2025(e)ko azaroakren 07(a) 13:00

Bizkaiak 81,35 milioi bideratu ditu Ekonomia Sustatzeko Sailera enpresen lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa indartzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2026ko aurrekontuaren % 75 industria- eta zerbitzu-enpresa txiki eta ertain aurreratuei laguntzera zuzenduta dago, bost ardatz finkatzen dituen estrategia baten bidez: talentu zientifiko-teknologikoa, industria eta zerbitzu aurreratuak, ekintzailetza aurreratua, lurralde-kohesioa eta kanpo-sustapena

Ainara Basurkok bere sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 81.358.877 euroko aurrekontua izango du 2026an. Aurrekontu hau industriari eta bere zerbitzu aurreratuei, talentu zientifiko-teknologikoari, ekintzailetza aurreratuari, lurralde-kohesioari eta kanpo-sustapenari bultzada emateko diseinatu da, foru sail honen ekintza gidatzen duten bost ardatz estrategikoekin bat etorriz.

Industria eta zerbitzu aurreratuak: lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustu indartua

ETEek euren lehiakortasun-palankak garatzeko itzuli beharrik gabeko zuzeneko laguntzen programen zuzkidura % 15,7 handitu da, 2026an 22,5 milioi eurora iritsi arte. Palanka horiek berrikuntza, nazioartekotzea, digitalizazioa, deskarbonizazioa, kudeaketa aurreratua, lankidetza eta transferentzia teknologikoa dira. Enpresetako I+G unitateei zuzendutako laguntza-lerro berri bat irekiko da, I+G bultzatzeko eta negozioan aplikatzeko.

Era berean 3,3 milioi eurorekin sendotuko da bikaintasuneko eta garapen teknologikoko zentroen sarea, -CFAA, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa; AIC, Automotive Intelligence Center; EIC, Energy Intelligence Center; Hub Audiovisual Bilbao Bizkaia; Biqain, Bizkaia Quantum Advanced Industries; Global Smart Grids Innovation Hub; BIKE edo NIC, Nagusi Intelligence Center-, Bizkaian estrategikoak diren sektoreetan ezagutza eta I+G+b guneak osatzen dituztenak.

Guztira ardatz estrategiko honek 26,75 milioi euro jasoko ditu. Industria aurreratuko eta zerbitzuetako ETEak dira Ekonomia Sustatzeko Sailaren jarduera-gune nagusia eta, horregatik, guztizko aurrekontuaren % 75 horiei zuzenduta dago, xede horretan gainerako ardatz estrategikoetatik garatutako lana eta proiektuak ere sartu behar baitira.

Bizkaia, talentuaren aldeko konpromisoa

Guztira, 6,93 milioi euro erabiliko dira (2025ean baino % 4 gehiago) Bizkaia with the Talent estrategia hedatzeko, enpresei STEM esparruan (ingelesez zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika adierazteko erabiltzen den akronimoa) talentua garatu, fidelizatu eta erakartzeko helburuetan lagunduz. Hori lurraldeko edozein tamaina eta sektoretako enpresek behin eta berriz agertzen duten kezka nagusietako bat da: talentu zientifiko-teknologikoa aurkitzeko zailtasuna.

Ekintzailetza aurreratua, Bizkaiko enpresa-sare berriaren motorra

11,4 milioi euro bideratuko dira (aurreko ekitaldian baino % 18 gehiago) ekintzailetzarako zerbitzuen eta laguntzaren arloko ibilbide integrala eskaintzeko, ideiatik hasi eta enpresak finkatu arte. Ildo horretan, ekintzaileei eta startupei zuzendutako laguntza-programak % 29,35 igo dira.

Nabarmentzekoak dira 3,9 milioi euro bideratu direla BAT, B Accelerator Tower, Bizkaiko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentrora (bigarren fasea finkatu eta hirugarrena prestatzen ari da), eta 5,5 milioi euro (+% 92) startup eta ETE-entzako finantzaketa-sistema erakargarria indartzeko, horiei 8 milioi euroko zuzkidura gehigarria gehituta Seed Capital Bizkaiarentzat.

Era berean, aurrekontuko partida honek 660.000 euro aurreikusten ditu ekintzailetzaren kultura bultzatzeko, arreta berezia emakumeak zientzian, teknologian eta industrian duen zereginari jarriz. Guztira, 37,48 milioi euro inbertituko dira ekintzailetza aurreratua sustatzeko.

Bizkaia orekatua eta kohesionatua

Bizkaia Orekan Sakonduz, eskualdeen  oreka ekonomikoaren estrategia eta tokiko eta eskualdeko garapen agentziekin elkarlanean egindako proiektuak bultzatzeko 4 milioi euro pasatxo inbertituko dira, 2025ean baino % 8 gehiago. Zenbateko honen barruan sartzen dira Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programa, industrialdeen modernizazioa eta eskualdeko proiektu estrategikoak, bai eta Lurralde Lehiakortasunaren Behatokia eta Enkarterrin, Ezkerraldea-Meatzaldean, Busturialdea-Urdaibain, Aiaraldean eta Debabarrenan lehentasunez jarduteko eremuen plan estrategikoak ere.

Modernizaziora eta profesionalizaziora, kontsumo-ohitura berrietara eta mundu digitalera egokitzera eta saltoki txikien profesionaltasunari, proaktibitateari eta hurbiltasunari balioa ematera bideratutako partidak ere % 8ko igoera izan du 2025aren aldean, eta datorren urterako 546.000 eurokoa da.

Beste alde batetik, Bizkaiko artisauei 375.000 euroko laguntza eman zaie sektorearen erronka nagusiei erantzungo dieten jarduera espezifikoetarako.

Guztira 4,93 milioi euro bideratuko dira Bizkaia orekatu eta kohesionatua lortzeko ardatz estrategikora.

Bizkaia irekia eta erakargarria

3,1 milioi euro inbertituko dira Bizkaiaren nazioarteko proiekzioa eta lurralde lehiakor eta bizi-kalitate handiko posizionamendua indartzeko

Aurreikusitako jarduketen artean 1,5 milioi bideratuko dira lurraldearen kanpo-sustatzeko jarduerak garatzeko eta lurraldean lurraldearen balioa nabarmentzeko jarduketak garatzeko,, 1,2 milioi nazioarteko inpaktuko ekitaldiak antolatzeko eta 366.000 euro inbertsio estrategikoak erakartzeko.  Guztira 3,107 milioi euro lurraldea leku ireki, ezagun eta nazioartean lehiakor, kohesionatu, jasangarri eta ongizate- eta bizi-kalitate maila handiko leku gisa posizionatzeko. Balio erantsi handiko inbertsioak, startupak eta talentua fidelizatzeko eta erakartzeko erreferentzia.

Bizkaiko ongizaterako eta lehiakortasunerako aurrekontuak

Oro har, Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2026rako aurrekontuak Bizkaiko ongizatearen eta lehiakortasunaren zerbitzura dagoen politika ekonomikoa sendotzen du, talentua, berrikuntza eta lurralde kohesioa bultzatuz, Bizkaia ekintzailea, aurreratua eta mundura irekia eraikitzen jarraitzeko ardatz giltzarri gisa, 81,35 milioi eurorekin.

Sailaren Zerbitzu Orokorrak sartzen dira kopuru horretan, horiek arduratzen baitira administrazio-izapideak herritarrengana hurbiltzeaz. Organo laguntzaile eta koordinatzailea da, eta bere baitan hartzen ditu kontrol juridiko eta ekonomikoa, langileen kudeaketa eta kontratazioa, eta aplikazio informatikoen erabilera Foru Plan Informatikoaren bidezko tramitazio arrunterako. Zerbitzu horien aurrekontu-partida 2,13 milioi eurokoa da.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2026rako onartutako Aurrekontu Orokorrak 2.249,2 milioi eurokoak dira.