2025(e)ko martxoaren 11(a) 11:17

Apirilaren 10ean hasiko da, Bizkaian, errentaren aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo modu digitalean aurkezteko epea

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Herritarrek hiru aukeretako edozein erabili ahal izango dute aitorpena aurkezteko izapide guztiak egiteko, hau da, bulegoak, telefonoa edo kanal digitala. Aldundia apirilaren 10ean hasiko da bidaltzen errentaren kanpainako gutunak, eta, egun horretatik aurrera, zergadun guztien errenta-aitorpenen zirriborroak eskuragarri egongo dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.

Itxaso Berrojalbiz, Ogasuneko eta Finantzen diputatua

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) 2024ko ekitaldiko aitorpena aurkezteko kanpaina apirilaren 10etik ekainaren 30era bitartean egingo da. Bi hilabete eta erdiko aldi horretan, zergadunek laguntza-zerbitzu zabal batera jo ahal izango dute, bai aitorpena aurkezteko, bai zalantza guztiak argitzeko, hiru kanal hauen bitartez: aurrez aurrekoa, telefonikoa eta digitala. Gainera, Foru Ogasunak bildutako datuekin egindako aitorpen-zirriborroa edukiko dute. Orduan, aitorpena aurkezteko, zirriborro hori aztertu eta, behar izanez gero, osatu besterik ez dute egin beharko.

Halaber, herritar bakoitzak bere aitorpen-zirriborroa aztertu eta osatu ahal izango du aipatutako hiru kanaletako bat erabiliz, non errentaren inguruko izapide guztiak egin ahal izango baitira.

Errentaren zirriborroak apirilaren 10etik aurrera

2024ko ekitaldiko datu ekonomikoak dauzkaten pertsona guztiek Ogasunaren jakinarazpena jasoko dute apirilean. Jakinarazpen horretan Foru Ogasunak argituko die aitorpena aurkeztu behar duten ala ez, zein duten tributazio-aukerarik onena (banaka edo batera) eta zein den zirriborroaren behin-behineko emaitza. Datu ekonomiko guztiak eduki ezean, zergadunek osatu egin beharko dute Ogasunak egin dien zirriborroa. Zirriborroan adieraziko da aitorpenak dirua itzuli beharra dakarren ala sartu beharra, baina emaitza ez da zehaztuko.

Jakinarazpenarekin batera, Bak gakoa aktibatzeko kode bat emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori ez daukatenei, eta ordezkaritza-gakoa ere banatuko da, norbaitek errenta-kanpainako izapideak beste pertsona batek bere izenean egitea nahiko balu ere.  Jakinarazpenak apirilaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dira egoitza elektronikoaren sarrera-ontzian. Gainera, postaz ere bidaliko dira. Posta-bidalketak egun horretan bertan hasiko dira, eta asmoa da banaketa-prozesua hurrengo astearen lehenengo egunetan amaitzea.

Laguntza eta aurkezpena: digitala, telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa

Kanal digitala:

Izapideak modu digitalean egin nahi dituzten zergadunek www.bizkaia.eus/errenta web-orria eta gailu mugikorretarako Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabil ditzakete. Batera zein bestera, identifikazio elektronikoko sistema baliodun baten bidez identifikatu beharko dute beren burua. Horrelakorik eduki ezean, zergadun bakoitzak bere Bak gakoa sortu ahal izango du errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz. Bai web-orrian, bai aplikazioan, apirilaren 10etik aurrera zergadunek aukera izango dute beren zirriborroa eskuratzeko, berrikusi eta, gero, aitorpena aurkeztu ahal izateko.

Telefono bidezko arreta:

Errentaren telefonoan (94 608 30 00), 8:30etik 19:00etara (lanegunetan), laguntza eskainiko zaie zergadunei zirriborroa berrikusi eta osatzeko eta aitorpena aurkezteko, bai eta aitorpenaren inguruan sortzen zaizkien zalantza guztiak argitzeko ere. Ordutegi horretatik kanpo, izapide errazak ere egin ahal izango dira, nahitaez arreta pertsonalizatua behar ez dutenak. Sistema automatiko batek egingo ditu halakoak.

Kontuan eduki behar da zergadunek beren nortasuna egiaztatu beharko dutela beren datu pertsonalak edo ekonomikoak telefonoz eskuratzeko. Horretarako, identifikazio-prozeduran beren Bak gakoa edo errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabili beharko dute.

Aurrez aurreko arreta:

Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren bulegoetan eta Aldundiaren Gertu bulegoetan emango da. 12 bulego horiek Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude. Aurrez aurreko arreta lanegunetan emango da, goizeko 8:30etik arratsaldeko 19:00etara.

Nabarmentzekoa da aurretiazko hitzordua «www.bizkaia.eus/errenta» web-orrian eskatu behar dela, edo Errenta 24ko aurretiazko hitzorduaren telefonoan (94 406 66 00), non Ogasuneko langileek eskatzaileei jakinaraziko baitiete zer dokumentazio aurkeztu behar duten foru-bulegoetara doazenean beren aurkezpena osatzeko. Aurretiazko hitzordua eskatzeko aldia apirilaren 8an hasiko da.

Kontuan eduki behar da aurrez aurreko arreta pertsona guztiei emango zaiela, oro har. Nolanahi ere, badaude salbuespenak: PFEZaren araudian jasota dauden eragiketa jakin batzuen bidez etekinak lortu direla-eta konplexuak diren aitorpenak ezin dira aurrez aurre aurkeztu.

Itzulketak eta sarrerak egiteko epealdiak

Aitorpena aurkeztu ondoren, emaitza dirua itzuli beharra bada, zergadunak zazpi egun igaro aurretik jasoko du diru-sarrera bere banku-kontuan (baldin eta ez badago desadostasunik aurkeztu dituen datuen eta Ogasunak dauzkan datuen artean).

Aurreko urteetan bezala, araudian jasotako kasuetan izan ezik, zergadunek, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta egon zein ez, uztailaren lehenengo egunetan jasoko dute diru-sarrera automatikoki, baldin eta zirriborroa osorik badute, emaitza dirua itzuli beharra bada eta zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egin ez badute.

Hala ere, emaitza dirua itzuli beharra izan arren, aurten, berritasun gisa, honako kasu hauetan espresuki aurkeztu beharko da aitorpena:

  1. a) 2023ko zergaldiko aitorpena espresuki aurkeztu bada.
  2. b) Itzulketaren zenbatekoa 300 eurotik gorakoa bada, salbu eta zergadunak, edo zergadunetako batek baterako aitorpenaren kasuan, 65 urte edo gehiago baditu zergaren sortzapen-datan.

Nolanahi ere, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egin ez eta itzulketa lortu ez arren, gogorarazi behar da zergadunak beti eska dezakeela itzulketa 4 urteko preskripzio-epearen barruan.

Aurkeztutako aitorpenaren emaitza dirua sartu beharra bada (hau da, Ogasunari ordaindu beharra), kopurua zergadunaren banku-kontuan zordunduko da kanpaina amaitu ondoren, aitorpena noiz aurkeztu den kontuan izan gabe.

Kanpainako berritasunak

1) Aitorpena aurkeztu eta berehala errentaren ordainketa geroratu dadila eskatzeko aukera.

Aitorpena aurkezten den unetik bertatik aurkeztu ahal izango da ordainketa geroratzeko eskaera.

2) Ordezko aitorpena aurkezteko epea 24 ordu luzatzea:

Zergadunek, aurretik aurkeztu duten aitorpen bat ordeztu nahi badute, "ordezko" deritzon beste aitorpen bat aurkeztuz ordeztu ahal izango dute, betiere lehenengo aitorpena aurkeztu eta hurrengo eguneko gaueko 12:00ak baino lehen aurkezten badute. Kasu horretan, itzulketa, halakorik baldin badagokie, oro har ezarritako 7 eguneko gehieneko epearen barruan jasoko dute.

Aurretik aitorpenarekin batera geroratzeko eskaera aurkeztu bada eta, ondoren, aurrekoaren «ordezko» aitorpen bat aurkezten bada, berriro ere eskatu beharko da geroratzea «ordezko» aitorpen horretarako, ez baitu balio izango lehenengo aitorpenerako eskatutakoak.

3) Tributatzeko hautaturiko modua aldatzeko aukera:

Tributatzeko hautaturiko modua aldatu ahal izango da (banakakotik baterakora eta alderantziz), «ordezko» aitorpena aurkeztuz. Baterako tributaziotik banakakora aldatuz gero, baliogabetu egingo da aurretik aurkeztutako baterako aitorpena, eta bi zergadunek berriro ere aurkeztu beharko dituzte banakako aitorpenak. Kasu horretan, banakako aitorpen horietako bakoitza aurkezteko, beste ezkontidearen ordezkaritza-gakoa eman beharko da. Ondorio horietarako, aurkeztutako azken aitorpena izango da Ogasunarentzat balioko duena.

4) Beste bi eremu sartu dira «Sarrerak higiezinak eta antzekoak alokatzeagatik - Sarrerak errentariari ohiko etxebizitza alokatzeagatik» atalean.

Higiezina Bizkaian badago, goitibeherako zerrenda bat zabaldu, eta alokatutako higiezina aukeratuko da; gero, zenbatekoaz gain, adieraziko da urtean zenbat egun egon den higiezina alokatuta.

Higiezina Bizkaian ez badago, katastroko erreferentzia eskatuko da, bai eta urtean alokatuta egon den egun kopurua ere.

Datu berri horiei esker, tentsiopeko eremuetako alokairuen erreferentzia-balioak ezartzeko behar den informazioa lortu ahal izango da.

5) Deklarazioaren zirriborroan, hautu hau egiteko aukera: hurrengo kanpainak hasi aurreko gutuna paperean ez jasotzea.

Aukera hori hautatuz gero, ez dira paperean jasoko hurrengo errenta-kanpainen hasierari buruzko jakinarazpenak. Aukera horrek jakinarazpen horri bakarrik eragiten dio, ez errenta-aitorpena aurkeztearen ondorioz egiten diren gainerakoei.

Errenta-aitorpena aurkeztu beharra

Ogasunak gutun bidez edo jakinarazpen elektroniko bidez adieraziko dio zergadun bakoitzari PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duen ala ez.  Oro har, lanaren bidez lortutako etekin gordinak 14.000 eurotik gorakoak eduki ez dituzten zergadunek ez dute aurkeztu behar aitorpena. Halaber, urteko lanaren etekin gordinak 14.000,01-20.000 euro artekoak eduki dituzten zergadunek ere ez dute aurkeztu behar, honako kasu hauetan izan ezik:

  • Ordaintzaile bat baino gehiago eduki bada eta bigarren ordaintzailearen eta gainerakoen kopuruen batura 2.000 eurotik gorakoa bada urtean.
  • Aitorpeneko urtean lan-kontratu bat baino gehiago eduki bada.
  • Konpentsazio-pentsiorik edo mantenurako urte-saririk jaso badu.
  • Zergaduna PFEZaren araudian ezartzen diren beste kasuetakoren batean badago.

Halaber, kapitalaren etekin gordinen eta ondare-irabazien batura urtean 1.600 eurotik beherakoa duten zergadunek ere ez dute aurkeztu beharko aitorpena.

Ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zerga

Apirilaren 10etik ekainaren 30era arte ondarearen gaineko zergaren aitorpena ere aurkeztu ahal izango da, bai eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergarena ere.

Aurtengo aitorpena egiteko, web-aplikazio bat ezarri da; haren bidez, aitorpenaren zirriborroa ez ezik, likidazioaren simulazioa ere eskuratu daiteke. Aplikazio berri hori erabilerraza eta sarbide errazekoa izango da erabiltzailearentzat, ez baita aldez aurretik ezer instalatu behar eta Interneterako konexioa duen edozein ordenagailutatik exekuta baitaiteke web-nabigatzailearen bidez, zergadunaren datu fiskalak automatikoki sartuz. Teknologia berbera erabiltzeak errentaren gaineko zergaren eta fortuna handien gaineko zergaren arteko beharrezko koordinazioa ahalbidetuko du.


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...