Berriak
2025(e)ko uztailaren 20(a) 11:00
Berriztatzearen azken faseari ekin dio Ortube arrantza-ontziak, Bizkaiko lehen museo nabigagarria izateko
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak eta Itsasmuseumek hitzarmen berri bat sinatu dute Euskadin bizirik dirauten tamaina handiko zurezko azken hiru ontzietako bat berreskuratzeko lanak amaitzeko, hura museo nabigagarri bihurtzeko helburuarekin.
Ortube
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, Juan Andrés Diez de Ulzurrun Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko presidenteak, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak eta Asier Madarieta BizkaiKOAko zuzendari kudeatzaileak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Ortube arrantza-ontzia berreskuratu eta zabaltzeko zaharberritze-proiektua amaitutzat emateko.
Ortube Bermeoko Udalaren jabetzakoa da, eta Euskadin oraindik ere nabigatzeko moduan dauden tamaina handiko zurezko azken hiru ontzietako bat da. Ontzia, beren ezaugarriengatik, XX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide da, bai eta egungo Bermeo arrantza-iraganarekin ainguratzeko elementua.
Bizkaiko Foru Aldundiak, 2018az geroztik, itsasontzian egin diren zaharberritze-lan batzuk finantzatzen laguntzen du, eta hitzarmen honen bidez laguntzen jarraitzen du, Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharberritze-proiektuaren azken fasea abian jartzeko, 2026aren amaieran Bizkaiko lehen museo nabigagarria izan dadin.
Hitzarmen horren bidez, Foru Erakundeak 100.000 euroko inbertsioa egin du, Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko lanen zati bat finantzatzeko, itsas-ondarea kontserbatzen laguntze aldera.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak arrantza-ontziak bai Bermeoko udalerrirako bai Bizkaiko Lurralde Historikorako
duen balio historiko-kulturala azpimarratu du. Azaldu duenez, Euskadiko lehen museo nabigagarria errealitate izatea nahi dugu, belaunaldi berriei eta bisitatzen gaituztenei gure itsas ondarearen eta ondare ekonomikoaren aberastasuna eta gure sustraiak transmititu ahal izatea
, eta gaineratu du hori ezinezkoa izango zatekeela erakundeen arteko lankidetzarik gabe eta Ortube Ontziaren Lagun Elkartearen lanik gabe
.
Bermeoko Udalak Ortuberen berriztatze eta zabalkuntzarako proiektuaren administrazio- eta aurrekontu-kudeaketarekin jarraituko du. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak azaldu duenez, 2016an Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak birgaitze-lanak hasi zituenetik, Bermeoko Udalak aktiboki babestu du ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Itsasmuseumekin eta hainbat enpresa pribaturekin batera
. Gogorarazi du helburu komuna dela Ortubek berriz nabigatu ahal izatea, eta udalerrirako kultura-, hezkuntza- eta turismo-baliabide bihurtzea: Ortube gure arrantza-historiaren ikur bizia da eta tokiko gazteentzako hezkuntza-motorra. Erakundeen, boluntarioen eta prestakuntza-zentroen inplikazioarekin, itsasontzia berreskuratzeaz gain, gure nortasuna eta etorkizuna berresten ari gara. Laster berriz ere nabigatuko du, eta elementu aktiboa izango da Bermeoko kultura-, turismo- eta prestakuntza-garapenean
.
Apustu horrekin, Bermeok bere itsas ondarea babesteaz gain, ikaskuntzako, turismo jasangarriko eta oroimen kolektiboko tresna bizi bihurtzen du. Ortubek berriro nabigatuko du, bai, baina esanahi eta horizonte partekatu berriekin kargatuta.
Hitzarmena sinatu ondoren, Itsasmuseumek, zaharberritze-lanen zuzendaritza teknikoarekin jarraituko du, Ortube Elkartearekin lankidetzan. Bestalde, BizkaiKOA foru erakundea arduratuko da Arrantzaleen Museotik ontzia bisitatzeko eta zabaltzeko programaz.
Ortube
Madalena egunaren bezperan, Bermeoko alkateak gogorarazi du Ortube ez zela soilik Bermeoko atun-flotaren erreferente bat, baizik eta funtsezko pieza bat ere izan zela udalerriko festa enblematikoenetako bat ospatzeko: Madalena eguna.
Azken urteetan, Ortube Izaro, Elantxobe eta Mundakara joateko erabiltzen zen soilik, Madalena egunean. Lotura historiko horrek bere ondare- eta emozio-balioa indartzen du. Horregatik, gaur egun, Ortube berriztatzeak, itsasontzi bat berreskuratzeaz gain, oroimen bizi bat ere berreskuratzen du, Bermeoko tradizioen eta imajinario kolektiboaren bihotzean kokatzen dena berriz ere
.
Ortube gure herrialdean eraiki den eta oraindik kontserbatzen den zurezko azken arrantza-ontzi handietako bat da. Bermeoko Muruaga ontzioletan egin zen, eta 1978an bota zuten. Balio bereziko elementua da azken mendeetako gure arrantzaren, gure jendearen eta gure herriaren historia ezagutzeko.
1999ko azaroaren 27an, jabeek baja emateko konpromisoa sinatu zuten, eta 2003ko irailaren 5ean, berriz, Bermeoko Udalak eskuratu zuen, ontziak ontzigintzaren eta kostaldeko arrantza- eta bizitza-moduen ikur gisa zuen garrantziagatik.
2016az geroztik, ontzia ontzitegi-orga batean dago, eta Ortube Elkarteko boluntarioak errekuperazio-lanak egiten ari dira bertan. 2016ko uztailean, berehalako hondoratze-arriskua ikusita, Udalak ontzia lehorrean jarri zuen, eta geroago Ortube Elkartea sortuko zuen lagun talde batek ontzia berreskuratzeko erronka hartu zuen bere gain.
"Ortube Ontziaren Lagun Elkartea" irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2019an eratua, hainbat arlotatik datozen baina antzeko kezkak dituzten hamabosten bat lagunez osatua. Euskal itsas ondarea kontserbatzearen alde lan egitea da horien interes komuna, gaur egun "Ortube" arrantza-ontzia berreskuratzeko proiektuan zentratua. Lana borondatez egiten dute, eta bakoitzak bere ezagutzak ematen ditu berriztapenari aplika dakizkiokeen eremuetan edo laguntza- eta lankidetza-zereginetan.
Ortube berriztazeko proiektuan, zaharberritze-lanak egitea erabaki da, arrantza-ontzi gisa jardunean dagoen azken etapako egoerarekin ahalik eta fidelena, ekipoetan, upeltegietan eta bizitokietan aldaketak saihestuz eta egungo araudien arabera nahitaezkoak diren egokitzapenak bakarrik eginez.
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du. Berreskuratze-lanak Bilboko Itsasmuseumek koordinatzen ditu, eta Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak egiten ditu. Arrantza-ontzia berreskuratu ondoren, Arrantzaleen Museoak kudeatutako bisita-programaren parte izango da, eta itsas zabalean txangoak egiteko aukera ere aurreikusten da.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp