Berriak
2025(e)ko abenduaren 01(a) 20:11
Benito Lertxundiren eta Jose Angel Irigarairen "Bizkaia maite" abestiak jaso du 2025eko Ohorezko Lauaxeta saria
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
XXI. edizio honetan Lauaxeta saria Ikus-entzunezkoen kategorian aurten ex aequo eman zaie Inge Mendioroz Ibañezi "Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentalagatik eta Oier Plaza Gartziari "Popel" dokumentalagatik. Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez sariak Ane Labaka Mayozentzat, 35 urtetik beherakoen kategorian, "Hezur berriak" lanagatik, eta Elena Sanchez Fuertesentzat, 35 urtetik gorakoen atalean, "Epilogorik gabe" poema sortagatik, izan dira.
Lauaxeta Saria
Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak banatu dituzte gaur 2025 Lauaxeta Sariak Bizkaiko Foru Jauregian egin den ekitaldian. Sari hauen helburua bereziki Bizkaian eta, oro har, munduan euskararen sustapenean, hedapenean eta normalizazioan egindako ekarpenengatik nabarmendu diren pertsonak edo kolektiboak jendaurrean aintzatestea da, merezimenduzko jarduera horiek sarituz eta jendaurrean zabalduz, gizartea ahal den neurrian euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.
Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu duenez "aurtengoak badu berezitasunik, Bizkaia maite abestiaren letra Jose Angel Irigarai olerkari nafarrarena dugu, jaiotzez iruinsemea bera. Eta musika Benito Lertxundi oriotar kantautorearena. Nafarra eta gipuzkoarra, bi-biak ahobatez Bizkaia goraipatzen. Ekialdeko bi euskal lurralde hauetatik datorkigu oraingoan gorazarrea Bizkaira eta Euskal Herri guztietara."
Era berean, abestiaren inguruan zera gaineratu du "Bizkaiak bere ereserkitzat du kanta hau: bizkaitarron sentimenduak agerian jartzen dituelako, bizkaitarron izakeraren berri ederki ematen duelako, atzoko bizkaitarron eginak goraipatzen dituelako, gaurko bizkaitarron bizipoza eta iraun nahia kantatzen dituelako eta biharko bizkaitarron itxaropenari leihoak zabaltzen dizkiolako."
Sarien hogeita batgarren edizio honetan Ohorezko Saria Benito Lertxundi Esoiain eta Jose Angel Irigarai Imazek irabazi dute "Bizkaia maite" abestiagatik eta euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Lehenengoak Bizkaia Maite abestiaren letra idazteagatik eta bigarrenak letra hori adoptatu eta abesti bihurtzeagatik, horren bitartez biek gure lurraldearen irudia mundu osora zabaldu dutelako.
Zoritxarrez egileak ezin izan ziren hitzordura bertaratu eta Olatz Zugastik, Benito Lertxundiren emazteak, jaso zuen saria bien izenean. Zugastik bi artisten esker oneko mezua helarazi zuen eta abesti honen inguruko hainbat pasadizo eta oroitzapen partekatu zituen.
Edizio honetako sari-banaketan parte hartu zutenek Onintze Garcia eta Jokin Lacalleren bi musika-emanaldiez gozatu ahal izan zuten; bi horiekin batera "Bizkaia Maite" interpretatzeko Señeak Bizkaia Rock Kanpusako bi gazte aritu ziren, Eider eta Izaro.
Ekitaldia Bizkaiko Foru Jauregian egin da eta bertan Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.
Epaimahaiaren balorazioa
Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Elena Sanchez Fuertesek jaso du, "Epilogorik gabe" poema sortagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez "Epilogorik gabe esatea poeta gehigarririk gabe aritu dela adieraztea da, eta horixe da Elena Sanchez poetaren liburuak lortu duena: emozioen mundua zuzen eta fin tratatzea. Batzuetan gordin; besteetan xume. Beti, inguruaren oihartzunak lagundurik bidaia proposatu du desilusioaren mugetatik, heriotzaren ezpaletatik. Gaurko kulturaren oihartzunak lagundurik eta perpaus eta giro ezezkorretan mugituz, Elena Sanchezen poesiak emozioz eta sentsibilitatez osaturiko hitzen bidez bideratu du irakurketa, mundu berri baten ametsaren eta eguneroko bizitzaren arteko kinka garratz komunikatuz."
35 urtetik beherakoen kategorian Ane Labaka Mayozek jaso du saria, "Hezur berriak" lanagatik. Epaimahaiak, kasu honetan, honako hau azpimarratu du «Idazleak berak autortutakoa da ama izatean bizi izan dituan zurrunbiloari berbak ipinten ahalegindu dala; baita eder eta apropos ipini be.
Izenburua irakurrita askok ez leuke ostekoaren susmorik hartuko. Halanda be, Orotariko Euskal Hiztegian badauka lekutxoa "hezur berri"k, ekialdean eta mendebaldean, baton bat umedun dagoala esateko erabili izan dan ezkero edo oindino be erabiltzen dan ezkero. Esate baterako, "hezur berri, haur jaio berria" dio A. Azpeitiak Zestoarren erretolikan.
Lan honetan ez dakigu noraino begiratu behar jakon hezur berriari ala hezur berria daukanari, bere berbei eta berben esangurari... Begirada oso partikularretik begirada zabalago eta sozialago batera be pasetan da hainbatetan, egiaz, dotoreziaz edo egiazko dotoreziaz. Ez dau gitxi eskertzen irakurleak!
Poema goitik beherakoak ditu liburuak poetikarako eta gogoangarriak, hausnarketarako: "Ifrentzu", "Sena", "Lanbroa", "Inude" eta amaiera ezin da egokiagoa izan "Berriz" poemeagaz. Barriz eta barriz eta barriz irakurteko gogoa eta beharrizana sentiduko dau irakurleak, gozamenaren gozamenaz urrezko birrintxo guztien jabe egiteko.»
Ikus-entzunezkoen kategorian sariaren irabazleak ex aequo Inge Mendioroz Ibañez "Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentalagatik eta Oier Plaza Gartzia, "Popel" dokumentalagatik, izan dira.
Oier Plazaren lanari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du «Oier Plazaren Popel (Errautsak) dokumentala originala eta zinematografikoa izateagatik nabarmentzen da. Gainera, erantzun zuzena eta argia ematen dio nahi baino gehiagotan entzuten den memoria gogoratzeak zertarako balio duen galderari.
Etorkizuna buruan, artxiboak memoriaren berreskurapenean duen garrantziaz jabetuta beren bizitzak arriskuan jarri zituzten pertsonen bizitzetara garamatza, Gerra Zibileko Gernikatik Bigarren Mundu Gerrako izugarrikerietara. Istorio liluragarri eta konplexu hau bikain, maisutasun eta gizatasun handiz kontatuta dago."
Inge Mendioroz Ibañezen lanari dagokionez, berriz, honako hau nabarmendu dute: "Lourdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak euskal kulturaren funtsezko figuretako bat berreskuratzen du, artearen, kulturaren, identitate kolektiboaren eta memoriaren munduan zeharka sakontzeaz gain. Hemendik kanpo, eta baita Euskadin ere, historian garrantzitsuak izan diren emakume asko desagerraraziak izan dira patriarkatuaren indarkeria gisa. Zailtasunez betetako memoria-ariketa batean, film honek Iriondoren lana agerian jartzen du falta diren kontakizunak eskuratuz eta emakume erreferenteen ezabaketa sistematiko honen inguruko hausnarketa sustatuz.»
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen
Kargatzen...