Berriak
2025(e)ko maiatzaren 29(a) 12:00
Bizkaia hondakinak prebenitzeko ekimen onenaren Europako saria eskuratzeko lehiatuko da Herbehereetan, ‘Bizkaia Repararekin’
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Bizkaiko Foru Aldundia finalista da Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteko sarietan. Sariak ekainaren 12an banatuko dira Leeuwardenen (Herbehereak), eta administrazio publikoaren kategorian sartzen den ekimena Europa osoko 12.700 ekintza baino gehiagoren artean hautatu dute.
Bizkaia Repara kanpaina
Bizkaiko Foru Aldundia finalista izan da Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteko (EWWR) sarietan, ‘Bizkaia Repara’ kanpainari esker: produktuak konpontzea sustatuta, kontsumo-eredu jasangarriagoa sustatzeko diseinatutako proiektua da.
Ekimen hau administrazio publikoaren kategorian lehiatuko da, eta epaimahaiak nabarmendu du dagokion kategoriako hiru ekintza onenetako bat dela. Guztira, 15 ekintza finalista hautatu dira, enpresek, administrazio publikoek, ikastetxeek, elkarteek, GKEek eta Europa osoko herritarrek aurkeztutako 12.700 proposamenen artean.
‘Bizkaia Repara’ ekimenarekin batera, Bizkaiko beste bi proiektu ere izan dira finalista: Duara, elkarteen/GKEen kategorian, eta Garazi Sánchez, herritarren kategorian. Garazi surflari profesionala da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren irudia; kirolaren arlotik ingurumenari buruz sentsibilizatzeko egin duen lana aitortu zaio.
Sariak ekainaren 12an banatuko dira Leeuwardenen (Herbehereak), Circular Summit Fryslân 2025 goi-bileraren esparruan. Europako Batzordeak sustatutako ekimen bat da, eta xedetzat du 2024ko azaroan ospatutako Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean garatutako jardunbide jasangarri onenak nabarmentzea.
‘Bizkaia Repara’
‘Bizkaia Repara’ Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpaina bat da; 50.000 euroko inbertsioa egin du eta helburua da ekonomia zirkularra sustatzea, eta, horretarako, egunero erabili ohi diren objektuak eta produktuak konpontzea. Lehenengo edizioan, foru-erakundeak 10 euroko 5.000 bonu banatu zituen, ekimenari atxikitako tokiko 100 establezimendu inguruk eskainitako konponketa-zerbitzuetan erabiltzeko.
Bonu horiek ez zieten kosturik sortu erabiltzaileei, eta zuzenean eskatu ahal ziren parte hartzen zuten saltokietan, 20 eurotik edo hortik goragoko konponketak eginez gero Bizkaian bizi diren 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak 10 euroko bost bonu jaso ahal zituen gehienez.
Ekimenari esker, era askotako produktuak konpondu ahal izan dira, hala nola arropa, oinetakoak, etxetresna elektrikoak, tresna elektronikoak, erlojuak, altzariak eta norberak erabiltzeko eta etxean erabiltzeko gaiak. Alternatiba ekonomikoa eta ekologikoa eskaini du neurrigabeko kontsumoaren aurrean. Hala, ‘Bizkaia Repara’ ekimenak mesede egin die bai herritarrei bai tokiko merkataritzari, eta berrerabilpena, murrizketa eta konponketa sustatu ditu jasangarritasunaren funtsezko balio gisa.
Herritarrek harrera ona egin ziotenez (bonuen % 93 saldu ziren), Bizkaiko Foru Aldundia dagoeneko lanean ari da programaren bigarren edizioa prestatzeko, eta, bide batez, ekonomia zirkularrarekin eta hondakinen prebentzioarekin duen konpromisoa berresteko.
Izendapen horrekin, Bizkaiak beste urrats bat eman du ingurunearekin arduratsuagoa den gizarte baten alde, eta Europako erreferente gisa kokatu da xahutzearen aurkako borrokan eta kontsumo kontzienteago eta jasangarriagoaren sustapenean.