2026(e)ko maiatzakren 07(a) 12:33

4. Linea aurrera doa finantzaketa eta eraikuntza bermatzen dituen hitzarmena onartu ondoren, lurralde-kohesiorako funtsezko proiektu gisa finkatuz

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Foru erakundeak finantzaketaren %45 hartuko du bere gain eta, gehienez, 200 milioi jarriko ditu 2032ra arte. Proiektu honi esker Bilboko hegoaldeko auzoak metro-sarearekin hobeto lotuko dira eta, Enkarterri eskualdeari dagokionez, aurrera egingo da lurralde-kohesioan.

Leixuri Arrizabalaga

Leixuri Arrizabalaga: "4. Linea Aldundi honek mugikortasun iraunkorrarekin eta lurralde kohesioarekin duen konpromisoaren adibide argia da"

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du gaur metropoli-trenbidearen etorkizuneko 4. Linea finantzatu eta eraikitzeko. Bi erakundeek lehentasunezkotzat jotzen duten jarduera hau, Matiko eta Alonsotegi (Enkarterri) lotuko ditu, eta geltokiak izango ditu Deustun (Unibertsitateren parean), Casilda Iturrizar parkean, Plaza Eliptikoan, Zabalburun, Iralan, Errekalden, Basurtun eta Zorrotzan. Horretarako bi erakundeek konpromisoa hartu dute Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sareak (ETS) Matiko eta Errekalde arteko proiektuak eta obrak gauzatzeko (Basurtura hurbiltzea barne). Era berean, 4. Lineak Enkarterri eta Bilbo artean dagoen trenbide-azpiegitura, gaur egun ADIFen titulartasunpekoa  dena, aprobetxatuko duenez, bi administrazioek azpiegitura kudeatzeko izapide guztiak egiteko konpromisoa hartu dute.

Metroaren linea berria 3. Linearen luzapen gisa eratzen da, eta Errekalde eta Irala auzoei ez ezik, Bilboko hegoaldeko beste auzo batzuei eta Bilbo inguruan dagoen aldirietako trenbide-sarearekiko lotura hobetzeko premia duen Enkarterriri ere zerbitzua emango dien ibilbide moduan marraztu da.

Halaber, hitzarmenean jaso dira Errekalde eta Zorrotza arteko 4. Linearen eta Irauregi-Alonsotegin Enkarterriko trenbide-sarearekiko loturaren garapena. Azken jarduketa hau bi erakundeen eskumen-eremua gainditzen duten administrazio-izapideen mugarri batzuen mende dago, eta, beraz, geroagoko garapena behar du. Itundutako hitzarmenak jasotzen duenez, bi administrazioek eskualdaketa hori bideratzeko eta arintzeko beharrezkoak diren harreman instituzional guztiak egiteko konpromisoa hartzen dute.

Finantzaketa

Azpiegituraren hasierako aurrekontu zenbatetsia 412 milioi eurokoa da, eta kopuru hori gaur egun idazkuntza-fasean dauden eraikuntza-proiektuen bilakaeraren arabera berrikusi ahal izango da. Hitzarmenak finantzaketa partekatuko eskema ezartzen du eta horren arabera Bizkaiko Foru Aldundiak%45a jarriko du (2032ra arte 200 milioi euro) eta, Eusko Jaurlaritzak, berriz, bere gain hartuko du jarduketaren kostuaren %55a.

Erabaki honekin Bizkaiko Foru Aldundiak bultzada berria ematen dio lurraldean mugikortasunerako azpiegitura estrategikoa garatzeari. 4. linearen egikaritzak trenbidea finkatuko du garraio publikoaren eta Bizkaiko gizarte- eta lurralde-kohesioaren elementu nagusi gisa, Enkarterriko eta Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunen mugikortasun-eskaerei erantzunez. Era berean, garraio publikoak lurralde-kohesioaren ardatz gisa duen zeregina indartzen da, eskualdeen arteko lotura eta hiriburuarekiko lotura errazten baitira.


Bideoak


Audioak