrengo hiruretan; 36 urtetik beherakoen kasuan, gastu kengarria 3.000 eurokoa izango da.
Gazteen prestakuntzarako eta enplegurako neurriak
Proiektuko foru arauan etengabeko prestakuntzarako eta prestakuntza dualerako pizgarriak gehituko dira: % 20ko murrizketa aplikatuko zaie programa horiekin lotutako soldata-kostuei.
Halaber, proiektuan neurriak ezartzen dira gazteei laneratzen eta Bizkaian errotzen laguntzeko; neurri horien bidez lanbide heziketa indartuko da, lanpostu kualifikatuak eta enpresen beharrizanen araberakoak lortzeko bidea izan dadin.
Interes sozialeko etxebizitzen errentamendua
Etxebizitzaren arloan, proiektuan kenkari berria ezartzen da: % 15eko kenkaria (gehienez 750 euro urtean) aplikatu ahal izango zaie interes sozialeko etxebizitzen errentamendua sustatzeko funtsetako partaidetzak eskuratzeko kontuetan sartzen diren kopuruei.
Neurri horren helburua da aurrezki pribatuak bideratzea eragin soziala duten proiektuetara eta horrela etxebizitza eskuragarriak eskaintzea gazteei, lanaren eraginez lekualdatutako pertsonei eta etxebizitza-merkatuan sartzeko eragozpenak dauzkaten pertsonei.
Ongizate fisiko eta mentala, lehentasuna
Proiektuan neurri berrian ezartzen dira ohitura osasungarriak eta ongizate fisiko eta emozionala bultzatzeko. Hain zuzen ere, % 20ko kenkaria aplikatuko zaie osasun-aseguruen primei (oinarria 1.500 eurokoa izango da gehienez aseguratutako pertsonako) eta % 20ko beste kenkari bat gimnasioek eta kirol-jarduerek eragindako gastuengatik (oinarria 1.000 eurokoa izango da gehienez).
Halako zerbitzuak enpresek zuzenean emanez gero, ez dira hartuko langileentzako gauzazko lansaritzat.
Bizkaiko ibilgailuak berritzea
Proiektuak trantsizio energetikoarekin lotutako neurriak indartzen ditu: % 5eko kenkaria ibilgailu berria erosteagatik, hamar urtetik gorako ibilgailua txatarrerako utzi ondoren.
Konpromisoa biktimekin eta erreparazioa
Proiektuaren arabera, salbuetsita egongo dira adingabeek Elizaren edo beste erakunde batzuen eremuan jasandako kalte fisiko edo psikikoengatik jasotako ordainak, haurtzaroan eta nerabezaroan sexu-abusuak jasan dituzten biktimenak aintzatesteko eta haiei erreparazioa emateko neurri gisa.
Proiektu honen onarpenarekin Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera darama bere zerga-estrategia, honako osagai hauek uztartzen dituena: enpresak sendotzea, jarduera ekonomikoa Bizkaian finkatzea, talentua erakartzea eta fidelizatzea, eta pertsonen ongizatea hobetzea.