Berriak
2025(e)ko ekainaren 23(a) 12:00
Bizkaiak 25 urte daramatza bere kultura-ondarea zabaltzen Ondarearen Europako Jardunaldien bitartez
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Bizkaiko Foru Aldundiak kultura- eta gizarte-eragileak bildu ditu omentzeko ekitaldi batean, eta bertan programa enblematiko honek egindako ibilbidea eta inpaktua nabarmendu dira, Bizkaiko kultura-ondareari balioa eman dakion eta hura zabaldu dadin.
Ondarearen Europako Jardunaldien

Jardunaldiek pertsonak erdigunean ipini dituzte eta demokrazia kulturalaren aldeko apustua egin dute
Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien etengabeko koordinazioaren 25. urteurrena ospatzen du gauden 2025 honetan. Kultura-programa hori euskal kulturaren arloko ondare-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe Landajuela izan da jardunaldien buru Bizkaiko Foru Jauregian, eta harekin batera egon dira hasieratik parte hartu duten elkarte, entitate, udal, kultura-erakundeen ordezkari asko nahiz pertsona pribatuak.
Ekitaldian izan dira, halaber, Aintzane Eguilior, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien Bizkaiko koordinatzailea, eta Daniil Khochabo, Europako Kontseiluko Demokraziarako Kultura eta Ondare Dibisioko burua (Head of Culture and Heritage for Democracy Division of the Council of Europe).
Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, Jardunaldiek pertsonak erdigunean ipini dituzte eta demokrazia kulturalaren aldeko apustua egin dute; demokrazia kulturalean herritarrak ikusle ez ezeze, protagonista ere badira. Herritar horreek inplikatu egiten dira eta parte-hartze aktiboa daukie, eta kultura bizitzaren funtsezko parte gisa ikusten dabe.
Daniil Khochabok azpimarratu duenez, eskualde honek eta bertako biztanleek kultura-berrikuntzarekin, parte-hartze demokratikoarekin eta ingurumen-kontzientziazioarekin duten konpromisoak eredu bihurtzen du lurraldea, ez bakarrik Ondarearen Europako Jardunaldietarako, baizik eta ondareak Europa osoan bultzatutako berroneratzerako ere bai.
Ospakizunean, "25 urte kultura eraikitzen" argitalpena aurkeztu da. Argitalpen horrek jardunaldien bilakaera berrikusten du, protagonistetako batzuen testigantzen eta esperientzien bidez.
Edizio bakoitza pertsona askoren ahalegin kolektiboaren emaitza da; gaur egun, 200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dute, eta, horrela, kultura-ondarea zabaltzeko, balioesteko eta kontserbatzeko konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da.
Ondarearen Europako Jardunaldiek aukera ematen dute Bizkaiko ondarea eta historia sakon ezagutzeko eta bizitzeko. 25 urte hauetan zehar, ondarea balioesteko eta ikusarazteko proiektuak bultzatu dituen kultura-programa gisa finkatu dira, eta gainera, ordura arte ezezagunak ziren ondare-elementuak ezagutzera eman ditu. Batez ere, laguntza eman dute belaunaldi guztiak ondarea bere forma guztietan (materiala zein immateriala) ezagutzearen eta baloratzearen garrantziaz kontzientzia daitezen.
Jardunaldi horien funtsa da hainbat gizarte-sektore inplikatzea beren jardueren antolaketan, eta publikoaren interesa piztea ondare-jakintzarekiko.
Gainera, jardunaldiok ondarea babesteko, ikertzeko, zabaltzeko eta kontserbatzeko ekimenak sortzea sustatu dute, eta kezka komun bat partekatzen duten eragile askoren arteko interakzioa sustatu dute: ondare-balioak zaintzea eta zabaltzea.
Urria heltzearekin batera, urtero, programa horrek lurraldeko ondarearen inguruko 200 kultura-jarduera baino gehiago biltzen ditu, eta publiko guztiei zuzendutako kultura-ekitaldi nagusi bihurtu da. Gure nortasuna ezagutzeko, interpretatzeko, ulertzeko eta zabaltzeko funtsezko gunetzat hartzen da, eta ondarearen ezagutzan eta kontserbazioan arreta jartzen duten zenbait gai nahiz ikuspegi lantzen ditu.
Jardunaldiotan asmatu egin da gizarteari protagonismoa ematen, eta ondaretik hurbilen dauden pertsonen konplizitatea eta inplikazioa bilatzen. Inplikazio horrek mobilizazio eta parte-hartze komunitarioa sustatu du pertsonen, elkarteen eta erakundeen bitartez, benetako ondare-komunitatea eratu dadin. Hala, jardunaldiek sare sozialak sorrarazi dituzte kulturaren bidez, eta horri esker, gizarte-kohesioa eta komunitate barruko zein kanpoko harremanak indartu egin dira, auzotik eta elkartzetik hasita, eskualde eta erakundera arte.
Edizio bakoitzerako gai desberdin bat proposatu izan denez, ondarearen ezagutzan sakondu ahal izan da hainbat ikuspegitatik: tipologiak, testuinguru historikoak, sortzaileen pentsamoldea eta ondarea kontserbatzearen garrantzia. Hautaketa tematiko horrek ondarearen kontzeptuaren beraren eta hura osatzen duten elementuen bilakaera islatu du. Orain ohikoak diren kontzeptuak, hala nola ondare immateriala, paisaia, lurraldea eta ondare-komunitateak, ezezagunak ziren duela 25 urte. Denboran zehar, Europako hitzarmenen gidalerroak txertatu egin dira pixkanaka, ondarearen inguruko alderdi sozialak azpimarratuz, alderdi material hutsak direnen aurre-aurrean.
Ibilbide horren barruan, adibide nabarmena izan zen ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko lehen liburu zuriaren argitalpena ekarri zuen edizioa. Bizkaiko Foru Aldundia buru duen ekimen aitzindaria izan zen, eta Europa mailan aintzatetsia kulturaren eta sormenaren eremuko genero-berdintasunari buruzko txostenetan.
Azken 25 urteotako gaiak:
Urriarekin batera, urtero, ondareari ikuspegi askotatik heltzeko aukera ematen duen gai desberdin bat proposatzen dute, arreta berezia gizarteratzean, iraunkortasunean eta parte-hartze komunitarioan jarrita. Industria Ondarea (2001); Berreskuratutako ondarea (2002); Bizkaiko abadiak, komentuak eta monasterioak (2003); Etxebizitza burgesak Bizkaian (2004); Ibilaldi bat Bizkaiko hiribilduetan zehar (2005); Burdinaren paisaiak (2006); Jaurerriko jagoleak: harresiak, dorreak eta gotorlekuak (2007); Landa-bizitzaren ondarea eta lanbide tradizionalak (2008); Bizkaiko bideetan zehar (2009); Artea eta pentsamendua (2010); Bizkaia Ilustrazioaren garaian (2011); Baikortasunerako garai bat:1475-1525 (2012); Esku-hartzea izandako ondarea, ondare bizia (2013); Etxez etxe (2014); Burdina (2015); Etxetik kanpo: migrazioak eta kultura-ondarea (2016); Paisaia Bizia. Bizkaiko paisaien eraikuntza (2017); Emakumeen emaria. Ondarea, emakumearen herentzia (2018); Ondarea Plazara: Kultura-ondarea eszenatokian (2019); Ondarea eta Hezkuntza (2020); Guztion Ondarea, Denok Parte! Ondare inklusiboa (2021); Ondarea loratuz! Ondare iraunkorra (2022); Ondarea bizirik: ondare bizia (2023); Bide, sare eta konexioetako ondarea (2024); eta edizio honetan gaia ondare arkitektonikoa da (2025).
Ondarea babesteko ahalegin kolektiboa
Ondarearen Europako Jardunaldien edizio hau ehun erakunderen baino gehiagoren lankidetza aktiboari esker egin daiteke; horien artean daude parte hartu duten udalak, museoak, kultura-elkarteak eta ekimen pribatuak. Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako ahalegin kolektibo horrek lankidetza-sare sendoa osatu du, eta Bizkaia erreferentziazko ondare-komunitate gisa finkatu du; Europaren onespena ere jaso du. Sergei Bazaryak, Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren Ondarearen Europako Jardunaldien programa bateratuaren zuzendariak, esan duenez, Bizkaian, Ondarearen Europako Jardunaldiek modu eredugarrian mamitzen dituzte kultura-ondareak gizartearentzat duen balioari buruzko Europako Kontseiluaren esparru-hitzarmenaren funtsezko printzipioak (Faroko Hitzarmena, 2005)
. Barzaryak 25. Urteurrenaren argitalpenean idatzi duenez, Jardunaldi hauetan ondarea indar dinamiko eta inklusibo gisa aurkezten da, giza eskubideak, demokrazia eta komunitate-garapena sustatzeko. Artefaktuak eta aztarnategi historikoak baliabide kultural bizietan birkonfiguratzean, topaketa horiek gizabanakoen eta komunitateen arteko loturak indartzen dituzte. Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien bihotzean, konpromiso sendo baten taupada dabil, tokiko komunitatearen parte-hartzeari lotuta. Topaketa horiek ondarea baliabide bizia eta etengabe eraldatzen ari den baliabide gisa birdefinitzen dute, iraunkortasuna, inklusioa eta ahalduntze komunitarioa sustatuz. Bizkaiko ereduak erakusten du kultura-ondarea gizarte-kohesioaren eta etorkizuneko proiekzioaren motorra izan daitekeela, eta Ondarearen Europako Jardunaldiak erreferentzia inspiratzaile bihurtu dira Europako kultura-ondarea babesteko eta balioesteko.
Ondarearen Europako 2025eko Jardunaldietako gaiak:
Bizkaiko Foru Aldundia, eragile askoren laguntzaz, 2025eko edizio honen programazioa amaitzen ari da. Urrian zehar egingo da, arkitektura historikoa ardatz hartuta, eta ondare arkitektonikoa izango da aurtengo gaia. Irailean zehar emango da 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldien jarduera guztien berri.
Europako programa eta herritarren parte-hartzea
Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren ekimena dira, Europar Batasunarekin lankidetzan. 1991z geroztik, Kontseiluak kultura-ondareari eta herritarren parte-hartzeari ateak irekitzeko gonbita egiten die herrialde kideei. Esparru komun horretan, Bizkaiak Europako proiektuarekin bat egin zuen 2001ean, ondarea kulturen arteko balio partekatu gisa sustatzeko eta ondarea babestearen garrantziaz sentsibilizatzeko, ikuspegi ireki, inklusibo eta parte-hartzailetik.
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...