Berriak
2025(e)ko apirilaren 02(a) 12:15
Bizkaiko Foru Aldundiak «Horia da / Ez da horia» kanpaina abiarazi du, ontzi arinen birziklatzea bultzatzeko
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Garbiker sozietate publikoak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren barruan, ontzi arinak hobeto bereizi behar direla eta, kontzientzia zabaldu nahi du herritarren artean. Joan den ekitaldian, Bizkaiko ontzi arinen bilketak historiako maila gorenak lortu zituen. Gaur hasiko da kanpaina. Azoka ibiltari bat Bizkaiko 12 udalerritan ibiliko da, eta tailerrak eta antzerkia izango dira abuztuaren 30era arte. Horrekin batera, «Hondakin Go!» gailu mugikorretarako jokoa ere egingo da.
«Horia da / Ez da horia» kanpaina ontzi arinen birziklatzea bultzatzeko
Funtsezkoa da ondo birziklatzea. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikitako Garbiker sozietate publikoaren bidez, «Horia da/Ez da horia» kontzientziazio-kanpaina bultzatuko du, ontzi arinak hobeto bildu ditzagun eta gero eta akats gutxiago egin ditzagun ontziok bereizten.
Ontzi arinak biltzeko orduan ikusi den arazo nagusietako bat da argi ez izatea zer hondakin bota behar diren edukiontzi horira. Askotan, oker ibiltzen gara eta edukiontzi hori eta plastikozko edozein objektu lotzen ditugu; ondorioz, hondakin-banaketa okerren tasa handia sortzen dugu, eta birziklatze-prozesua zaildu. Halaber, beste material batzuetako ontzi arin batzuk ere, hala nola latak eta brikak, behar ez den edukiontzian sartzen ditugu, eta horrek eragina dauka hondakinak tratatzeko sistemaren eraginkortasunean.
Arazo horri aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak «Horia da/Ez da horia» kanpaina abiarazi du. Gaur hasi da kanpaina hori, Bilbon, Foru Jauregiaren aurreko ekitaldi batean, eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu Arantza Atutxa izan dira bertan. Biek azpimarratu nahi izan dute edukiontzi horia ontzi arinetarako baino ez dela, materiala edozein dela ere, eta kanpaina honen helburua jatorrian bereizketa hobetzea dela, birziklatzearen kalitatea hobetzeko.
Era berean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du birziklatzea garrantzitsua dela eta lurraldea hondakinen bilketaren eta sailkapenaren buruan dagoela. Era berean, nabarmendu du, emandako aurrerapausoak gorabehera, oraindik ere badagoela zer hobetu frakzio horretan, bai gaikako bilketan, bai ondorengo sailkapenean. Bestalde, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu Arantza Atutxak, kanpainaren alderdi berriak zehazteaz batera, haietariko bakoitzak Bizkaiko hondakinen kudeaketari ekarriko dion hobekuntza ere azaldu du.
2024an, Bizkaian, historiako maila gorena lortu zen ontzi arinen bilketan; izan ere, 22.179 tonako guztirako bolumena hartu zen, hau da, % 4,01eko igoera izan zuen aurreko urtearen aldean. Hala ere, edukiontzi horian gaizki sartu direnen ehunekoa esanguratsua da oraindik, nahiz eta Estatuko ehunekorik txikienetako bat den, % 21 ingurukoa da eta.
Herritarrak kontzientziatzeaz gain, Bizkaiko Zabor Birziklategia (BZB) ireki berri da, eta hondakinak tratatzeko planta horrek ehuneko hori murrizten lagunduko du. Instalazio horrek material gehiago berreskuratzea eta lurraldean birziklatzea eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du.
Azoka ibiltaria eta ontziak harrapatzeko jokoa
Ekimen horretan garatutako ekintzen artean, azoka ibiltari bat dago. Bizkaiko 12 udalerritara eramango da, eta herritarrak sentsibilizatzeko jarduera interaktiboak izango ditu, 10:00etatik 15:00etara. Espazio horietan, erakustaldirako bi edukiontzi jarriko dira, bata horia eta bestea urdina, modu praktikoan azaltzeko edukiontzi horian hondakinetako zein sartu behar den eta zein ez. Era berean, familia-tailerrak ere egingo dira, eta parte-hartzaileek jolasen bidez ikasiko dute ontzi arinen gainean. Azoka ibiltaria gaur hasiko da Bilbon, eta Barakaldo, Zalla, Mungia, Basauri, Santurtzi, Durango, Erandio, Bermeo, Plentzia, Markina-Xemein eta Sopelako udalerrietan barrena ibiliko da, abuztuaren 30era arte. Ibilbide horretan, kaleko antzerki-ikuskizunak egingo dira; aktoreak jende artean eta jendearekin harremanetan arituko dira, sentsibilizazio-mezuak indartzeko. Halaber, kanpaina, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak aurreratu duenez, kirol-ekitaldi handietan izango da, jende asko biltzen dela aprobetxatzeko, eta, horrela, birziklatze-mezua helarazteko eta hondakinen bereizketa hobea sustatzeko.
Hondakin Go! gailu mugikorretarako jokoa ere aurkeztu da, Garbikerrek garatua. Joko horrek erabiltzaileei aukera ematen die jolasaren bidez hondakinak behar bezala sailkatzen ikasteko. Hondakin Go! jokoa deskargatu ondoren, jolasten ibiltzen diren guztiek parte hartuko dute automatikoki lehiaketa batean: objektuak ondo harrapatzen eta birziklatzen - ahalik eta puntu gehien lortzen saiatzen -. Lehiaketa apirilaren 2tik abuztuaren 31ra bitartean egingo da, eta sailkatzen diren lehenengo hogei pertsonek 50 euroko opari-txartel bat jasoko dute, Bizkaiko KOOPERA STORE sarean erosketak egiteko; horretaz gain, lehenengo hiru sailkatuek beste opari-txartel bat jasoko dute, 600 eurokoa, 400 eurokoa eta 200 eurokoa, hurrenez hurren; azkenik, laugarren postutik hamargarrenera bitartekoek 100 euro jasoko dute kirol-materialetarako dendetan erabiltzeko.
Bizkairezikla
Birziklatzeko orduan sarrien agertzen den arazoetako bat da jakitea zein edukiontzitan utzi behar den hondakin mota bakoitza. Arazo hori Bizkairezikla tresna digitala erabiliz konpondu ahal da. Tresna hori Garbiker foru-sozietate publikoaren web-orrian dago, eta, bertan kontsultatu ahal da katalogoko (6.000 hondakin baino gehiagokoa) hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den. Hondakin horiek 19 kategoriatan sailkatuta daude: elikadura; haurtxoak; brikolajea; elektronika eta etxetresna elektrikoak; ontziak; higienea; argiteria; informatika eta telefonia; jolasak, jostailuak eta kirolak; eskolako eta bulegoko materiala; botikak; etxeko gauzak; altzariak; ibilgailuak; etxeko obrak; pilak eta bateriak; ehunak eta osagarriak; garbiketa, eta beste batzuk.
Kanpaina horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu nahi du hondakinak kudeatzeko sistema hobetu eta herritarrak sentsibilizatzeko konpromisoa, birziklatze-prozesua optimizatzeko eta gizartean ohitura jasangarriagoak sustatzeko.
Azoka ibiltariaren datak
- Bilbo: apirilaren 2an
- Barakaldo: apirilaren 12an
- Bilbo (Itsasmuseum): apirilaren 26an
- Zalla: maiatzaren 10ean
- Mungia: maiatzaren 24an
- Basauri: ekainaren 7an
- Santurtzi ekainaren 21ean
- Durango: uztailaren 5ean
- Erandio: uztailaren 19an
- Bermeo: abuztuaren 2an
- Plentzia abuztuaren 16an
- Markina-Xemein: abuztuaren 23an
- Sopela: abuztuaren 30ean
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...